Uzturre Foroak hirugarren hitzordu bat antolatu du. Irailaren 11n Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJren Gipuzko Buru Batzarreko presidentea; Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusia; Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Maribel Vaquero, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramailea, eta Oihane Agirregoitia, Europarlamentaria elkartuko ditu Topic-en, 19:00etatik aurrera. Xabier Euzkitze kazetariak gidatuko du saioa eta sarrera librea izango da.
Uzturre Foroak esan du ikasturte politiko berri honetan jokoan dagoenari buruzko elkarrizketa proposatu diela «egoera globalaren, nazioartekoaren edo estatalaren konplexutasuna eta euskal testuinguru espezifikoa kontuan hartuta». Horrela, hizlari bakoitzak ordezkatzen duen erakundearen ikuspegitik gaiaren analisia eta hurrengo hilabeteetarako lehentasunak zehaztuko ditu, eta ondoren, solasaldi bat irekiko dute bertaratutakoen galderekin.
Irailaren 11koa Uzturre Foroaren hirugarren saioa izango da. Aitor Esteban Alderdi Jeltzaleko lehendakaria izan zen lehen gonbidatua eta ekainean Arantxa Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministro ohia izan zen Tolosan.
Uzturre Foroaren Adiskideak
Uzturre Foroak gogoratu du Uzturre Foroaren Adiskideak figura sortu duela eta helburua dela erakundearekin harremanetan egon nahi duten guztiei irekitzea eta Tolosaldean dituen helburuak babestea. Irailaren 11ko ekitaldian informazio-diptikoak banatuko dituzte, nahi duenak izena eman dezan.
Uzturre Foroaren Adiskidea izateak hiru inplikazio dituela azaldu du. Lehenik eta behin, erakundearen helburua partekatzea, hau da, hausnarketa eta elkarrizketa partekatu eta lasaia bultzatzea Tolosaldean. Bigarrenik, Uzturre Foroak antolatzen dituen ekitaldiei edo argitaratzen dituen dokumentuei buruzko aldez aurreko informazioa jasotzeko prest egotea. Eta, hirugarrenik, foroko adiskideen urteko topaketa baterako gonbidapena jasotzeko prest egotea. Topaketa horretan parte hartzea librea eta borondatezkoa izango dela nabarmendu dute.
Erakundearen Talde Sustatzaileak argitu du Uzturre Foroaren Adiskidea izateak ez dakarrela inolako kuotarik ordaintzea. Diruz lagundu nahi duenak aurrerago sortuko den bazkide figuraren bitartez egin ahal izango du.
Uzturre Foroko Adiskide izan nahi dutenek uzturreforoa.eus web orriaren bidez egin dezakete. Halaber, info@uzturreforoa.eus helbidera ere idatz dezakete, izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa idatziz eta Uzturre Foroaren komunikazioak nola jaso nahi dituzten zehaztuz: posta arrunta, e-maila edo whatsapp.