Larramendi Auzo Elkarteak lokala izango du, behin-behinean

Ataria 2025eko uztailaren 17a

Haur bat, 2019ko Larramendi auzoko festetako danborradan, zapia jantzita. JON MIRANDA

Udalak esan du aurki argitaratuko dela auzo elkartearen lokala erosteko bigarren lizitazioa; bitartean, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak erabiltzen duen lokala erabili ahalko dute auzotarrek, hutsik geratuko baita.

Larramendi Auzo Elkarteak igorritako mezuari erantzunez, bilera irekia egin du udalak auzotarrekin. Udalak adierazi duenez, «gardentasun ariketa bat egin, eta gai ugariren egoeraren inguruko azalpenak eman asmoz» egin zuten bilera. Asteartean izan zen saioa, eta 60 auzotar inguru bildu ziren. Auzotarrez gain, bertan izan ziren Ander Figuerido, Hirigintza, Obrak eta Zerbitzuetako zinegotzia, eta Josune Sanz, Gobernantza eta Komunitatekoa.

Lokala

Gai sakonena auzo elkartearen lokala izan zen. 2020. urtetik ez du lokalik elkarteak. Behar horri erantzun asmoz, 2023ko abenduan, auzo lokala erosteko lizitazio bat martxan jarri zen, baina eskaintzarik ez zen izan lehiaketa publikoan, eta 2024ko apirilean huts deklaratu zen. Bien bitartean, Arkaute etxean Mendizaletasunaren Museoa jartzearen bideragarritasunari lotutako zalantzen ondorioz, eta proiektuaren etorkizuna argitu bitartean, eten egin zen bigarren lizitazioa. Bada, etxea eraberritzeko proiektua aurrera doala adierazi du udalak: «Duela gutxi onartu da exekuzio proiektua idazteko kreditu aldaketa. Horregatik, auzo elkartearen lokala erosteko bigarren lizitazioa prestatzeko lanak abian jarri ziren berriz apirilean, eta aurki argitaratuko da».

Udalak esan du, bitarte horretarako, «behin-behinean lokal bat uzteko aukerak bilatzen» ibili dela udal gobernua. «Ekainean sortu zen aukera, baina ziur egon arte ez da komunikatu». Hain justu, Larramendi kaleko 7. zenbakian dagoen eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak erabiltzen duen lokala hutsik geratuko da, lekuz aldatuko baita. «Azken asteotan, prozesua azkartzeko ahalegina egin da, eta Bertsozale Elkartetik aldaketa baieztatu bezain pronto egin zitzaion eskaintza Auzo Elkarteari, gutuna argitaratu baino lehentxeago», azaldu dute.

Figueridok esan du aste honetan «pozez» jaso dutela auzotarren baiezko erantzuna. Lokala ikusteko hitzordua jarriko dutela esan dute, eta epe motzean bertan izatea espero dutela. «Kontziente gara ez dela behin betiko erabilerarako izango, bilerak egiteko eta zenbait traste gordetzeko aukera baino ez duelako eskaintzen, baina auzotarrentzat mesedegarria izango delakoan gaude», esan du zinegotziak.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak erabiltzen duen lokala, Larramendi kaleko 7. zenbakian.

Arkaute etxeari «bizia» ematea ere «funtsezkotzat» jo dute udal ordezkari zein auzotarrek. Udalak exekuzio proiektua idazteko kreditu aldaketa onartu berri du, eta aurreratu du helburu horrekin lan egingo duela datozen hilabeteetan.

Zubia eta bidegorria

Hirigintza gaiak ere izan zituzten hizpide bileran. Besteak beste, Arrameleko zubiaren eta bidegorriaren inguruan aritu ziren. Proiektua jada amaituta dagoela esan du udalak, eta obraren lizitazioa prestatzeko lanean ari dela. «Bitartean, obra egin ahal izateko, lur eremu pribatu bat desjabetu behar da, eta aurreikuspena da uztaileko osoko bilkuran onarpena ematea. Hori eginda, obrak lizitatzea baino ez da faltako», azaldu dute.

Bide batez, ekaineko euriteen ondorioz zubi azpian pilatutako enborren inguruko azalpenak eman ditu Figueridok: «Euriteen ondoren, bi aldiz bildu gara Ura agentziarekin, eta eremu hori garbitzeko eskaera egin diogu. Ikuskatzaile bat bertaratu zen balorazioa egitera, eta Urak berak garbituko du eremu hori. Noiz egingo duten baieztatu zain gaude. Ziur aski, trafikoan etenak egin beharko dira-eta, makineria espezializatu bidez egin beharreko lana baita. Lehen data atzeratu behar izan zuten, baina, esan zigutenagatik, helburua da hilabete honetan egitea».

Hiribusaren maiztasuna

Mugikortasunari lotuta, auzo elkarteak pasa den astean idatzitako mezuan Hiribusaren maiztasuna areagotzeko eskaera aipatzen zuen, eta gai horren inguruan ere hitz egin zuten bileran. Udalak aitortu du azken hamarkadan ez dela egin auzoari eragiten dion aldaketa esanguratsurik. «Iaz jarri nahi izan zen martxan ibilbidearen aldaketa, zerbitzu guztietan bertatik pasatzeko, eta guztia prest zegoenean, enpresarekin zenbait arazo sortu ziren. Horren ondorioz, etenda geratu zen aldaketa. Duela hilabete batzuk, berriro heldu zitzaion gaiari, eta bestelako arazorik sortzen ez bada, irailaren 1etik aurrera, ibilbidea aldatzea espero da. Aldaketarekin, eguneko zerbitzu guztiak bertatik pasatuko dira. Aurrerago emango dira xehetasun guztiak», azaldu dute.

Komun publikoa eta kirol kantxa

Auzoan dauden zerbitzu publikoen inguruan ere mintzatu ziren astearteko saioan. Batetik, komunaren beharra nabarmendu zuten. «Nabaria da gai honekin atzerapena dagoela», onartu du udalak. «Bileran argi geratu da, gainera, auzotarrentzat garrantzitsua dela. Orain arte, aukera eta planteamendu ezberdinak egin dira udalean, baina ez dira oraindik gauzatu. Dena dela, gaia bideratzeko konpromisoa hartu dugu».

Bestetik, kirol kantxaren gaia ere mahai gainera eraman dute. 2023an, parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan proiektu bozkatuenen artean izan zela esan du udalak, eta haur parkeak eraberritzeko lizitazioarekin batera egikaritu zela. «Hasiera batean, Auzo Elkartearen proposamena Arkaute etxearen ondoko belardian jartzea izan zen; teknikoki eta politikoki, ordea, ez zen begi onez ikusi, udalaren irizpidea baita elementu trinkoak naturalizatzea, eta ez alderantziz», azaldu dute.

Ondorioz, Larramendi plazan jartzeko hautua egin zen, lehendik dauden altzariekin armonian, eta oinezkoen pasabideak mantentzeko irizpideekin. «Baldintza horiek mugatzen zuten tamaina, baita auzoko jaietan jarri ohi diren karpak eta gainerako elementuak jartzeko azalerak ere. Materialei dagokienez, mantentze lanak ahal den gehien murrizteko materialak aukeratu ziren, erresistentzia handikoak. Hala eta guztiz ere, apiriletik, udala enpresarekin harremanetan da hobekuntzak egiteko».

Larramendiko kirol kantxa. Argazkia: Tolosako Udala.

Lan gehiago

Azkenik, auzoa hobetze aldera, zenbait lan egin direla adierazi du udalak, hala nola, bizikletak giltzatzeko egiturak ezartzea, aparkatze ezegokiak ekiditeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko bolardoak jartzea, aparkaleku berriak sortzea eta plaza handiko saretak aldatu eta konpontzea. Azken horretan, materialak soilik 10.000 euroko aurrekontua izan duela nabarmendu dute, «brigadako langileen lanorduak sartu gabe». «Horiez gain, nebulizadoreak jartzen dira udan, eta Kultura Plazara egitasmoan, kultur eskaintza auzora zabaltzen da», gaineratu du.

«Ez dugu ezkutatzeko ezer»

Atzoko bileraren ondoren, Auzo Elkartearekin batera, auzotarren lehentasunetan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute udal ordezkariek, elkarrekiko errespetuan oinarrituta: «Orain formak ez dira egokiak izan gure ustez. Ez dugu inoiz bilerak egiteko arazorik, eta bistakoa da orain egin dugun hautuarekin: bilera irekia deitzearekin. Ez dugu ezkutatzeko ezer. Presioa egiteko helburua zutela onartu ziguten, baina hori egin gabe ere, gauza gehienak beren kabuz etorriko lirateke: behin-behineko auzo lokalaren proposamena, behin betikoaren lanketa, hiribusaren maiztasuna edo Arrameleko zubiko bidegorriaren obra, esaterako. Kritikak onartzea dagokigu, baina udala auzo honen hobekuntzari begira lanean aritu da etengabe, eta hori du etorkizunerako konpromiso ere. Gainera, prest gaude beti herritarren ekarpen, kexa eta iradokizunak entzuteko»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!