Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak San Joan jaien aurkezpen prentsaurrekoa baliatu du, Jose Mari Anza Oroimenezkoa txirrindulari probaren aurtengo edizioa ez antolatzearen inguruan udalaren ikuspegitik azalpenak emateko. Asteartean eman zuen ATARIA-k erabakiaren berri, eta orduan, udalak azalpenak eman zituen. Gaur, baina, zehatzago hitz egin du alkateak.
Lehenik, esan du «harridura eta tristura handia» sortu diela erabakiak, bai udal gobernuko kideei, baita kirol saileko teknikariei ere. «Udalak beti izan du, badu eta izango du horrelako ekitaldiak laguntzeko jarrera eta, oraingoan ere, ez da ezer aldatu udalaren aldetik, aurreko edizioekin alderatuta». Alkateak uste du «gaizki ulertu handia» egon dela. «Are gehiago, sanjoanetako egitarau ofizialean sartu genuen, eta etxera helduko den egitarauan azalduko da, erabakia hartu aurretik baitzegoen inprentan. Brigadak eta Udaltzaingoak ere bere eguneroko lanetan sartuta zuten lasterketa honen harira egin beharreko lanak».
Alkateak azaldu du udalak urte osoko hitzarmena egiten duela Oriako Txirrindulari Eskolarekin, herriko beste kirol talde askorekin egiten duen bezala, eta hitzarmen horretan jasotzen dela, besteak beste, zertarako ematen den diru laguntza: lasterketak antolatzeko, kirolaren sustapenerako, materiala erosteko, mantenurako... «Hitzarmenean ez da zehazten horietako kontzeptu bakoitzerako kopuru bat. Udalak diru kopuru osoa ematen dio kirol taldeari, eta taldea bera arduratzen da horren kudeaketaz eta banaketaz», argitu nahi izan du Martinez de Rituertok.
Aldi berean, alkateak adierazi du hitzarmenak «aldaketa bakarra» izan duela aurten, eta ulertzen dutela gainera, «positiboa» izan dela. «Azken bi urteetan, 16.000 euroko diru laguntza jaso du Oriakok, 2022arekin alderatuta, 4.000 euro igota. Ziklokrosa antolatzeko gehitu zen kopurua, aurreko agintaldian. Aurtengorako, emakumeen txirrindularitza babesteko proposamena jaso genuen, sortu duten taldearen harira, eta ontzat ikusi genuen, eta 18.000 eurora igo genuen laguntza».
Amaitzeko, esan du horregatik guztiagatik diotela gaizki ulertuarena. «Proiektu hori aurkeztu ziguten moduan, lasterketarekin zituzten arazoak bere garaian mahai gainean jarri izan balituzte, saiatuko ginatekeelako laguntzarako bideak aurkitzen. Tamalez ez da horrela gertatu, eta arazoak zeintzuk ziren jakin dugunerako, berandu zen eta ez zegoen aukerarik egoera zuzentzeko».
Alkateak gaineratu du «tradizio handiko» lasterketa dela, eta ez zutela «inolaz ere» etenik nahi. «Espero dugu urtebeteko etena soilik izatea. Oriako Txirrindulari Eskolako ordezkariekin bildu nahiko genuke, zer gertatu den aztertzeko, egoera zein den ezagutzeko eta laguntzeko borondate osoa adierazteko», zehaztu du.