Aurten, Gure Zirkuak jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Abadia Saria. Aldunditik azaldu dutenez, «aisiaren eta dibertimenduaren bidez, euskarari egin dion eta egiten dion ekarpen berritzaileagatik» emango diote saria Tolosaldean jatorria duen proiektuari. «Euskararen normalizazioa, kulturaren deszentralizazioa, familia arteko aisialdia eta bertako talentuaren sustapena uztartzen ditu modu berritzaile eta atseginean», nabarmendu du Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak. «Modu horretan, euskal hizkuntzaz eta euskaraz sortutako kulturgintzaz gozatzeko parada eskaintzen die haur, gazte zein helduei», gaineratu du.
Abadia Saria emateko ekitaldia ekainaren 19an egingo dute, Eibarren. Bertan jasoko dute Gure Zirkuko ordezkariek merezitako aitortza. Iker Galartza eta Joseba Usabiagak gidatzen duten proiektua saritzeko garaian, «modu eredugarrian, elkartasuna, sormena eta inklusioa landu izana» ere kontuan izan du Aldundiak. «Euskarazko zirku bakarra izanik, haurren garapena, komunitatearen kohesioa eta euskal kulturaren aniztasuna bultzatu ohi ditu. Gainera, sentipen, umore eta emozioz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak elkartu eta ondo pasatzeko plaza berria eskaini dio euskarari eta euskaldunon komunitateari», gehitu du Mendizabalek.
Foru zuzendariak gogorazi duenez, Euskaraldian gauden garaian, «azpimarra jartzen ari gara euskara erabili eta erabilera hori gozagarri egitearen garrantziaz». Hain zuzen ere, Gure Zirkua horretarako espazioa dela esan du. «Zirkuaren tradizioan ohikoak diren diziplina artistikoak gure hizkuntzara eta kulturara ekarri, gune berean batu, eta herritar eta belaunaldi anitzek elkarrekin euskaraz bizi eta sentitzeko ikuskizun gogoangarria sortu du. Horrekin, euskarari leiho eta muga berriak eskaini dizkio».
2017an sortu zuten Gure Zirkua, Euskal Herrian sorturiko zirku ibiltaria, bertako langile eta artistek egiten dutena eta euskalduna. Geroztik, urtero, herriz herri, ibilbide esanguratsua burutzen ari da, herriz herri, euskararen herri osoan zehar, zirkuko artisten sormen lanari esker. «Ohore handia izango da guretzat saria jasotzea. Lanean jarraitzeko indarra eta adorea ematen digute gisa honetako aitortzek», adierazi dute zirkuko kideek.
Mende laurdena
Abadia Sariaren aurtengo edizioa berezia izango da, 25.a izango baita. «1996an martxan jarri zenetik, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortu du. Mugarri horrekin bat, errekonozimendu horren garrantzia instituzionala areagotzeko erabakia hartu dugu, saria bera eguneratzeko oinarriak jarriz eta aitortzari oihartzun handiagoa eskainiz», adierazi dute aldunditik.
25. edizioa ospatzeko, gainera, programazio eta ekintza bereziak egingo dituzte aurten, «euskaltzale eta, oro har, herritar orok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egin dezan». Hasteko, maiatzaren 31n, Hendaiako Abadia jauregian kontzertua eskainiko du Ruper Ordorikak, iaz Abadia Saria jaso ostean. Formatu txikiko kontzertu irekia izango da, baina beharrezkoa izango da aurrez gonbidapenak lortzea. Horretarako, jada eman daiteke izena Gipuzkoa.eus/abadiasaria atarian.
Ekainaren 3an, Anton Abadiaren bizitza ibilbidea eta ekarpena gertuagotik ezagutzeko aukera izango da Harkaitz Cano idazlearen eta Badalab Hizkuntza Laborategiko zuzendari Goiatz Oiartzabalen eskutik, Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean grabatuko duten bideo-podcast saioan. Aldi berean, Abadiaren biografiaren berrargitalpena eta itzulpena aurkeztuko du Foru Aldundiak, Elkar argitaletxearekin eta Euskal Hiri Elkargoarekin lankidetzan. Iñigo Sagarzazuk 1997an Anton Abadiaren inguruan argitaratutako Abbadie biografia euskarara eta frantsesera ere ekarri dute, aurretik gaztelaniaz soilik aurkitu zitekeen eta.
Ipar Euskal Herriko Plazara kolektiboak, berriz, Anton Abadiari buruzko scape room erronka sortuko du eta Abadia jauregian bertan martxan jarriko du egun batez, Anton Abadia ezagutzeko aukera entretenigarri bat sortuz.