Tolosako San Joan jaiak 2025

Txupinazoa kantuan, eta kuadrillak baltsa gainean

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko eka. 5a, 16:31

Angel Ligeroren 'Tradizioak' kartelak iragarriko ditu ekainaren 20tik 24ra ospatuko diren San Joan jaiak, eta Tolosa Kantarik lehertuko du suziria; aurreko asteburuan ere ekitaldi ugari izango dira.

Tolosa eta tolosarrak prest daude San Joan festak ospatzeko. Ofizialki ekainaren 20tik 24ra ospatuko badira ere, aurreko asteburuan, hilaren 14an eta 15ean, jai giroko ekitaldi ugari izango dira herrian. Hori dela eta, udalak eta jaietan parte hartuko duten eragileetako batzuek gaur aurkeztu dute aurtengo egitaraua. Herritarrek datozen astetik aurrera jasoko dute etxeetan.

Txupinazoa ekainaren 20an izango da, 18:00etan; beraz, 15 egun besterik ez dira falta. Aurten, gainera, Tolosa Kantari taldeak jaurtiko du, Jai Batzordeak, eragileek eta herritarrek hala aukeratuta. Goiuri Ezeiza kultura zinegotziak adierazi duenez, «kantu herrikoiak eta Tolosa bera bizirik mantentzeko eta musikaren bidez herritarrak batzeko egiten duten ahaleginagatik» aukeratu dute jaiak iragartzeko ardura izango duen taldea. 

Aurten, lehen aldiz, tolosarrei zabaldu die Jai Batzordeak suziria lehertuko duen norbanako edo taldea proposatu eta hautatzeko aukera. Guztira, 100 lagunek parte hartu dute proposamen eta hautagaitza prozesuan. «Proposamen asko jaso dira, eta oso zaila izan da guztien artean aukeratzea, askok merezi dutelako aitortza. Beraz, datozen urteetarako ere bada nondik tira», esan du Ezeizak.

Tolosa Kantariri buruz duen «izaera bateratzailea» nabarmendu du kultura zinegotziak: «Inklusiboa eta lagunkoia da, edonork baitu parte hartzeko aukera. Musikaren eta kantuaren bidez, komunitate izaera sendotzeko tresna da. Herriko kaleak alaitzen dituzte, pasioz eta pozez, eta badakigu txupinazoan bizipoz hori transmitituko dutela».

Evaristo Elduaien Tolosa Kantariko kideak hartu du hitza ondoren. Taldearen izenean, eskerrak eman dizkio Jai Batzordeari: «Oso harro eta pozik gaude hautaketagatik. Eta esker bereziak eman nahi dizkiet proiektua bera posible egiten dutenei, zuzendaritzako kideei eta laguntzaileei».

Angel Ligero artistaren Tradizioak lanak iragarriko ditu aurtengo sanjoanak. Kartel lehiaketara aurkeztu diren lanen artean, epaimahaiaren balorazio onena jaso du bere obrak. Eskopeta baten punta eta bertatik ateratzen diren krabelin zuri eta gorri bana dira karteleko protagonistak.

Lehen asteburua

Kirolak, haurrentzako jarduerak, sagardo txapelketa eta musika izango dira nagusi lehen asteburuan. Ekainaren 14an, larunbata, TAKE saskibaloi taldeak antolatzen duen 3x3 txapelketa ospatuko da; goizean, haurrena, Alondegi plazan, eta arratsaldean, kuadrillen artekoa, San Frantzisko pasealekuan. Aurten, txapelketaren 25. urteurrena da eta modu berezian ospatuko dute. Gainera, iaz zendu zen Ugaitz Sainz taldekidearen izena eman diote txapelketari: Ugaitz 3x3 XXV. San Joan Saskibaloi Txapelketa. Txapelketa medio, trafikoan aldaketak izango dira arratsaldean.

Usabal kiroldegian eta Berazubi estadioan ere kirolaz gozatzeko aukera izango da larunbatean bertan: Urtzi Gurrutxagaren omenezko futbol txapelketa, padela eta gimnasia erritmikoa. Igandean, berriz, T2T eta T3T mendi lasterketa arrakastatsuak egingo dira; Trianguloa plazan izango da irteera eta helmuga.

Igandean, berriz, haurren plaza izango da Zumardiaundia, Haurren Hiria egitasmoa hartuko baitu. Goizetik iluntzera jolasak izango dira, eta, arratsaldean, haurrentzako bi ikuskizun ere bai. Musika ere ez da faltako: klasiko bihurtu diren bi emanaldi izango dira: Buru Bihotzez elkarteak antolatzen duen Orkestrina band Jazpanarena, eta Puro Relajorena.

Kuadrillen txupinazoa, Zerkausian

Oro har, jai egunetako ekitaldiek urteroko eskema jarraituko dute. Kuadrilla Egunean egongo da berrikuntza nagusiena. Jolasak egin ordez, baltsa jaitsiera antolatu dute aurtengo kuadrilla antolatzaileek; hala erabakiko dituzte hurrengo urteko eguneko talde antolatzaileak. 11:00etan izango da ekitaldia, Oria ibaian. TAK-ek Zerkausi azpian duen ontziralekuan amaituko dute eta, gero, Zerkausian botako dute aurtengo txupinazoa, Plaza Berrian beharrean.

Iaz nobedade izan ziren hiru ekitaldiei ere eutsiko zaie. Kuadrilla Eguneko haurrei bideratutako ikuskizuna mantenduko dute, baita zezen suzkoa ere. Aurten, ordea, txupinazoaren egunean izango da, ekainaren 20an, 22:30ean. Igandean, infantil eta kadeteen mailako estropadak jokatuko dira Oria ibaian, TAK-ek antolatuta, eta jarraian, EuskoTren Ligan lehiatuko den Tolosaldea trainerua aurkeztuko dute. 

Musika eskaintza

Musika ikuskizunei dagokienean, herriko musika talde eta txarangen urteroko ikuskizunez gain, Lukiek, Mirua, DJ Fresa Morango, The Hastelens, Oxabi, DJ Fulana, Maren, La otra oreja (La Oreja de Van Gogh taldearen tributua), Dupla eta Muxutruk taldeak entzuteko aukera izango da. «Publiko oso ezberdinak hartu ditugu kontuan, eta saiatu gara aniztasun hori egitarauan bermatzen», azaldu du Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak.

Aurten 25. urteurrena beteko duen eta Kuadrilla Egunean ariko den Mulambo perkusio taldea ere nabarmendu du zinegotziak: «Giro paregabea sortzen dute. Kalejiran jendetza egoten da, adin desberdinetakoa, eta jaietako une berezienetako bat izaten da».

Udal Txistulari Bandak antolatuta, berriz, Arnas Berriz izeneko txistulari kontzertu berezia izango da hilaren 22an, 19:00etan, Euskal Herria plazan. «Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako txistularien laguntza ez ezik, Gozategi eta Pirritx eta Porrotxen laguntza izango du oholtzan herriko txistulari bandak», esan du Gartziak.

Jai berdinzaleagoak

Jai berdinzaleagoen aldeko pausoak ere emango dituzte aurten. Inauterietan ostalaritzari begirako protokolo bat landu zuen Berdintasun Sailak Jai Berdinzaleen Behatokiarekin lerrokatuta, eta lehen esperientzia horretan hiru tabernek parte hartu zuten. Bada, beste hiru atxiki dira oraingoan: Koinobori, The Nest eta Baserri. «Lanketa bat egin dugu beraiekin, eta sanjoanetan kartelak topatuko dituzue taberna horietan. Protokolo bat egongo da martxan, eta zerbait gertatuz gero, taberna horietako langileek badakite nola jardun eta biktimak nola artatu», azaldu du Ezeizak.

Jaietan ohikoa den moduan, Gune Morea, indarkeria matxistarik gabeko gunea, ere kokatuko da, informazio eta arretarako. Emakumeen plazan egongo da, Andragoraren parean. Gune hau ekainaren 21ean, 23an eta 24an egongo da zabalik, Kuadrilla Egunean, 19:00etatik 03:00etara, eta beste bi egunetan 23:00etatik 03:00etara. Ordutegi horretan, 747 420 488 telefonora deitu ahal izango da laguntza eskatzeko. Udaltzaingoak ere 24 orduz emango du arreta, 943 675 858 telefonoan. «Denok nahi ditugu festa baketsuak, alaiak eta parte hartzaileak. Ez dugu beldurrik sentitu nahi, eta beste leku guztietan bezala, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako festak nahi ditugulako», esan du kultura zinegotziak.

Andu Martinez de Rituerto alkateak ere errespeturako deia egin die herritarrei eta festetako egunetan Tolosara bertaratuko diren guztiei: «Jaietan jende asko elkartzen da kalean, eta are eta indar handiagoarekin aldarrikatu behar da errespetuzko jarrerek nagusitu behar dutela. Denok nahi dugu ondo pasa, eta horretarako, ahalegin berezia egin behar dugu». Amaitzeko, komunen presentzia indartuko dutela eta baliabide gehiago jarriko dituztela esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!