Gorka Urbizuk kontzertua egingo du, urriaren 4an, Leidorren

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko uzt. 3a, 16:00

Argazkia: Euskalerria Irratia.

Tolosako Udalak iragarri duen udazkeneko kultur eskaintzako ekitaldi nabarmenenetako bat da; trikitilari jaialdia, Anari eta Eider Rodriguezen 'Boston' saioa eta Abesbatzen Europako Sari Nagusia dira beste emanaldietako batzuk.

Urriaren 4an Gorka Urbizuk bere lehen bakarkako Tour Bat bira arrakastatsuaren amaierako kontzertuetako bat egingo du Leidor aretoan, 20:00etatik aurrera. Lekunberriko musikariak jarraitzaile oro harritu zuen ezustean Hasiera bat bakarkako lana kaleratuta (Only In Dreams, 2024). Disko honekin lau urteko isilunea apurtu eta harrera beroa jaso du, hala entzulearen, nola kritikaren partetik. Besteak beste, Musika Independentearen Sarietan (Premios MIN) Euskarazko Diskorik Onenaren Saria jaso du.

Urbizurena izango da Tolosako Udalak aurkeztu duen udazkeneko kultur eskaintzako ekitaldi nabarmenenetako bat. Guztira, 22 saio izango dira, diziplina anitzekoak; hala nola, musikak, antzerkiak, haurrentzako ikuskizunek edota dantzak osatuko dute egitaraua. Irailaren 26ean hasi eta 2026ko urtarrilaren 3ra arte luzatuko da egitaraua. Udalak ez ezik, beste eragile eta sustatzaile pribatuek antolatutakoak ere jaso dira.

Urriaren 30ean, esaterako, Anari musikaria Eider Rodriguez idazlearekin batera igoko da Antxon Elosegi antzokiko oholtzara, Boston proposamen iradokitzaile bezain interesgarriarekin. Bestetik, Eñaut Elorrietak Alos Quartetekin batera ikuskizun berriaren estreinaldia egingo du Leidorren, 2026ko urtarrilaren 3an. Iaz egitekoa zen baina bisarekin lotutako arazoak medio egin ezin izan zen Gazako Sol Band taldearen kontzertua, Abesbatzen Europako Sari Nagusia, German Ormazabal piano-jotzaile tolosarraren eta Maria Martin sopranoaren kontzertua, Isidro Larrañagaren omenezko jaialdia eta Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkartearen jaialdiak ere osatuko dute programa, besteak beste.

Eszena bonua, astelehenetik eskuragarri

Kultur eskaintza hau modu eroso eta ekonomikoan gozatu ahal izateko, udalak Eszena Bonuak jarriko ditu eskuragarri. Guztira, 200 bonu jarriko dituzte salgai uztailaren 7an, 17:00etan –online eta Leidor antzokiko leihatilan–, 50 euroren truke. Ikuskizun horietarako sarrerak banan bana erosiz gero, 90 euro ordaindu beharko lirateke. Zazpi ikuskizun jasotzen ditu bonuak: Gorka Urbizu, Sol Band, Arineketan, EGO eta Eñaut Elorrieta eta Alos Quarteten kontzertuak, NÉE / Cielo rasO dantza ikuskizuna eta Adiorik ez! antzezlana.

Bonu eta ikuskizun bakoitzeko sarrera bakarra eskuratu ahal izango da, eta bonua eskuratzen dutenek lehentasuna izango dute sarrerak eskuratzeko; izan ere, uztailaren 7tik 20ra bonua dutenek soilik hartu ahal izango dute dagokien sarrera. Hau da, behin bonua erosita, ikuskizun horietako bakoitzaren sarrera ere hartu beharko da, bonua erostean jasotako kodea sartuta.

Sarrerak, uztailaren 21ean

Prozesu hori lehenbailehen egitea gomendatzen da. Izan ere, sarrera solteak uztailaren 21etik aurrera jarriko dira salgai, online eta Leidorreko leihatilan. Ordutik aurrera, bonua dutenek lehentasuna galduko dute, eta jakin behar dute ikuskizun baterako sarrerak agortu badira ezingo dutela bonua trukatu. Beraz, bonua edukita, komeni da sarrerak uztailaren 7tik 20rako epe horretan eskuratzea, gabe ez gelditzeko.

Egitaraua
  • Irailak 26, ostirala
    • 20:00. Leidor. Musika: Trikitilari jaialdia, Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkarteak antolatuta.
      • Leidorrek hartuko du Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkarteak antolatutako trikitilari jaialdia. Sei emanaldi izango dira: Ai ama taldea; Irune eta Itxaso Elizagoien; Gorka Valdes; Hektor Folk eta aitak; Iker Goenaga, Axier Unsain, Irma Karrera eta Amets Arteaga; Mirua eta Maixa Lizarribar.
  • Urriak 3, ostirala
    • 20:30. Leidor. Umorea, bakarrizketa: Goyo Jimenez: Misery Class.
      • Más difícil todavía, Confusio eta Aiguantulivinamérica trilogiarekin barre algara eragin ondoren, Goyo Jimenezek bere azken bakarrizketa, Misery Class aurkeztuko du Leidorren.
  • Urriak 4, larunbata
    • 20:00. Leidor. Musika. Gorka Urbizu. Eszena bonuaren barruan.
      • Gorka Urbizuk Tour Bat bira arrakastatsuaren testuinguruan emanaldia eskainiko du Leidor Aretoan. Lekunberriko musikariak mundu guztia harritu zuen ezustean Hasiera bat bakarkako lana kaleratuta (Only In Dreams, 2024). Disko honekin lau urteko isilunea apurtu eta harrera beroa jaso du hala entzulegoaren nola kritikaren partetik. Besteak beste, Musika Independentearen Sarietan (Premios MIN) Euskarazko Diskorik Onenaren Saria erdietsi du.
  • Urriak 10, ostirala
    • 20.00. Leidor. Musika. Sol Band. Eszena bonuaren barruan.
      • Sol Band 2012an sortu zen eta Gazako folk musika maite duten gazte talde batek osatzen du. Sol Band musika-tresna tradizionalen eta modernoen konbinazioagatik eta hainbat generoren fusioagatik nabarmentzen da, bai eta musikaren bidez transmititzen duten alaitasunagatik eta energiagatik ere. Sol Bandek Gazako blokeoa gainditzea lortu zuen, mugak gaindituz eta musikaren hizkuntza unibertsalaren bidez pertsonak elkartuz.
  • Urriak 17, ostirala.
    • 20:00. Leidor. Dantza. Cielo rasO: Née. Eszena bonuaren barruan.
      • Née bakardadeari, maitasunari, ausentziari buruzko dantza ikuskizuna da. Modu dotorean eratzen da zaratatik urrundutako bidaia, lehenengo pertsonan kontatua, hausnartua eta eraldatzailea.
  • Urriak 18, larunbata
    • 17:00. Leidor. Haur ikuskizuna. Txirri, Mirri eta Txiribiton: Pailazo.
      • Badira 50 urte pailazo hirukote ezagun honek Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izenaz bere ibilbideari hasiera eman ziola. Ikuskizun honen bidez profesioaren jatorria aldarrikatu nahi du. Xelebrekeriez gain, taldearen betiko arrakastak eskainiko dizkigute: Paristik natorren, Txirri, Mirri eta Txiribiton, Altza, Pelipe!, eta abar.
  • Urriak 24, ostirala
    • 20:00. Topic-eko Antxon Elosegui antzokia. Antzerkia. Tartean teatroa: Ai, gure juaneteak!
      • Laboaren kantak gaur egungo gizabere baten begiradatik Ai Gure Juaneteak! ikuskari eszeniko hibridoa da, Patxo Telleriak sortua, eta hitzak eta musikak osaturikoa. Taula gainean aktore-musikari bat, Patxo Telleria bera, eta bi musikari-aktore Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez.
  • Urriak 25, larunbata
    • 19:30. Topic-eko Antxon Elosegui antzokia. Umorea. Birakabareta.
      • Intujai Teatro taldeak antolatuta, Birakabareta helduentzako umore proposamena da, formatu txikiko antzerki jaialdia.
  • Urriak 26, igandea
    • 17:00. Leidor. Musika. Abesbatzen Europako Sari Nagusia.
      • Tolosako Ekinbide Etxeak antolatuta, 2025eko Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia Tolosan izango da aurten. Urriaren 30etik azaroaren 2ra, gainera, urtero moduan Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa ere ospatuko da.
  • Urriak 30, osteguna
    • 20:00. Topic-eko Antxon Elosegui antzokia. Musika eta literatura. Eider Rodriguez eta Anari: Boston.
      • «Inoiz izan ez zaren lekuetan inoiz ezagutuko ez duzun jendea bizi da, baina ezagutzen dituzu beraien kantuak, liburuak eta pelikulak. Fikzio konpartituen errealitate mendebaldar bat». Eider Rodriguez idazleak eta Anari abeslari eta musikariak Boston proposamen iradokitzaile eta interesgarria aurkeztuko dute.
  • Azaroak 7, ostirala
    • 20:00. Leidor. Musika. Isidro Larrañagaren omenezko jaialdia.
      • 2022an zendu zen akordeoi-jotzaile eta musika irakasle tolosarraren omenez antolatutako soinujoleen jaialdia.
  • Azaroak 14, ostirala
    • 20:00. Leidor. Antzerkia. La dramática errante: Adiorik ez. Eszena bonuaren barruan.
      • Adiorik ez obra norbere mugak gainditzeari, samurtasunari eta gizatasunari buruzko istorio bat da. Zainketa aringarrietan eta «ongi hiltzean» oinarrituta, bizitzari alaitasunez aurre egitera eta bizitzaren amaiera nolakoa izango den galdetzera bultzatzen gaituen bidaia.
  • Azaroak 21, ostirala
    • 19:00. Leidor. Musika. Xexili eguneko kontzertua.
      • Xexili egunaren testuinguruan, Tolosako Udal Musika Bandak antolatuta, banda beraren eta gonbidatutako herriko musika taldeen kontzertua izango da.
  • Azaroak 22-30
    • Txotxongiloak. Titirijai jaialdia.
      • Titirijai, Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia, duela 40 urte hasi zen ospatzen eta egun sektoreko jaialdi garrantzitsuenetakoa da. Txotxongilolaritzan oinarrutako jaialdia da, eta hainbat emanaldi izango dira.
  • Abenduak 5, ostirala
    • 20:00. Leidor. Musikala. Onbeat konpainia: De Simba a Kiara – El Rey Leon filmari omenaldia.
      • Familia osoarentzat musikala, omenaldi kontzertu bat, pelikula ospetsuan agertzen diren pertsonaiekin. Aurkezle dibertigarriak izango dira abesti guztien arteko lotura edo hari nagusi.
    • 22:30. Leidor. Musikala. Onbeat konpainia: El musical de los 80s 90s.
      • 80ko eta 90eko pop espainola oinarri duen ikuskizun honetan entzuleek pertsonaien esperientzia partekatuko dute, abestuz eta dantzatuz.
  • Abenduak 12, ostirala
    • 20:00. Leidor. Musika. Arineketan. Eszena bonuaren barruan.
      • 2020 urtean lehen diskoa aurkeztu zutenetik, Iñar Sastrek (pianoa) eta Jagoba Astiazaranek (txistua) gidaturiko Arineketan taldea dozenaka plazetan aritu da euskal musika tradizionalaren zahar-berritze lanetan. Euskal ondarea berreskuratuz, bigarren bizitza bat eman nahi diete galtzear dauden kantei, itxuraldatuta publiko berriengana helaraziz.
  • Abenduak 13, larunbata
    • 16:30. Leidor. Haur ikuskizuna. Ene Kantak: Bisonte-Mastodontearen bila.
      • Bisonte-Mastodontearen bila haurrentzako euskarazko antzezlana da, Nerea Urbizuk idatzitako izenburu bereko liburuan oinarritua, non musikak pisu handia duen. Ikus-entzunezko formatua, Aralar mendilerroko historiaurreko ingurune bat irudikatzen duen eszenografia ikusgarriarekin konbinatuta.
  • Abenduak 26, ostirala
    • 20:30. Leidor. Magia. Shado: Cleptomago.
      • Shado magoa Cleptomago ikuskizunarekin dator Tolosara, pickpocket, mentalismoa eta hiri-magia uztartzen dituen eskaintza. Karterista baten trebetasunarekin eta engainuaren maisu baten azkartasunarekin, Shadok zure pertzepzioa desafiatzen du eta inor salbu ez dagoen joko batean murgilduko zaitu.
  • Abenduak 29, astelehena
    • 19:00. Topic. Musika. Maria Martin eta German Ormazabal: Melodiak.
      • Melodiak errezitaldi lirikoa egingo dute German Ormazabal piano-jotzaileak eta Maria Martin sopranoak. Ravelen greziar ebokazioetatik hasi eta Sorozabalen eta Guridiren euskal doinuen sakontasuneraino, proposamenak soinu bidaia batera gonbidatzen gaitu, non folklorea eta poesia eszenaratuko diren.
  • Abenduak 30, asteartea
    • 19:00. Leidor. Musika. Euskal Herriko Gazte Orkestra. Eszena bonuaren barruan.
      • Pedro Gandia bilbotarrak zuzenduko duen kontzertu honetan, EGO bere historian lehen aldiz historikoki informatutako irizpideen arabera interpretatutako musika barrokoan barneratuko da. Errepertorioko bi obra handi –Haendelen Water Music eta Corelliren Eguberri Gauerako kontzertua– Rameau bikainaren azken operaren musikarekin eta Biberren bataila beti harrigarriarekin batzen dira.
  • Urtarrilak 3, larunbata
    • 19:00. Leidor. Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet: Ahots kordak. Eszena bonuaren barruan.
      • Ahots kordak ikuskizunaren estreinaldia izango da, Eñaut Elorrietak eta Alos Quartetek elkarrekin aurkezten duten lehen proiektua, nahiz eta lehenago ere elkarlanean aritu izan diren. Kontzertu bakan eta berezia izango da, eta Elorrietaren ibilbide osoa izango du ardatz emanaldiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!