Adur Echartek 8. postua lortu du barra paraleloetan Espainiako Txapelketan

Ataria 2025eko uztailaren 9a

Adur Echart tolosarrak parte hartu berri du gimnastika artistikoko Espainiako Txapelketan, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Zortzigarren egin zuen barra paraleloetan eta 13. eraztunetan, Base 4 kategorian. Emaitza nabarmena da oraindik infantil mailan urtebete falta zaion eta gimnastikan oso gutxi entrenatu duen 13 urteko gaztetxo batentzat.

Echartek gaur egun Iruñean entrenatzen du, Tolosatik ordubetera, Backflip Navarran, eta Nafarroan dago federatuta, Gipuzkoan ez dagoelako azpiegiturarik. Bi entrenatzaile «oso onekin» entrenatzeko zortea du bertan, Kike eta Javier Gomez, mundu mailan lehiatutakoak. Orain gutxi gimnastika artistikoko eskola bat sortu dute, eta emaitza oso onak lortu dituzte: Espainiako Txapelketan lau ikasle lehiatu dira, eta bi urrezko domina lortu dituzte jauzian, eta hirugarren postua barra finkoan. «Adur talde handi horretan dago, eta oso dedikazio handiarekin eta talde izpirituarekin entrenatzen dute», azaldu du bere aita Pablo Echartek.

Betidanik akrobaziak egiteko eta edozein lekutan eskalatzeko joera handia izan duela gaineratu du bere aitak. «Pandemian itzulipurdiak eta akrobaziak egiten ikasi zuen, eta parkour egiten ikasi zuen bideoen bitartez. 2023an zortzigarren geratu zen Espainiako Txapelketan», zehaztu du. «2024an berriro akrobaziak entrenatzen hasi zen astean behin Backflip Navarran, eta lehiatzeko grinak kirolez aldatzera eraman zuen eta gimnastika artistikoan hasi zen erabat. Parkourra kirol moduan oso modalitate gaztea da, txapelketa gutxirekin, eta horregatik erabaki zuen aldatzea». Orain lortu berri dituen emaitzek hauspoa eman diote Echarti. «Iruñera joateko ordubeteko bideaz ahazteko modua ematen digu, eta datorren denboraldiari ilusioz aurre egiteko», esan du bere aitak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!