Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen; gaur, berriz, ekainaren 8an, Ozeanoen Nazioarteko Eguna da. Biak ere, ospakizun egunak baino, aldarrikapen egunak bilakatu dira itsas biologoentzat. Horietako bat da Ander Congil Ross (Tolosa, 1997). Ceutan (Espainia) inoiz bizi izan gabe ere, bertako Itsas Museoan lan egiten du; gaur egun, Granadatik (Espainia) aritzen da lanean, online. Elkarrizketa telefonoz eginda ere, gertutasuna transmititzen duen horietakoa da Ander Congil. Itsas biologiako unibertsitate ikasketen falta sumatzen du, baina ez luke nahi fokua horretan jarri, gizartearen kontzientzia faltan baizik. Itsas biologiak itsasoa zaintzeko aukera ematen diola aitortu du, eta gehien harritzen duena itsasoaz oro har dagoen ezjakintasuna da.
Noiztik eta nolatan zara itsas biologoa?
Tolosan batxilergoa amaitu eta Gironara (Herrialde Katalanak) joan nintzen. Bertan, gradu bikoitza egin nuen: biologia eta ingurumen zientziak. Praktikak egin nituenean, itsas biologiaren munduan murgildu nintzen, eta graduko azken ikasturtea Granadako Unibertsitatean egin nuen, Sicue programaren eta Seneca bekaren bitartez, eta bertan, unibertsitateko urpekaritza klubean sartu nintzen. Itsas biologiako irakasleekin aritu nintzen ikasten, eta ohartu nintzen oso gustura sentitzen nintzela.
Paraleloki, batxilergoko bigarren mailan nengoela, zenbait urpekaritza ikastaro egin nituen. Hortaz, esan daiteke, aldi berean biologia eta urpekaritza arloetan murgiltzen eta ikasten joan nintzela. Unibertsitateko ikasketak burututakoan, urpekaritza profesionaleko ikastaroa egin nuen Getarian (Gipuzkoa), eta handik urtebetera, Granadako klubean egin nituen lagunen deia jaso nuen. Itsas biologiaren munduan proiektu berri baterako lanpostu bat sortuko zela esan zidaten, baina urpean igeri egin beharko zela, eta bi konpetentzia horiek menperatzen zituen norbait behar zutela. Horrela hasi zen nire itsas biologiako ibilbidea. Ez nuen master bat egin.
Zortea ere lagun izan zenuen, beraz.
Bai. Ez dut esango itsas biologo posturik ez dagoenik. Aurkitu egin behar dira; egia da gutxi direla. Espainian badira zenbait enpresa itsas biologian lanean aritzen direnak, baita estatutik kanpo ere. Espainian ez dago itsas biologo izateko ikasketarik. Gainera, legearen arabera, jarduera arriskutsua kontsideratzen da, eta kontu handia izan behar da aseguruekin eta erantzukizun zibilarekin. Zorte handia izan nuen, Granadan bertan ezagunak nituelako, eta une horretan bertan edozein tokitara joateko prest nengoelako.
Oro har, itsas biologo izatera heldu aurretik, bakoitzak bere bidea egiten du. Esan bezala, Espainiako estatuan ez dago karrerarik; urteak daramatzate jarriko dutela esanez. Hala ere, badira zenbait master, espezializatu ahal izateko, hala nola, Andaluzian, Herrialde Katalanetan eta Kanaria uharteetan. Hortaz, ibilbide klasikoena ondorengoa litzateke: ingurumen zientzietako edo biologiako gradua egitea, eta gero, master bat egitea. Ondoren, ikerketaren alorrean jarraitu nahi izanez gero, doktoretza egiteko aukera egongo litzateke. Ni, gaur egun, urpekari teknikaria edo laguntzailea naiz.
Argi zenuen gradu bikoitza egin nahi zenuela?
Biologia oso gustuko dut, txikitatik, baita albaitaritza ere. Batxilergoan hasi aurretik, erabat baztertu nuen bigarren aukera hori. Hala ere, ez nuen batere argi zer egin nahi nuen. Ikaskide batek aipatu zidan Gironan gradu bikoitza egiteko aukera, eta asko pentsatu gabe, izena eman nuen. Garbi neukan gisa horretako zerbait egin nahi nuela.
Eta nola gogoratzen dituzu Gironako unibertsitatean igarotako urteak?
Oroitzapen ederrak dauzkat. Zoragarria izan zen. Toki ezezagun batean nengoen, eta hiria bera asko gustatu zitzaidan. Gainera, lagun onak egin nituen, eta katalana ikasi nuen. Nahiko erraz egin nuen karrera eta oso gustura egon nintzen. Egia da momentu txarren bat edo beste pasa behar izan nuela, eta gradu bikoitza izanik, bigarren urtean goizez eta arratsaldez izan nituela eskolak. Hori gogorra izan zen.
2019ko udan urpekaritzako ikastaro profesionala egin zenuen Getarian, eta aurrerago gehiago ere egin zenituen. Masterrean baino, ikastaro horietan espezializatu zinen, ezta?
Hala da, bai. Azkenean, ikastaro horietan guztietan xahutu dudan diru kopurua master batean xahutuko nukeena baino handiagoa izan dela esango nuke. Ikastaro asko daude, gehiegi egin ditut, eta oraindik ere gehiago egingo ditut. Gaur egun, horretan jarraitzen dut, behintzat. Azken urteotan, esaterako, urpekaritza zientifikoko zenbait ikastaro egiten ari naiz, tartean, Ipar Poloan. Dirua eta denbora behar da urpekaritzako ikastaroak egiteko.
«Master batean xahutuko nukeena baino diru gehiago xahutu dut urpekaritzako ikastaroetan»
Ceutako Itsas Museoan ari zara lanean. Zer da eta zertan aritzen zarete?
Bikote batek 2006an sortu zuen erakunde bat da. Hasiera batean, asmo handirik gabeko proiektu bat izatea zen helburua, baina pixkanaka handitzen joan da. Gaur egun, hamar kide ari gara lanean, beraz, asko hazi da, nahiz eta oraindik txiki izaten jarraitzen duen. Fundazioa erreferente bihurtu da mendebaldeko Mediterraneo itsasoaren mendebaldeko zatian, bereziki, Alborango itsasoan, eta Kanaria uharteetan.
Fundazioaren helburuen artean daude itsasertza, itsas ingurunea eta ondare historiko eta kulturala ezagutzea, babestea eta zaintzea, kontserbatu ahal izateko, eta administrazioak eta erakundeak lurralde-iraunkortasunari buruz eta ondare, natura, historia eta kultura baliabideen erabileraren optimizazioari buruz sentsibilizatzea.
Besteak beste, itsas espezieen eta haien habitaten kontserbazioan eta itsas eremu babestuen sustapenean oinarritutako hainbat azterketa zientifiko egiten ditugu. Horrez gain, jakintza horien dibulgazioan eta sustapenean ere lan egiten dugu, jardunaldi, hitzaldi, ekitaldi eta argitalpenen bidez, bai zientziaren esparruan, bai eskola-esparruan, bai ikasleengan, bai gizartean oro har. Aurkikuntzak eta aurrerapenak partekatzea geure buruari jarri diogun ardura eta helburua da.
Nola antolatzen zarete lanak banatzerakoan?
Gaur egun, museoa bera, fisikoki alegia, berrikuntza fasean dago. Ceutan genuen eraikina bota zuten, eta berri bat eraikitzen ari dira. Erakusketa da museoaren alor garrantzitsuetako bat, eta lankide batzuk horretaz arduratzen dira. Orain, baina, stand by egoeran dago, eta erakusketa birtualak antolatzen ditugu, baita aldizkakoak ere, Ceutako beste leku batzuetan.
Ikerketa ere garrantzitsua da. Azken urteetan, gune mesofotikoetan ari gara lanean, hau da, itsasoan argia pixkanaka galtzen joaten den guneetan. Itsas mailatik behera, 30 eta 180 metro arteko zatia hartzen du, eguzki argiaren arabera, eremu bakoitzean altuago edo baxuago kokatzen dira gune mesofotikoak. Guk, batez ere, koralak ikertzen ditugu. Horretarako, taxonomia, morfologia eta genetika lantzen ditugu. Zetazeoak kostaldera iristen direnean, hala nola, izurdeak, baleak edota dortokak, horiek ikertzen eta aztertzen ere aritzen dira zenbait lankide.
Alor askotan lan egiten duzue, beraz.
Ingurumen-hezkuntzan ere aritzen dira beste lankide batzuk. Eskoletara joaten dira, zabalkunde edo dibulgazio lanak egitera.
Eta zu, zehazki, zertan aritzen zara?
Batez ere, ikerketa arloan, koralak aztertzen.
Granadan bizita, nola moldatzen zara Ceutan lan egiteko?
Ceutan ez naiz inoiz bizi izan. Egunerokotasunean Granadatik aritzen naiz lanean, online, eta kanpainetarako soilik mugitzen naiz batera edo bestera. Beraz, arazorik gabe aritzen naiz. Gainera, Ceutan oraindik museoa eraiki gabe dago. Behin museoa eraikitakoan, baliteke bertara maiztasunez joan behar izatea.
Urpekaria zara. Askotan joaten zarete itsaso sakonera?
Esplorazio lana egiten saiatzen gara. Hobe esanda, gutxi ikertu diren guneetara joaten gara, bertan zer dagoen ikusteko eta dokumentatzeko, eta gune horretan dagoena berria den ala beste gune batzuetatik eratorritakoa den jakiteko. Uretara joan aurretik, baina, dokumentazio lan handia egin behar izaten dut, ikerketarako zein gune izan daitekeen interesgarria eta zein ez jakin ahal izateko, eta itsu-itsuan edo alperrik ez joateko. Bulegoan ordu luzeetako lana egin behar izaten dugu, adibidez, gastuak justifikatzen.
«Sakoneraren arabera, denbora orduan eta garrantzitsuagoa izaten da, eta hobeto baliatu behar da»
Behin uretara joaten garenean, dokumentazio lana egitea egokitzen zaigu. Behin bertan gaudenean, argazkiak egin eta bideoak grabatzen ditugu, eta interesgarriak iruditzen zaizkigun laginak hartzen ditugu, aurrez pentsatu gabeko zenbait datu harrigarrirekin topo egin izan dugulako. Lan horrek laborategian eta bulegoan izaten du jarraipena, analisiak egiteko, artikuluak idazteko eta ikerketa lanak burutzeko. Datu-basea elikatu behar izaten dugu.
Ez da erraza izango itsasoaren sakoneran dagoen fauna eta flora aztertzea, eta aldi berean, argazkiak eta bideoak egitea.
Ez, eta gainera, baldin eta zein sakoneratan gauden, denbora gutxi izaten dugu lan guztiak egiteko, gero poliki eta pixkanaka igo behar izaten delako urertzera, oxigenoaren kudeaketa dela eta. Geroz eta sakonera handiagoetara sartu, denbora orduan eta garrantzitsuagoa izaten da, eta hobeto baliatu behar da. Horregatik izaten dira horrenbeste ikastaro urpekaritzan, ez delako soilik behera jaitsi, ikusi eta igo. Hori baino lan handiagoa egin behar da.
Eta uretan bertan, denetik aurkituko duzue, ezta?
Askotan, ideia batekin joaten gara, eta guztiz bestelako ikuspuntu batekin itzultzen gara lehorrera. Sorpresa ugarirekin egiten dugu topo. Hori bai, sorpresaz harrapatzen ez gaituena pilatuta egoten den zaborra izaten da. Dagoeneko ohitura bilakatu da. Biologia ikuspegitik, sorpresak izaten ditugu, zenbait espezierekin edo ekosistemekin. Dokumentazio aldetik ere, zenbait kasutan, urria da informazioa.
Zer da inoiz aurkitu duzun gauzarik bitxiena?
Duela hiru urte pasatxo, lanean hasi nintzenean, bitxigintzan oso erabilia den koral beltza ezagutu nuen. Singularra da, eta ez neukan ikusita. Sakonerako espeziea da, eta inoiz ez da jakiten oso ondo non dagoen. Sakonera handiagoetan murgildu ahala, toki gehiagotan aurkitzen ari gara. Espezie gehiagorekin ere gertatu zaigu hori. Hortaz, gehien harritzen nauena da zeinen gutxi dakigun itsasoaz. Batzuetan, ez dakigu espezie jakin batzuk ikuskatzen ditugun guneetan badauden ala ez, edo ikusi ditugun ala ez. Logistika kontuak medio, irisgarriak diren guneetara joaten gara ikerketa lanak egitera, baina askoz gehiago daude, guztiz ezezagunak direnak. Hori dela eta, askotan, espezie batzuk oso urriak direla esaten da, baina ez dakigu egia den ala ez, zenbait gune ez direlako ikertu.
«Espezie batzuk oso urriak direla esaten da, baina ez dakigu egia den ala ez, zenbait gune ez direlako ikertu»
Ceutan koral beltzaren lehen alea ikusi genuenean, poz handia sentitu genuen, eta behin eta berriz itzuli ginen gehiagoren bila, baina ez genuen bakar bat ere aurkitu. Duela hiru hilabete inguru, hamar bat edo ikusi genituen, eta berriki, duela aste pare bat edo, Almerian aritu gara lanean, eta baso batekin egin dugu topo. Hogei ale zeuden batera. Harrituta geratu ginen. Geroz eta gehiago ikertu, orduan eta espezie gehiago topatuko genituzke, eta hori aberasgarria litzateke, baina gaur egun, oraindik ikerketaren alorra oso gutxi babesten da.
Inoiz izan al duzu sustorik?
Animaliekin ez, behintzat. Gure erruagatik edo, bai. Korronte indartsu bat sortzen denean, ur-azalera igotzea eta kostaldera iristea zailagoa izaten da. Izaten ditugun susto gehienak hala izaten dira. Ceutako gunea, gainera, Gibraltarko itsasartearen (Erresuma Batua) erdian dago; hori dela eta, itsasontzien trafikoa oso handia da. Gertatu izan zaigu ikerketa lanak egitera lasaitasun handiz urperatzea, eta sakoneran geundenean, korronte handi bat sortzea, eta horrek gero ur-azalera ateratzeko prozesua zailtzea.
20-30 minutuz egoten gara itsaso sakonean, eta ondoren, ordubete behar izaten dugu ur-azalera ateratzeko. Denbora tarte horretan, bakarrik egoten gara. Itsasontzia ur-azalean bertan egoten da, baina gertatu daiteke aingura mugitzea, moztea edo galtzea, eta orduan, guk atera behar izaten dugu buia, ur-azalera ateratzeko.
Zuk esan duzu uste duguna baino gutxiago dakigula itsasoaz. Nola daude? Uste duguna baino kutsatuago?
Gu Alborango itsasoan aritzen gara lanean, Mediterraneo itsasoaren sarreran, eta baita Kanaria uharteen inguruan ere. Joaten garen lekura joaten garela, zaborra aurkitzen dugu. Itsas biologo guztiek diote askotan hondakina besterik ez dela topatzen.
Duela bi aste gune bat aztertzen aritu ginen, eta autobia bat zirudien. Garbi-garbi zegoen, guztiz limatuta, eta argi zegoen bertatik arraste bat pasa zutela. Batzuetan, oso gutxi arakatu den gune batera iristen gara, eta ikusten dugu ondo kontserbatuta dagoela, jende gutxi iristen dela bertara, baina, hala ere, arrantzaren eragina agerikoa da, eta hori tristea da. Eta ez arrantzaren eragina bakarrik; freskagarri lata bat ere topatu dezakezu. Itsasoak, bestalde, erakutsi du erresilientea dela, eta berez duen itxura berreskuratzeko gaitasun handia duela.
Ondorioz, oso garrantzitsua da ikerketan lanean jarraitzea, eta ez bakarrik biologia aldetik, baita bestelako alorretan ere. Eta horrez gain, kudeaketa plan eraginkorrak egitea. Ez dira ekintzak debekatu behar, baina egia da ondo pentsatu behar direla, eta erregulartasunez bideratu. Horrekin nahikoa litzateke. Toki askotan, akaso, debekuak jarri behar dira, baina horrek ez du esan nahi interes jakin batzuk arautu behar direnik. Elkarbizitza bat eraiki behar dugu, itsasoa ez delako inorena, guztiona baizik.
Getaria aipatu dugu lehen. Nazioartean, Antigua eta Barbudan eta Finlandian aritu zara urpekari. Nolako esperientziak izan ziren?
Familia bisitatzera joan nintzen Antigua eta Barbudara, nire ama bertakoa baita. Beraz, aisialdiari lotutako urpekaritza egin nuen bertan, eta ez nintzen lanean aritu. Gozatzera joan nintzen.
Finlandiako kasua erabat bestelakoa izan zen. Helsinkiko Unibertsitatean urpekaritza zientifikoko akademia daukate, eta iaz, hilabete eta erdiko ikastaro bat eskaintzeko kontratatu ninduten, bigarren irakasle izateko. Ikastaroan parte hartu zuten ikasleek Europa mailako akreditazioa lortu zuten. Kanaria uharteetan egindako kanpaina batean ezagutu nuen ikastaroko irakaslea eta koordinatzailea, eta asko gustatu zitzaion nire lan egiteko modua, eta berak eskaini zidan aukera. Lehen esan bezala, Ipar Poloan ere ibili naiz, aurten, urpekaritza zientifikoko ikastaro batean.
Eta hemen, Euskal Herriko kostaldean?
Fundazioarekin zenbait ikerketa burutu ditugu Getarian bertan, eta baita Lekeition (Bizkaian) eta Donostian ere. Bertako espezieak ikertu izan ditugu, genetikoki eta morfologikoki. Oso gustura aritzen naiz Euskal Herriko uretan. Ilusio berezia egiten dit.
Eta zenbat aldatzen da itsasoa eta bertako ekosistema ozeano batetik bestera?
Asko. Kanpotik begiratuta, ura kolore urdinekoa da leku guztietan, batzuetan argiagoa, eta beste batzuetan, ilunagoa. Hala ere, urpean igeri egitean ikusten diren desberdintasunak oso nabarmenak dira. Toki bakoitzak bere berezitasunak ditu, bere arriskuak, eta baita bere edertasuna ere. Alborango itsasoan, adibidez, ikuskatu izan ditugun guneak oso aberatsak dira, baina ez du esan nahi besteak aberatsak ez direnik. Beste mota bateko aberastasuna daukate. Ez dira hobeak edo okerragoak, baizik eta baldintzak desberdinak direla, eta ondorioz, espezieak ere bai.
Badira espezie batzuk toki ia guztietan berdinak direnak. Adibidez, posible da espezie berdina Mediterraneo Itsasoan, Bizkaiko Golkoan, Galizian edo Kanaria uharteetan aurkitzea, eta hori harrigarria da. Horregatik, toki guztietan hartzen ditugu antzeko espezieen laginak, berdinak diren ala antza soilik daukaten ondorioztatu ahal izateko.
Gaur egun, zer proiektu dituzue eskuartean?
Ceutan, Granadan eta Almerian (Espainia) kanpaina bana burutu berri dugu, Meso Alboran 2 proiektuaren barruan. 2022an burutu genuen lehen zatia. Alborango itsasoko area mesofotikoetan jarri dugu fokua. Pleamar programaren parte da proiektua, eta besteak beste, guneko ekosistema eta biodibertsitatea aztertzea, komunitate biologikoei buruzko ezagutza areagotzea, klima aldaketak habitat eta espezieetan dituen ondorioak identifikatzea eta arrantza jasangarria sustatzea ditu helburu. Proiektuak hirugarren zatia izatea nahiko genuke, baina kasu honetan Mesomares izenarekin. Hala, ez litzateke soilik Alborango itsasoan landuko, baita Kanaria uharteetan ere.
Obioma proiektua ere martxan daukagu, Alboranen bertan. Helburua da itsas ingurunean dauden espezieen, habitaten eta ekosistemen biodibertsitatearen galera, kontserbazioa, leheneratzea, erabilera jasangarria eta kudeaketa ezagutzea, informazio hori zabaldu eta ingurune naturalak eremu horietan duen balio, onura eta mehatxuei buruzko sentsibilitatea eta kontzientziazioa areagotzeko. Bi hauek proiektu handienak dira, baina baditugu txikiagoak diren gehiago ere, Ceutako hiriarekin eta portuarekin lotura dutenak.
Zer ematen dizu itsas biologiak?
Bokaziozko lana da. Urpekaritza eta biologia betidanik gustatu izan zaizkit, eta oraindik ez dakit zer dudan nahiago. Lan honek erabaki behar ez izateko aukera ematen dit, eta biak egiteko aukera daukat. Gune ezezagunak ikertu eta aurkikuntza berriak egiteko aukera ere ematen dit. Uretan denbora luzez egoteko aukera izaten dut, eta gainera, niretzat garrantzitsuak diren zereginetan: ikerketa eta kontserbazioa. Ondorioz, itsasoa zaintzeko aukera ematen dit itsas biologiak.
«Urpekaritza eta biologia betidanik gustatu izan zaizkit, eta oraindik ez dakit zer dudan nahiago»
Eta, gaur egun, osasuntsu al dago itsas biologia?
Lehen baino ikerketa gehiago egiten dira, baina gehiago egin behar dira. Kostu handiko lana da, eta diru laguntzek berebiziko garrantzia daukate. Orduan eta diru laguntza gehiago jaso, gehiago ikertuko da, informazio gehiago izango dugu, eta horri esker, gehiago babestuko dugu itsasoa eta bertako ekosistema. Itsasoak planetaren zati handiena osatzen du, baina aldi berean, ez dakigu ia ezer berari buruz. Horrek garbi erakusten du gehiago ikasteko beharra daukagula. Argi dago lanean jarraitu behar dugula, baina nabarmendu nahi dut itsasoa behar bezala zainduz gero, itsasoarekin erlazioa ez duten lanpostuetan ere hobekuntzak egongo liratekeela, munduaren osasunaren sistema garrantzitsuena delako.
«Itsasoa behar bezala zainduz gero, berarekin erlazioa ez duten lanpostuetan ere hobekuntzak egongo lirateke»