Artxiboen Nazioarteko Astea delako eta lurraldearen izenaren, Ipuskoa hitzaren, 1000 urte ospatzen direla kontuan hartuta; Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak eta Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorrak ate irekien saioak egiten ari dira.
Tolosako saioak gaur eta bihar ari dira egiten, eta bisitariek sarbide mugatuko eremuetatik igarotzeko aukera izango dute. Olatz Etxeberria artxibo teknikariak adierazi duenez, bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke, eta herritarren erantzuna «paregabea» ari da izaten. «Egunero, hiru bisita gidatu egingo ditugu: goizean bi, 10:00etan eta 12:00etan, eta arratsaldean bestea, 16:00etan. Bisita bakoitzean bi talde egiten ditugu, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Talde bakoitzak gehienez 15 lagun ditu eta saioak ordu eta erdi irauten du». Bisita gidatuetan parte hartzeko erreserba guztiak bete direla kontuan hartuta, «egun bakoitzean 90 bisitari» izango direla gehitu du Etxeberriak.
Gaurko saioan izan diren bisitari asko, sarritan artxibora ikertzera etortzen direnak dira. «Ate ireki hauei esker, lehen aldiz artxiboa bere osotasunean ezagutzeko aukera izan dute», aipatu du teknikariak. Gainontzeko bisitariak, artxiboa barrutik ezagutzeko interesa agertu duten Tolosaldeko eta Gipuzkoako jendea izan da.
Artxiboak biztanleriarentzat irekita
Jardunaldi hauek antolatzearen helburu nagusia, «artxiboak biztanleriari irekita daudela adierazteko» dela esan du Etxeberriak. Horretaz gain, ate irekietan artxiboek zer funtzio betetzen duten erakutsi nahi dute.
Bisitariak artxiboko zenbait gunetatik igarotzeko aukera du, baita sarbide mugatuko eremu batzuetatik ere, hala nola, gordailuak, lan-aretoa eta zaharberritze-tailerra. Era berean, XV. mendetik XX. mendera bitarteko jatorrizko dokumentuak erakusten ari dira artxiboko kideak.
Kilometrotako ondarea
Tolosako artxiboan aurkitzen diren dokumentu guztiak, apal artxibistikoetan aurkitzen dira. Bitxikeria modura, apal horiek guztiak ilaran jarri ezkero, 5,5 kilometroko luzera izango lukeela aipatu du Etxeberriak. «Artxiboetan dokumentuen neurria metro linealetan neurtzen da, eta apal artxibistikoen bidez ahalik eta espazio gehien aprobetxatzen dugu».
Online katalogoa eskuragarri
Artxibora aurrez-aurreko kontsultak egitea ezinezkoa zaien guztientzat, Gipuzkoako artxibo ataria deituriko online katalogoan egin daitezke bilaketak. Bisitan zehar gida lanetan aritu den Maider Etxagibelen hitzetan, gaur egun egiten diren bilaketen %98 katalogo honen bitartez egiten direla azpimarratu du.