Herrikide ikastetxeko patioa ere, zabalik

Ataria 2025eko ekainaren 5a

Aurrerantzean Samaniego eta Laskorain ikastetxeetako jolastokiak bezala, Herrikideko jolastokia zabalduko dute asteburuetan. Eskolak San Blas auzoan duen DBH eta Batxilergoko eraikineko patioa zabalduko du.

Tolosak beste gune ireki bat gehiago izango du, asteburuetan, herritarren eskura, aisialdirako eta kirola egiteko. Maiatzaren hasieran iragarri zen Samaniego eta Laskorain ikastetxeetako jolastokiak irekita izango zirela larunbatetan eta igandeetan; bada, aurrerantzean, Herrikide ikastetxearen San Blas auzoko jolastokia ere zabalik izango da.

Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman zion, atzo goizean, udalaren eta Herrikideren arteko hitzarmenari eta gaur goizean irudikatu dute akordioa. Horrenbestez, asteburu honetatik aurrera izango da indarrean eta edozein herritarrek erabili ahal izango du larunbat eta igandeetan, 10:00etatik 20:00etara. Ikastetxeak antolatutako jardueraren bat egongo balitz, (kirol partidak, entrenamenduak, eta abar), haiek izango dute lehentasuna. Sarrera patioko ate nagusitik egin beharko da. Jolastokiak futbol, saskibaloi eta boleibol kantxak ditu, baita gune estali bat ere.

Andu Martinez de Rituerto alkateak pozik hartu du akordioa: «Hiru ikastetxeak eskertu nahi ditut. Maiatzaren hasierako berriak harrera ona izan zuen, eta hau ere pozik hartuko da, ziur. Tolosarrontzat aukera ederra da. Lehen hilabete honetako esperientzia oso ona izaten ari da, jende mordoa baitabil jolastokietan. Pozgarria da hori».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!