Bigarren etapa burutu berri du San Migelgo ateak

Endika Apalategi Labayen 2025eko ekainaren 10a

Erromesaldiaren bigarren etapa Villabonatik abiatu da 09:00etan, eta Anoeta igaro du ondoren; Tolosan, Herrikide ikastetxeko haurren ongietorriarekin, eman zaio amaiera 6 kilometroko ibilbideari.

11:30ean iritsi da San Migelgo ate berritua San Frantzisko pasealekuan barna Tolosara. Herritar ugari bildu da Herrikide ikastetxean, eta ikasleekin batera, ongietorria eman die erromesaldiari. Harrera txalaparta doinuz, dantzariekin eta Angel Peñagarikano eta Bixente Gorostidik abestutako bertsoekin alaitu dute.

Andu Martinez de Rituerto alkatea ere bertan izan da, eta hitz batzuk eskaini dizkie Alfonso Garciandia, Aralarko San Migel santutegiko kapilauari eta erromesaldiko beste kideei. Herrikide ikastetxeko ikasleek berriz, hainbat oroigarri eta opari egin dizkiete.

Herritarrek atea ikusteko aukera

Bigarren etapa burutu ostean, San Esteban elkartean erromesaldia egiten ari direnekin bazkaria egiteko baliatu dute Herrikide ikastetxekoek. 17:00etatik 20:00etara, ikastetxeko ateak zabalduko dituzte San Migelgo atea ikusi nahi duten herritarrentzat.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!