Tolosako Udalak irailaren 1ean jarri zuen martxan Hiribusaren ordutegi eta ibilbide berria, zerbitzua hobetu eta biztanle gehiagorengana iristeko helburuarekin. Aldaketa guztiak, baina, ez dira beti ongi etorriak izaten. Eta aurreikusi zitekeen bezala, Hiribusarenak herritar batzuen kexa eragin du. Hala ere, oro har, erabiltzaileak gustura daude.
Udalak autobuseko gidarien gomendioak eta erabiltzaileen eskaerak aztertu zituen ibilbide berria diseinatzeko. Horietako bat da Iban Hernandez. Ataria-ri adierazi dionez, erabiltzaile gehienak «ados» daude ordutegi berriarekin. «Baina, badakizu, beti egongo da norbait konforme ez dagoena», gaineratu du. «Guretzat hobea da. Lehen, 25-30 minutuko itzuliak egiten genituen, eta orain, 35 minutukoak izaten dira, eta hobeto ari gara lanean», azaldu du gidariak.
Ordutegiari dagokionez, lehen asteotan, bidaiarien aldetik kexaren bat edo beste entzun duela aitortu du Hernandezek, «lehen beste errutina bat zutelako, eta hori aldatu behar izan dutelako». Maite Ansa tolosarrak, ez du kexarik ordutegi berriarekin. «Ia egunero hartzen dut alde batetik bestera mugitzeko, eta ez dut arazorik izaten; beti dabil garaiz».
Herrian itzuli handiagoa
Ibilbide berria diseinatzeak norabide aldaketa ekarri du. Orain, auzo batzuetan, beste leku batean egiten du geldialdia, baina, oro har, ez du ondorio handirik eragin. «Nire ustez, oraingo ibilbidea egokiagoa da, lehen heltzen ez zen beste gune batzuetara heltzen delako, eta herritar gehiagorentzat irisgarriagoa delako», esan du Cati Diaz erabiltzaileak. «Ibilbidea luzeagoa denez, maiztasuna ere aldatu da. Hala ere, puntualtasun handiarekin dabil», gehitu du.
«Ia egunero hartzen dut, eta ez dut arazorik izaten; beti dabil garaiz»
Maite Ansa
Bidaiaria
Aldaketarekin ia konforme dagoen beste erabiltzaile bat Juani Regillaga da. «Izaskun auzoan bizi naiz, eta ia itzuli osoa eman behar diot herriari. Bestelakoan, ados nago egindako aldaketekin». Nahiz eta askotan ez erabili, tarte laburreko bidaiak egiteko erabiltzen du Hiribusa. Ordutegi berriari dagokionez, «moldatu besterik ez dugu», nabarmendu du.
«Oraingo ibilbidea egokiagoa da; beste gune batzuetara heltzen delako»
Cati Diaz
Bidaiaria
Biztanle gehiagorengana iristea «ezinbestekoa» dela iritzi du Ansak, eta aitortu duenez, nabari du tolosar gehiagok erabiltzen dutela Hiribusa. «Besteak beste, Larramendi auzoko bizilagunek».
Iurreamendi egoitza, faltan
Aldaketa nabarmen handirik izan ez badu ere, dagoeneko zenbait erabiltzaile kexatu dira, besteak beste, Iurreamendi egoitzako geltokia kendu dutelako, eta horren ordez, egoitzak Kondeaneko Aldapa inguruan duen sarrerako eraikinaren parean jarri dutelako. «Herriko txoko gehiagotara heltzen gara orain. Dena den, Iurreamendira ez gara igotzen, eta horren falta sumatzen dute zenbait bidaiarik», esan du Hernandezek.
Udalak aurreratu duenez, egoiliarren joan-etorria erraztuko lukeen beste aukera bat aztertzen ari da. Gaur, esaterako, biltzekoak dira egoitzako egoiliarren senideak eta udaleko ordezkariak, afera horri irtenbide bat topatu ahal izateko.
«Iurreamendira ez igotzearen falta sumatzen dute zenbait bidaiarik»
Iban Hernandez
Gidaria
Aldaketak ebaluatzen
Oraingoz, aldaketak behin-behinekoak izango dira. Izan ere, horien eragina ebaluatu nahi du udalak datozen hilabeteetan, zerbitzuak bestelako aldaketarik behar ote duen edo ez ikusteko. «Oraindik goiz da erabiltzaile kopuruan aldaketak nabaritzeko. Lehen, herritar askok erabiltzen zuen Hiribusa, eta lehen aste hauetan ere, ordutegi berriarekin, asko dira gure zerbitzua erabiltzen dutenak», esan du Hernandezek.
Behin-behineko ibilbidea bada ere, Ansak aldaketak mantentzearen alde egingo luke. «Egia da arazo bat dagoela, Iurreamendi egoitzara ez delako iristen». Diaz ere iritzi berekoa da, eta gaineratu du egoitzara igo beharko lukeela Hiribusak, lehen egiten zuen moduan.
