Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak iragarri duenez, ekainaren 9tik 13ra ospatuko da Artxiboen Nazioarteko Astea. Aurtengo leloa Artxibo irisgarriak. Artxiboak guztiontzat da, artxiboek mundu mailako publikoarengana iristeko duten gaitasuna azpimarratzeko asmoarekin. Horrez gain, 2025a urte berezi izaten ari dela nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldearen izenaren, Ipuskoa hitzaren, 1000 urte ospatzen baitira, Ipuskoa. Izanetik izena. 1025/2025 proiektuaren baitan.
Bi gertaera hauek batuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko artxibo historikoek, Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak eta Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorrak ate irekien saioak egingo dituzte. Doakoak izango dira, eta herritar orok joateko aukera izango du. Bisiten helburua artxiboen egunerokoa nolakoa den ezagutaraztea da.
Tolosako saioak ekainaren 11n eta 12an izango dira. Egunero, hiru bisita gidatu egingo dira: goizean bi, 10:00etan eta 12:00etan, eta arratsaldean bestea, 16:00etan. Bisita bakoitzean bi talde egingo dira, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Talde bakoitzak gehienez 15 lagun izango ditu eta saioak ordu eta erdi iraungo du, gutxi gorabehera.
Bisitariak artxiboko zenbait gunetatik igaroko dira, baita sarbide mugatuko eremu batzuetatik ere, hala nola, gordailuak, lan-aretoa eta zaharberritze-tailerra. Era berean, XV. mendetik XX. mendera bitarteko jatorrizko dokumentuak erakutsiko dituzte artxiboko kideek. «Gipuzkoako historiarako interes berezia duten agiriak dira», esan du Aldundiak.
Bisita gidatuetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez erreserba egitea. Hiru aukera daude horretarako: 943 41 52 62 telefono zenbakira deitu, 8:30etik 14:30era, agg-gao@gipuzkoa.eus helbide elektronikora mezua bidali edo inprimaki hau bete.