Erakusleihoetatik, plazara

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko maiatzaren 23a

Tolosa&Co elkarteko 32 dendak, udaberri-uda denboraldirako 72 proposamen aurkeztu dituzte, herritarrez bete den Trianguloa plazan.

Tolosa&Co merkatarien elkarteak sekulako festa egin du, arratsaldean, Trianguloa plazan: udaberri-uda denboraldiko fashion show-a. Elkarteko kide diren 32 dendak, datozen hilabeteetarako jantzi eta osagarri aproposak aurkeztu dizkiete herritarrei; guztira, 72 look edo proposamen izan dira. Gaztelako Atea abiapuntu hartuta, eskualdeko 41 modelok parte hartu dute gaurko ekitaldian. Amaieran, hunkituta zeuden merkatariak eta Tolosa&Co elkarteko kideak ere. 

Herritar ugari gerturatu da fashion show-aren bigarren ediziora. Gehienek, eroso gozatu ahal izan dute desfileaz, antolatzaileek bertaratu direnen eskura jarri dituzten harmailei eta eserlekuei esker. Esperientzia erabatekoa izan da ikusleentzat. Mattin Zeberio DJ-ak girotu du ekitaldia, Komorebi Produkzioak taldeko Garazi Egigurenek eta Eneko Galdosek dantza emanaldia egin dute, eta ekitaldiaren amaieran, bertako eskaintza gastronomikoa izan da food truck gunean, Goyako hanburgesekin eta Iparrako artisau garagardoekin.

Ekitaldi honen helburu nagusia tokiko merkatari eta saltokiei ikusgarritasuna ematea izan da. Antolatzaileek adierazi dutenez, horretarako, egunerokotasunerako proposamen errealak, hurbilak eta eskuragarriak erakutsi dituzte. Horiek guztiak herriko saltokietan osatu dituzte, eta fashionshow.tolosandco.org webgunean ikusi daitezke. Saltokietan bertan ez ezik, Tolosa&Co elkarteak eskuragarri duen online salmentarako Gogoko zerbitzuaren bitartez ere eskuratu ahal izango dira.

15. urteurrena

Gaurko ekitaldiak ospakizun berezi batekin bat egin du, gainera. Tolosa&Co elkarteak 15 urte bete ditu aurten, hurbileko merkataritza indartzeko eta herriko bizitza dinamizatzeko lanean. «Elkarbanatutako bide hori eskertzeko modua ere izango da desfile hau», adierazi dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!