Tolosako kultur ikastaroetako 185 ikasleren lanak ikusgai egongo dira Aranburu Jauregian

Ataria 2025eko ekainaren 19a

Aurreko ikasturte bateko kultur ikastaroetako ikasleek Aranburu Jauregian ikusgai jarritako erakusketa.

Gaur izango da inaugurazio ekitaldia, 19:00etan, eta uztailaren 12ra bitarte, askotariko lanak ikusi ahal izango dira, asteartetik larunbatera.

Urtean zehar Tolosako Udalak antolatutako kultur ikastaroetan parte hartu duten ikasleek beren lanak erakutsiko dituzte, urtero bezala, Aranburu Jauregian. Guztira, 185 ikasleren lanak izango dira ikusgai jauregiaren bi solairuetan, ekainaren 19tik uztailaren 12ra arte.

Diziplina artistiko ugari barne hartuko ditu erakusketak, hala nola, argazkigintza, zeramika, pintura eta brodatuak. Bisita ordutegia ohikoa izango da, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era. Jaiegunetan itxita egongo da eta, beraz, San Joan egunean ezingo da erakusketa bisitatu.

Bestalde, datorren urteko tailerretan izena emateko epea uztailean zabalduko dute eta sanjoanen ostean emango ditu udalak horren inguruko xehetasunak.

Antzerki emanaldia, bihar

Bihar, hilak 20, antzerki tailerrean aritutako ikasleen emanaldia izango da Leidorren, 20:00etan. Lehen aldiz, Amaia Ruiz de Galarretaren gidaritzapean egin dute tailerra ikasleek, eta aurten 7 bekatuak lana eskainiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!