Afizionatuen txirrindulari probarik ez da izango aurtengo sanjoanetan

Imanol Garcia Landa 2025eko ekainaren 3a

Iazko Jose Mari Anza Oroimenezkoaren sari banaketa.

Jose Mari Anza Oroimenezkoa ekainaren 22an egitekoa zen eta bere 47. aldia litzateke. Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen du eta aurtengoan ez egitearen arrazoia diru falta dela azaldu dute.

Aurten ez da Jose Mari Anza Oroimenezkoa txirrindulari proba egingo. Tolosako San Joan jaien inguruan antolatu ohi dute, eta aurtengoan ekainaren 22an egitekoa zen. Gizonezko txirrindulari afizionatuek parte hartzen dute proban, eta aurtengoa 47. aldia izango zuen. Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen du proba, eta aurtengoan proba ez egiteko arrazoia diru falta dela azaldu dute. «Udalari eskatu diogu laguntza gehiago proba antolatzeko, baina urte osorako ematen duen diru laguntzatik aparte ezin dutela eman zehaztu dute», azaldu du Aitor Aiertza Oriakoko lehendakariak. «Urtero zulotxoa sortzen digu, eta horrek suposatzen du eskolako egiturazko aurrekontutik kentzea».

Proba ez antolatzeko emandako arrazoiak harriduraz hartu dituzte Tolosako Udaletik. 2021 urtetik diru laguntza izendunak ematen dituztela azaldu dute udaletik, eta Oriako Txirrindulari Eskolak urte osorako jasotzen duela kopuru bat. Diru laguntza horien barruan probak antolatzea sartzen dela gaineratu dute.

Bere aldetik, Tolosako EAJk ohar bidez eskatu du txirrindulari proba berreskuratzea, «Tolosa eraikitzen duten ekimen eta eragileek udalaren laguntza behar eta merezi dutela iruditzen zaigulako».

Abraham Olano martxa zikloturista, zalantzan

Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen duen Abraham Olano martxa zikloturistaren aurtengo edizioa egingo den zalantzan dago. Ekainaren 15ean egitekoa da, baina oraingoz ez dago parte hartzaile nahikorik izena emanda. «Martxa honen bitartez eskolarentzat diru sarrera pixka bat lortzeko aukera izaten dugu, baina azken urte hauetan ikusten genuen partaidetza jaisten ari zela», esan du Aiertzak. «Astelehenean 40 txirrindulari zeuden izena emanda, eta partaidetza horrekin ikusten dugu zuloa egingo dugula. Izen ematea irekita dago, baina datorren astelehena jarri dugu epea gutxienez 100 parte hartzaile lortzeko. Bestela, bertan behera utziko dugu».

Abraham Olano martxa zikloturistaren ibilbide osoak 133 kilometro ditu, eta 90 kilometro ibilbide motzak. Izena Kirolprobak.com webgunearen bitartez eman behar da, eta lizentzia duten txirrindulariek 30 euro ordaintzen dute eta lizentzia ez dutenek, berriz, 45 euro.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!