Udazkeneko kultur emanaldietarako sarrerak, gaurtik salgai

Ataria 2025eko uztailaren 21a

Tolosako Udalak antolatutako udazkeneko kultur emanaldietarako sarrerak gaurtik aurrera izango dira salgai online, eta Leidor antzokiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira, 17:00etatik 19:00etara.

Tolosako Udalak hilabete hasieran iragarri zuen udazkeneko programazioa eta, horrekin batera, Eszena bonuen salmentaren berri ere eman zuen. Herritarren harrera ona izan dela nabarmendu dute udaletik, eta orain, bigarren faseari emango diote hasiera. Bonuz kanpo sarrera solteak eskuratzeko aukera izango da gaurtik aurrera.

Sarrerak gaur online bidez jarriko dira salgai, 17:00etatik aurrera, eta Leidor antzokiko leihatilan ere izango da horiek erosteko aukera, 17:00etatik 19:00ak arte. Leidorrera joaten direnentzako sarreren kopuru zehatz bat gordeko da. Gehienez, 6 sarrera eskuratu ahalko dira pertsonako eta saioko. 

Horrez gainera, leihatilan ere erosi ahal izango dira abuztuaren 10ean, 18:00etatik 18:30ak arte, eta abuztuaren 11n, 18:30etik 19:00ak arte. Irailaren 11tik aurrera Leidorreko ohiko ordutegian izango dira salgai, eta online ere eskura izango dira, sarrera guztiak agortu arte. 

Udalak arreta zerbitzua eskainiko die herritarrei, sarreren erosketan arazorik izanez gero laguntza jasotzeko. Bi bide hauetatik eskatu ahal izango da laguntza: 943 654 466 zenbakira deituta eta 802 luzapena markatuta, edo kultura@tolosa.eus helbidera idatzita. 

ESZENA BONUA

Eszena bonua duten herritarrek lehentasuna izango dute bonua sarrerengatik trukatzeko. Galdu nahi ez dituzten emanaldietarako sarrerak lehenbailehen trukatzea gomendatu du udalak. Emanaldi baterako sarrerak agortzen badira, Eszena bonua izan arren ezingo dute sarrerarik lortu. Sarrera bakarra eskuratu daiteke bonu bakoitzarekin ikuskizun baterako. Ezingo dira, adibidez, bi sarrera trukatu emanaldi baterako.

GAURTIK AURRERA SALGAI IZANGO DIRENAK

  • Urriak 4, larunbata
    • 20:00. Leidor. Musika. Gorka Urbizu. Eszena bonuaren barruan.
      • Gorka Urbizuk Tour Bat bira arrakastatsuaren testuinguruan emanaldia eskainiko du Leidor Aretoan. Lekunberriko musikariak mundu guztia harritu zuen ezustean Hasiera bat bakarkako lana kaleratuta (Only In Dreams, 2024). Disko honekin lau urteko isilunea apurtu eta harrera beroa jaso du hala entzulegoaren nola kritikaren partetik. Besteak beste, Musika Independentearen Sarietan (Premios MIN) Euskarazko Diskorik Onenaren Saria erdietsi du.
  • Urriak 10, ostirala
    • 20.00. Leidor. Musika. Sol Band. Eszena bonuaren barruan.
      • Sol Band 2012an sortu zen eta Gazako folk musika maite duten gazte talde batek osatzen du. Sol Band musika-tresna tradizionalen eta modernoen konbinazioagatik eta hainbat generoren fusioagatik nabarmentzen da, bai eta musikaren bidez transmititzen duten alaitasunagatik eta energiagatik ere. Sol Bandek Gazako blokeoa gainditzea lortu zuen, mugak gaindituz eta musikaren hizkuntza unibertsalaren bidez pertsonak elkartuz.
  • Urriak 17, ostirala.
    • 20:00. Leidor. Dantza. Cielo rasO: Née. Eszena bonuaren barruan.
      • Née bakardadeari, maitasunari, ausentziari buruzko dantza ikuskizuna da. Modu dotorean eratzen da zaratatik urrundutako bidaia, lehenengo pertsonan kontatua, hausnartua eta eraldatzailea.
  • Azaroak 14, ostirala
    • 20:00. Leidor. Antzerkia. La dramática errante: Adiorik ez. Eszena bonuaren barruan.
      • Adiorik ez obra norbere mugak gainditzeari, samurtasunari eta gizatasunari buruzko istorio bat da. Zainketa aringarrietan eta «ongi hiltzean» oinarrituta, bizitzari alaitasunez aurre egitera eta bizitzaren amaiera nolakoa izango den galdetzera bultzatzen gaituen bidaia.
  • Abenduak 12, ostirala
    • 20:00. Leidor. Musika. Arineketan. Eszena bonuaren barruan.
      • 2020 urtean lehen diskoa aurkeztu zutenetik, Iñar Sastrek (pianoa) eta Jagoba Astiazaranek (txistua) gidaturiko Arineketan taldea dozenaka plazetan aritu da euskal musika tradizionalaren zahar-berritze lanetan. Euskal ondarea berreskuratuz, bigarren bizitza bat eman nahi diete galtzear dauden kantei, itxuraldatuta publiko berriengana helaraziz.
  • Abenduak 30, asteartea
    • 19:00. Leidor. Musika. Euskal Herriko Gazte Orkestra. Eszena bonuaren barruan.
      • Pedro Gandia bilbotarrak zuzenduko duen kontzertu honetan, EGO bere historian lehen aldiz historikoki informatutako irizpideen arabera interpretatutako musika barrokoan barneratuko da. Errepertorioko bi obra handi –Haendelen Water Music eta Corelliren Eguberri Gauerako kontzertua– Rameau bikainaren azken operaren musikarekin eta Biberren bataila beti harrigarriarekin batzen dira.
  • Urtarrilak 3, larunbata
    • 19:00. Leidor. Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet: Ahots kordak. Eszena bonuaren barruan.
      • Ahots kordak ikuskizunaren estreinaldia izango da, Eñaut Elorrietak eta Alos Quartetek elkarrekin aurkezten duten lehen proiektua, nahiz eta lehenago ere elkarlanean aritu izan diren. Kontzertu bakan eta berezia izango da, eta Elorrietaren ibilbide osoa izango du ardatz emanaldiak.

Ikusi hemen gainerako egitaraua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!