Pasa den igandean izan zen Antxon Elosegi tolosarraren heriotzaren urteurrena. Tolosak, baina, gogoan du oraindik herrian kulturaren alde egin zuen lana, eta, atzo, Tolosako Ekinbide Etxeak antolatuta, omenaldi xume eta hunkigarria egin zioten Topic museoko antzokian; Eloseguiren senitarteko eta gertukoak bildu ziren, «lagun arteko» ekitaldian. TEE-ko bazkideak ere izan ziren, baita Andu Martinez de Rituerto egungo alkatea eta zenbait zinegotzi, eta Olatz Peon, Antton Izagirre eta Jokin Bildarratz alkate ohiak ere.
Une politak bizi izan ziren, eta horietako bat betirako gordeta geratuko da. Izan ere, aurrerantzean, Antxon Elosegui izena izango du aretoak. Ekitaldiaren erdialdera, Kepa Goikoetxea TEE-ko lehendakaria eta Elosegiren senitartekoak antzokiaren sarrerara atera ziren, eta bertan erakutsi zuten Antxonen izena daraman plaka. Maddi Castrok, Elosegiren bilobetako batek, familiaren izenean hitz egin zuen eta, hunkituta, aitonarekin bizi izandako uneak aipatuz, gogora ekarri zuen bere jokabidea: «nola konbentzitzen gintuen, berak bultzatzen zituen proiektu guztietan parte hartzeko».
Irene Larrazak eta Mitxel Ezkiagak aurkeztu zuten ekitaldia, eta lehenik, Pablo Dendaluzek egindako dokumental labur bat proiektatu zuten, eta besteak beste, Elosegi beraren, Jose Inazio Asensioren, Migel Zeberioren eta Ainhoa Artetaren hitzak biltzen zituen. Azken honek honakoa dio ikus-entzunezkoan: «ezinezkoa da Antxon ez maitatzea». Ondoren, banan bana igo ziren oholtzara ekitaldiko protagonistak, Eloseguiren erretratu bat eta bere lelo gogokoenetako bat idatzita biltzen zituen irudiaren aurrera: «lan egin beti biziko bazina bezala, eta gozatu bihar hilko bazina bezala».
Mitxel Perales lagun handiaren hitzaldia izan zen hunkigarrienetakoa. Elosegiri zuzendutako gutun bat irakurri zuen, eta irakurtzen ari zen bitartean, askotan begiratu zion atzeko erretratuari. Gogora ekarri zituen Tolosako Ekinbide Etxearen jatorria eta ibilbidea, eta esan zuen, 250 ekintza bultzatzera heldu zela. Ricardo Ugarte eskulturagileak ere hitz egin zuen. Tolosarekin duen lotura gogoratu zuen, eta Eloseguiren lagun izateaz «harro» zegoela nabarmendu zuen. Halaber, eskulturek herrian lekua izan dezaten Elosegik egindako lana goraipatu zuen. TEE-k txotxongiloekin duen loturaren erakusgarri, Enkarni Genuak eta Marionak ere parte hartu zuten omenaldian.
Musika ere protagonista izan zen. Et Incarnatus orkestrak, inauteriekin lotura duten lau obra interpretatu zituen; lehena, Gure Txokoa elkartearen ereserkia. Migel Zeberio zuzendariak azaldu zuen obra hori aukeratzearen zergatia: «Zenbait bazkaritan bat egin nuen Antxonekin, eta horietan, berak ateratzen zuen kantuaren partitura, eta beti animatzen gintuen interpretatzera». Ondoren, Parrita en Tolosa inauterietako pasodoblea interpretatu zuen orkestrak, Elosegik zezenketekin izandako lotura gogora ekarriz. Gero, Molinatxo habaneraren moldaketa bat jo zuen. Eta azkenik, Kabila elkartearen ereserkiaren moldaketa interpretatu zuen Et Incarnatusek. Kabilarena eta lehen biak Jon Esnaola ekitaldian bertan izan zen musikagile tolosarrak egindako moldaketak dira.
Azkenik, eta nola ez, abesbatza ere protagonista izan zen ekitaldian; Hodeiertzek hiru kantu interpretatu zituen. Omenaldiari amaiera emateko, abesbatza oholtzan zela, Larrazak publikoa zutitzera animatu zuen, eta Agur Jaunak kantatu zuten, denek elkarrekin.