Gure Zirkuak jaso du aurtengo Abadia Saria, «komunitate oso bati elkarrekin euskaraz bizi eta sentitzeko plaza berritzailea eskaintzeagatik». Atzo egin zuten saria banatzeko ekitaldia Eibarren, eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak Gure Zirkuaren familia osatzen duten kide guztiak zoriondu zituen egindako lan guztiagatik, eta aurrera begira ere, «emozioak pizten» jarraitzea opa zien, «euskararen herriak segi dezan irri eta amets egiten, eta euskaraz egin dezan».
Zazpi Petaloak saria
Diputatu nagusiaren eskutik jaso zuten Abadia Sariaren Zazpi Petaloak oroigarria Gure Zirkuko kideek. Ekitaldian Gozategi anaien musikaz eta Juantxo Zeberioren pianoaz gozatzeko aukera izan zuten eta, ekitaldiari amaiera, Elena Arandiaren ahotsarekin eta guztiek batera Beti zure ondoan kantatzen eman zioten, zirkuko emanaldietan egin ohi duten moduan.
Iker Galartzak sariagatik eskerrak eman eta astero astero Gure Zirkura etortzen diren ikusleak izan zituen gogoan, baita etengabe laguntza ematen dieten kolaboratzaileak ere. Adierazi zuenez, karpan sartzen direnek «sentitzen dute hemen komunitate bat, herri bat», eta Etxepare gogoan, euskaraz «eskriba daitekeela, artista izan daitekeela, zirkua egin daitekeela» aldarrikatu zuen tolosarrak. «Gure umeen erreferentziak ez dira kanpoko izarrak bakarrik izango. Talde honetako artista guztiak erreferenteak zarete. Ikusten zaituztenean gazteak jabetuko dira gauza ederrak egin ditzakegula eta zuen pausoak jarraitu ditzaketela», aipatu zuen.
Iker Galartzaren beraren ekimenez eta Joseba Usabiagaren laguntzaz, 2017an sortu zuten Gure Zirkua, Euskal Herrian sorturiko zirku ibiltaria, bertako langile eta artistek egiten dutena eta euskalduna. Geroztik, herriz herri, ibilbide esanguratsua ari dira pilatzen Euskal Herri osoan zehar, zirkuan parte hartzen duten artisten sormen lan ederrari esker. Egunotan Eibarko Arrateko gainean aurkitzen da zirkua, eta datozen egunetan bertan eskainiko dituzte emanaldiak.
Aldunditik azaldu dutenez, Gure Zirkuari Abadia Saria emateko garaian, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontuan izan zuen «modu eredugarrian elkartasuna, sormena eta inklusioa» landu izana. «Euskarazko zirku bakarra izanik, haurren garapena, komunitatearen kohesioa eta euskal kulturaren aniztasuna bultzatu ohi ditu. Gainera, sentipen, umore eta emozioz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak elkartu eta ondo pasatzeko plaza berria eskaini dio euskarari eta euskaldunon komunitateari».
25.urteurrena
Aurtengo edizioarekin 25.a izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Abadia Sariak. «1996an martxan jarri zenetik, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortu du. Mugarri horrekin bat, errekonozimendu horren garrantzia instituzionala areagotzeko erabakia hartu dugu, saria bera eguneratzeko oinarriak jarriz eta aitortzari oihartzun handiagoa eskainiz», adierazi zuten aldunditik. 25. edizioa ospatzeko, gainera, programazio eta ekintza bereziak antolatu zituzten, «euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egiteko asmoz».