Izaskungo aldapako errepidea norabide bakarrekoa izango da, oinezkoen bidea sortzeko

Ataria 2025eko abuztuaren 29a

Izaskungo aldaparen gaur egungo irudia. Iturria: Tolosako Udala.

Goranzko norabidea izango du aldapak, Asuncion klinikako biribilgunera arte; aldaketarekin 40 aparkaleku inguru ere sortuko dira. Pintaketa lanak bakarrik egingo dituzte, baina hasiera data zehaztu gabe dago oraindik.

Santa Klara eremutik Asuncion klinikara doan errepidea norabide bakarreko bihurtuko da irailetik aurrera. Aurrerantzean goranzko norabidea izango du soilik, klinikaren sarrerako biribilgunera arte. Hortik aurrera, Santa Lutziatik barrena jaitsi beharko da.

Udalak adierazi duenez, aldaketaren helburu nagusia da oinezkoentzako segurtasuna bermatzeko bide bat egitea. «Dozenaka pertsona ibiltzen dira bide horretan gora eta behera, dela klinikara joateko, dela Izaskun auzora edo Uzturrera igotzeko... Guztientzat segurtasuna bermatzea da helburua, orain arte errepidetik bertatik egin behar baitute joan-etorri hori». Neurriak herritarren «eskaera historiko» bati erantzuten diola azaldu du udalak, «espaloirik gabeko errepide estua baita». 2019an onartutako Mugikortasun Planean ere jasota dagoen aldaketa dela gaineratu du.

Errepidea norabide bakarreko bihurtzeko, interbentzio taktikoa egingo da. Hau da, pintaketa lanak bakarrik egingo dira, obrarik egin behar izan gabe, baita bereizgailuak jarri ere. «Horrek ahalbidetuko du aldaketa ebaluatu ahal izatea behin betikotasuna eman aurretik». Udal teknikarien azterketaren arabera, espaloi konbentzional bat eginez gero, galtzadaren zabalera «gehiegi» murriztuko litzateke, ibilgailuen trafikoaren segurtasuna «arriskuan» jarriz. Hori dela eta, soluzio taktikoa hobetsi dute, espazioa berrantolatuz, eta norabide bakarreko bihurtuz.

Gainerako espazioa aparkaleku gehiago sortzeko aprobetxatuko du udalak. Guztira, 40 plaza baino gehiago sortuko dituzte, Alde Zaharretik eta klinikatik gertu. Autobideko zubira arte egingo diren aparkalekuak gorriak izango dira, hau da, 1 guneko TAO txartela duten bertakoentzat; autobideko zubitik klinikara sortuko direnak, berriz, zuriak izango dira, eta bertan aparkatzeko ez da ordaindu beharko.

Lanen hasiera data, baina, zehaztu gabe dago oraindik. «Hasiera batean, asteazkenean, irailaren 3an, egitekoak ziren pintaketa lanak, baina eguraldia dela eta, baliteke egun batzuk atzeratu behar izatea, eguraldi lehorra behar baita egin ahal izateko. Behin betiko data zehaztutakoan berriro ere komunikatuko da. Pintaketa lanak egiten diren egun berean sartuko da indarrean aldaketa», azaldu du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!