Bilera giro «eraikitzailean» egin zutela esan dute alkateen mugimenduko kideek, eta hainbat informazio eman dietela esan dute. Batetik, Osasun sailak berretsi die bost urteko epean osasun zentro berria martxan jartzeko konpromisoarekin jarraitzen duela. Bestetik, esan diete Tolosakoa ez dela izango eskualdeko ospitale autonomo bat, Donostiako Ospitalearen adar bat baizik; «ospitalizazioaz gain, konplexutasun txikiko kirurgia egingo da eta ebakuntza konplexuak, aldiz, Donostiako Ospitalean». Osasun sailak esan die, era berean, froga osagarrietan, kolonoskopiak kasu, erreferentzia izateko bokazioa izango lukeela. Zehaztasun guztiak bilduko dituen plan funtzional berriaren lanketa egiten ari dira sailean. «Martxan egon arte, lizitazio berri bat egingo dute zerbitzua ematen jarraitzeko. Alkateon Mugimendutik klinikako zerbitzua hobetzeko neurriak har ditzatela eskatu diegu. Dagoeneko hainbat neurri aztertzen ari direla esan digute. Aldiz, erabat baztertu dute Asuncion Klinika publifikatzeko aukera, eta guk gogorarazi diegu bertako langileen etorkizunak kezkatzen gaituela».
Kokalekua
Eraikin berriaren kokalekuari dagokionez, udalekin batera, Tolosako orubea bisitatu eta aztertzeko konpromisoa hartu dutela esan dute alkateek. «Orain, zehaztasun handiagoa duen planteamenduaren zain geratuko gara alkateok. Plan funtzional berri hori ezagutu bitartean, eskualdeko alkateon gure konpromisoa berresten dugu elkarlanaren bidea jorratzen jarraitzeko, Tolosaldearentzat kalitatezko osasun publiko integrala bermatu arte. Bide horretan, Tolosaldeko herritarrekin batera behar dugun osasun arreta publiko integral eta kalitatezkoaren alde lanean jarraituko dugu».
Hain justu, komunikabide batek xehetasun gehiago eman ditu gaur, Osasun saileko iturriak aipatuz. Ospitale berriak ospitalizazioko 74 ohe, hiru ebakuntza gela, miaketarako bi gela – endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako –, anestesiaren ondoko errekuperaziorako unitate bat (ABU) eta larrialdietako etengabeko arretako puntu bat (EAG) hartuko dituela esan du, baita erradiologiako eta errehabilitazioko zerbitzua ere. Aurreikusitako hornidura materialarekin, ospitaleak ahalmena izango du urtean 3.000 endoskopia-azterketa eta 1.200 kirurgia-prozedura egin ahalko dituela gaineratu du. Asuncion Klinikari buruz argitaratu du du Eusko Jaurlaritzak Asuncionekin hitzarmena egiten jarraituko duela.