Aralarko San Migelgo ate berritua eskualdean da jada

Endika Apalategi Labayen 2025ko eka. 9a, 17:00

Gaur hasi eta hilaren 15era bitarte, zazpi etapako erromesaldian garraiatuko dute Albaolan berritu duten Nafarroako santutegiko atea, lehen hiru egunak eskualdean eginez.

2024ko urrian Aralarko San Migel santutegiko ateari eraso egin zioten. Albaola itsas museora eraman zuten konpontzera, eta behin eraberrituta, Aralar aldera eramaten ari dira era berezian: San Pedroko Albaolatik gaur abiatu dira, eta Aralarrera bitarte zazpi etapako erromesaldia egingo dute.

Santutegiak antolatutako ibilbidea irekia izaten ari dela azaldu dute, «jai girokoa eta tradizionala». Erromesaldia Albaola Itsas Kultur Faktoriaren tailerretik hasi da, atearen irteerarekin batera. Atea idiek tiratutako gurdi batean ari dira garraiatzen, eta Gipuzkoako eta Nafarroako 86 kilometro eta 21 herri zeharkatuko dituzte. Txistulariak, bertsolariak eta herriaren deboziozko adierazpenak izaten ari dira bertan, antzinako erromesaldiak eta lurraldearekiko loturak gogora ekarriz.

Hiru etapa eskualdean 

Erromesaldiaren ibilbideari dagokionez, eskualdeko bost herri zeharkatuko ditu lehen hiru egunetan. Lehen etapa, gaur burutu dena, Astigarragan hasi eta Villabonara bitartekoa izan da. 15 kilometro sei orduko denboran eginez.

Biharkoa, erromesaldiaren bigarren etapa izateaz gain, laburrena ere izango da. Villabonatik 09:00etan abiatuko dira Anoetara bidean, eta 10:40ean Tolosatik igarota, amaituko da eguna. Guztira 6 kilometro izango ditu biharko ibilbideak. 

Haurren ongietorria

Erromesaldia Tolosan sartzearekin batera, Herrikide ikastetxeko haurrek ongietorria egingo diote Aralarko Santutegiko ateari. Ikastetxetik jakinarazi dutenez, hamabi urte bitarteko ikasleek San Frantzisko pasealekuan txalaparta doinuz eta bertsoak kantatuz egingo die harrera; eta etapa amaitzean, herritarrek atea ikusteko aukera izango dute egun osoan zehar.

Etaparik luzeena

Eskualdetik igaroko den hirugarren eta azken etapa berriz, denetan luzeena izango da, 19 kilometrorekin. Tolosatik 09:00etan abiatuta, Alegiara 10:00etarako iristea espero dute, eta Ikaztegieta izango da 10:50ean erromesaldiari ongietorria egingo dion eskualdeko azken herria. Ondoren, Aralarko atea Goierrin sartuko da eta etapari amaiera Lazkaon emango zaio.

Gainontzeko etapak

Laugarren etapa, ekainaren 12an izango da eta 10 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute. Lazkaon hasi eta Ataungo San Gregorio auzoan emango zaio amaiera.

Bosgarren etapa, ekainaren 13an izango da eta 17 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lizarrusti gainan hastearekin batera, Gipuzkoa agurtu eta Nafarroan sartuko dira etapa Etxarri-Aranazen amaituz.

Seigarren etapa, ekainaren 14an egingo dena, 10 kilometrokoa izango da. Etxarrin hasi eta Uharte Arakilen amaituko da.

Zazpigarren eta azken etapa, ekainaren 15ekoa, 11 kilometrokoa izango da. Uharte Arakilen hasi eta santutegira bitarteko ibilbidea burutzearekin batera emango zaio amaiera Albaolak garatu duen egitasmoari. Topaketa jai giroan amaituko da, pintxo-jate herrikoi batekin eta dantza tradizionalekin.

 

 
 
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!