Larramendi Auzo Elkartea, udalarekin haserre

Ataria 2025eko uztailaren 9a

Udala azken urteetan auzoarekiko «utzikeria eta interes falta» izaten ari dela salatu dute, eta protesta moduan, zenbait ekitaldi ez burutzea erabaki dute.

Larramendi Auzo Elkarteko zuzendaritza batzordeak protesta egin du sare sozialetan argitaratutako gutun batean, «udalak azken urteetan auzoarekiko duen utzikeria eta interes faltagatik, baita auzoaren inguruko gaiekiko komunikazio eta informazio hutsune handiagatik ere».

Adierazi dute 2020 amaieran hasi zela lanean egungo zuzendaritza batzordea, eta ordutik, harremanetan egon direla udalarekin. «Hainbat bilera egin ditugu azken bi udal gobernuekin, auzoaren inguruan genituen proposamen eta eskaera desberdinen inguruan: garbiketa, trafikoa, bidegorria, Hiribusaren maiztasuna, komun publikoak, kirol kantxa, auzoarentzako lokala...»

Proposamen eta eskaera guztiak «entzunak eta jasoak» izan direla esan du auzo elkarteak, baina gero ez dutela auzoan «behar bezalako inpaktua» izan. «Ez dira martxan jarri, adibidez, bidegorria, komun publikoak edo Hiribusaren maiztasun igoera, impasse egoeran daude, lokala kasu, edo esperotako erantzuna ez da jaso, kirol kantxarekin, esaterako. Egoera horiek guztiak eta, batez ere, auzotarren topaleku, dinamika-sustatzaile eta auzoko bizitzaren erdigunetako bat izan beharko lukeen lokalaren atzerapen handia, udalak auzoko bizilagunekiko duen errespetu falta jasanezinaren eta Larramendirekiko erakusten duen begirune ezaren erakusle garbia dira».

Auzo elkarteak aurtengo ekitaldi desberdinak ez burutzeko eta bertan behera uzteko erabakia hartu du, «arduragabekeria horren ondorio zuzen gisa, eta arduragabekeria horren aurrean protesta egiteko azken errekurtso moduan». Udaberri Festa, San Joan bezperako sua eta auzoko jaiak daude horien artean. «Azken urteetan auzoko lokalik gabe antolatu izan dira ekitaldiak, baina oso modu prekarioan, eta egoera honek ezin du horrela jarraitu. Lokal egokirik gabe, ezin dira antolatu modu egokian Larramendiko bizilagunen gozamenerako eta auzoaren bizitzarako horren garrantzitsuak izan daitezkeen ekimenak», gaineratu du zuzendaritza batzordeak. 

Elkarteak esan du azken urteotan «bete gabeko zenbait hitzemate» egon direla eta, «batere erraza ez den erabakia» hartzera eraman dutela. «Etsipen eta iruzur handia sentitzen dugu gure auzoak udal administrazioaren aldetik jasan duen trataeragatik. Uste dugu udalaren aldetik tolosar bezala trataera duinago bat merezi dutela Larramendiko bizilagunek», adierazi dute.

Arazoari «berehalako erantzuna eta behin betiko konponbidea ematea» eskatzen du elkarteak. Horretarako, alkatearekin eta eskumena duten zinegotziekin «premiazko bilera bat» egitea eskatzen dute, «egoerari heldu eta, ahalik eta azkarren, irtenbide bideragarri bat aurkitzeko». Bitartean, auzoko bizilagunei eta tolosarrei egoeraren eta erabakien berri emango dietela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!