Euskal Herriko Gazte Orkestrak Jon Esnaolaren 'Luur' obra estreinatuko du

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko uztailaren 9a

Jon Esnaola Agirre musikagile tolosarra. Argazkia: Eusko Ikaskuntza.

Ostiralean, uztailak 11, interpretatuko dute, lehen aldiz, musikagile tolosarraren lana, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan; 'Luur' obrak Nestor Basterretxea omentzen du.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Jon Esnaola Agirre (Tolosa, 2000) musikagile gaztearen Luur obra sinfonikoa estreinatuko du, ostiralean, Gasteizen, 19:30ean hasita, Jesus Guridi kontserbatorioan egingo duen kontzertuan. Diego Martin Etxeberriak zuzenduko du emanaldia, eta Esnaolaren obraz gain, Aaron Coplanden Fanfare for the Common Man eta Dmitri Shostakovichen 5. sinfonia interpretatuko ditu orkestrak. «Gerrek eta gatazkek markatutako egungo testuinguruan, bakearen aldeko keinuaren isla da programa hau, eta mezu humanista eta itxaropentsu sakona zabaldu nahi du», adierazi du orkestrak.

Apirilean, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria irabazi zuen Esnaolak. LUUR, Nestor Basterretxearen oroimenez musika proiektuari esker eskuratu zuen, eta aitortza publikoa ez ezik, 6.000 euroko saria ere jaso zuen. Aurrez, sei hilabete eman zituen tolosarrak orkestra sinfonikoentzako obra konposatzen. 76 interpreterentzat idatzitako lana da eta 10 minutu inguru irauten du. Orduan eman zuten jakitera EGOk udan estreinatuko zuela Luur.

Gasteizen ez ezik, Bilbon eta Donostian kontzertu bana emango du orkestrak, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan ere interpretatuko dute Esnaolaren lana. Arabako hiriburuko programa errepikatuko dute bi saio horietan. Bilbokoa, uztailaren 14an, astelehena, izango da, 19:30ean, Euskalduna Jauregian; Donostiakoa, berriz, hilaren 15ean, asteartea, ordu berean, Victoria Eugenia antzokian. Hiru kontzertuetarako sarrerak Egofundazioa.eus webgunean erosi daitezke.

Saritutako obraren «bikaintasun artistiko eta teknikoa, euskal kulturarekin eta ondarearekin duen konpromiso handia eta, aldi berean, erreferente artistiko handiekin hitz egiteko duen gaitasun nabarmena» azpimarratu zituen epaimahaiak. «Horri gehitu behar zaio kanpoko proiekzioa duten euskal sortzaileen belaunaldi berriaren begirada garaikidea eta pertsonala», adierazi zuten.

Esnaolak Nestor Basterretxea artistaren omenez idatzi zuen obra, Basterretxeak berak, Larruquertekin eta Oteizarekin batera, 1968an egindako Ama Lur dokumentalean oinarrituta. «Folklore autoktonoaren elementuak jaso eta berrinterpretatzen ditu, ikuspegi abangoardista eta berritu batetik abiatuz». Horrela, konpositoreak azaldu nahi du «egungo lengoaia artistikoek modu bizian, eguneratuan eta eraldatzailean hitz egin dezaketela kultur ondarearekin».

Euskal eskultoreen irakurketetatik abiatuta, beste hainbat lan ere ondu ditu aurrez sariaren irabazleak, hala nola, Eduardo Txillidaren eta Jorge Oteizaren obrak oinarri izan dituztenak. Proiektu berria, halaber, «natura defendatzeko eta babesteko kantu bat eta dei bat» ere badela gehitu dute sariaren sustatzaileek, eta «oinarri ekologista nabarmena» duela. Esnaolak esan du «lurraren inguruko erritual bat» dela. «Hala ere, ez da planetari buruz ari, baizik eta zapaltzen, dantzatzen, lantzen eta deuseztatzen dugun lurrari buruz baizik. Hau dela eta, sonoritatea iluna, goibela eta ezkorra da», azaldu du tolosarrak.

Esnaolak 24 urte besterik ez ditu, eta konposizio arloko ikasketak burutu berri ditu Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Gainera, Luur grabatzea izan da gradu amaierako proiektua; Bilboko Orkestra Sinfonikoak grabatu zuen, Nacho de Pazen zuzendaritzapean. Tolosarrak bi aldiz jaso du Euskadiko Musikari Gazteen Lehen Saria, eta Perkusio Arteen Italiako Elkartearen Saria eta Madrilgo Zarzuela Antzokiaren Konposizio Saria ere lortu ditu. Halaber, Euskal Herriko Musikagileen Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!