Asteburu honetatik aurrera, edozein herritarrek erabili ahal izango ditu Samaniego Herri Eskolako eta Laskorain Ikastolako jolastokiak. Tolosako Udalak sustatu du neurria. Hortaz, aurrerantzean Tolosan beste bi espazio izango dira aisialdirako eta kirolerako. Samaniegon, goiko eraikineko jolastokia egongo da irekita, eta ate nagusitik sartu beharko da; Laskorainen, berriz, Usabalgo eraikineko jolastokia irekiko da, eta Iurramendi auzoko biribilgune alboko atetik sartu ahal izango da –estalpearen erdian dago–.
Udalak adierazi duenez, «urteetako eskaera» izan da eskoletako jolastokiak zabaltzea. Hain zuzen, Tolosako Herritarren Batzarrak egindako gomendioen artean dago gaztetxoen aisialdirako espazioak egokitzea. Ohar hau egin zuen Herritarren Batzarrak: «13-18 urteko gazteek ez dute sarbide publikoko espazio estalirik inoren tutoretzaperik gabe egon eta sozializatzeko, batez ere, neguan». Gaztetxoek eurek ere ohartarazi izan dute horretaz. Iaz, adibidez, Nerabeen Foroak hainbat proposamen aurkeztu zizkion udalari, eta tartean zegoen «toki estaliak» erabili ahal izatea. Samaniegoko eta Laskoraingo jolastokiak irekita, premia horri erantzun asmo dio udalak.
Aisialdirako eremu ez ezik, kirola egiteko espazio ere badira jolastoki horiek, eta, hortaz, aukera gehiago izango dute herritarrek. Besteak beste, neurri hori bat dator haur-obesitatea prebenitzeko planekin, gaztetxoek eskola-orduetatik kanpo kirola egitea bultzatuko du eta.
Bi jolastokiek ordutegi bera izango dute: larunbatetan eta igandeetan egongo dira zabalik, 10:00etatik 20:00etara. Nolanahi ere, ordutegi horretan ikastetxeek antolatutako jardueraren bat egongo balitz, kirol partidak edo entrenamenduak, adibidez, haiek izango dute lehentasuna, dagokien espazioa erabiltzeko. Finkatutako ordutegitik kanpo, itxita egongo dira jolastokiak, eta ezin izango da barrura sartu. Samaniegoren kasuan, eraikina udalaren ardurapekoa denez, Udaltzaingoak ireki eta itxiko du jolastokia; Laskorainen kasuan, udalak hitzarmena sinatu du ikastolarekin.
Herrikiderekin hizketan
Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi duenez, Herrikide Ikastetxearekin ere hizketan ari da udala. «Gure nahia da hiru ikastetxeak zabaldu ahal izatea. Momentuz Herrikiderekin ez dugu akordiorik, eta beste aukera batzuk aztertzen ari gara elkarrekin. Ea lortzen dugun adostasunera iristea. Herriarentzat ekarpen handia litzateke, eta asko poztuko ninduke».
Ardurarako deia ere egin du alkateak: «Orain arte jolastokiak erabiltzeko aukerarik ez da izan; urte askoren ondoren izango dugu, eta zentzuz jokatzeko eskatu nahiko nuke, aukera hori galdu ez dezagun. Instalazioak errespetatzeko eta txukun mantentzeko eskatzen diet erabiltzaileei».
Argazkiak: Tolosako Udala.