Wifi sare publiko eta irekia jarri du martxan Tolosako Udalak

Ataria 2025eko uztailaren 9a

Usabal kiroldegian erabilgarri dago sarea.

Udalaren eraikinetan eta haien inguruan dago erabilgarri 'Wifi Tolosa' sarea, hala nola, kultur etxean, kiroldegian eta liburutegian.

Tolosako Udalak Wifi Tolosa izeneko wifi sare publikoa eta irekia martxan jarri du herritarren eskura, udal eraikin publikoetan eta haien inguruan konektagarritasuna eta irisgarritasuna sustatzeko helburuarekin. Beraz, aurrerantzean, Tolosako biztanleek edo bisitariek interneterako sarbidea modu errazean eta doan izango dute.

Sare berrira konektatzeko prozesua «oso erraza» dela esan dute udaletik: mobileko konfigurazioetan sarea bilatzeko aukeran Wifi Tolosa izenekoa aukeratu behar da, eta ondoren, erabilera-baldintza onartu besterik ez da egin behar. Behin sartzeko bide hori egin ostean, erabiltzaileak automatikoki konektatuko dira hurrengo aldietan.

Udaletik nabarmendu dute zerbitzu berriak internetaren erabilera herritar guztiengana iristea ahalbidetuko duela, «doan eta modu seguru batean». Ekimena Tolosaren modernizazio-prozesuaren barruan kokatzen da, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta irisgarritasuna sustatzeko tresna gisa.

Udalak wifi sare publikoa ezartzeko estrategiak zenbait fase aurreikusten ditu. Horrela, lehen fasean, wifi irekia Tolosako Udalaren eraikinetan eta haien inguruan erabiltzeko aukera ezarri da, hala nola kultur etxean, liburutegian, kiroldegian, udaletxean eta Gorosabel eraikinean. Bigarren fase batean, wifi sarea herriko beste gune batzuetara zabaltzea aurreikusi du udalak, herriko plaza nagusietara, kasu.  

Udalak sare berria probatzera gonbidatu ditu herritar guztiak, eta konexioan arazoren bat bada, udalarekin harremanetan jar daitezela eskatu die, erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena izan dadin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!