Arantxa Gonzalez, Uzturre Foroaren bigarren saioko gonbidatua

Ataria 2025eko maiatzaren 23a

Arantxa Gonzalez, atzerri ministro kartera hartu zuen unean.

Espainiako atzerri ministro ohi tolosarra elkarrizketatuko du Jaime Otamendi kazetari elduaindarrak, 'Europa gatazka eta lehia-mundu batean murgilduta' izenburupean; saioa ekainaren 9an izango da, 19:00etan, Topic-en, eta sarrera librea izango da, eserlekuak bete arte.

Uzturre Foroak bigarren ekitaldia egingo duela iragarri du. Lehen saioa bezala, hau ere Topic-en izango da, ekainaren 9an, astelehena, 19:00etan. Saio honetan, tolosar bat gonbidatu dute: Arantxa Gonzalez Laia, Espainiako atzerri ministro ohia. Bera izango da hizlaria. Hala ere, elkarrizketa formatua izango du, galdera-erantzunekin, eta Jaime Otamendi kazetari elduaindarrak dinamizatuko du. Sarrera librea izango du saioak, eserlekuak bete arte.

Zuzenbidean graduatua da Gonzalez, Nafarroako Unibertsitatean. ITC Nazioarteko Merkataritza Zentroko zuzendari exekutibo izandakoa da, baita NBEko idazkariorde nagusia ere. Hainbat lan egin izan ditu Europako Batzordean, nazioarteko harremanetan, merkataritzan, komunikazioan eta garapenerako lankidetzan. 2020an, Pedro Sanchezek Espainiako atzerri ministro izendatu zuen, eta 2021eko uztailean utzi zuen kargua. Gaur egun, Sciencies PO unibertsitateko dekanoa da.

Europa gatazka eta lehia-mundu batean murgilduta izenburua izango du saioak. Uzturre Foroko kideek adierazi dutenez, «nazioarteko egoera geopolitiko konplexuari buruz hausnartzeko aukera emango duen gaia izango da, munduaren egungo errealitatea ulertzeko gakoak bilatzen eta eskaintzen saiatuz». Egoera horretan, Gaza, Ukraina, Trumpen muga-zergak eta politikak edo Aita Santu berriaren eragina aipatu dituzte: «Iritzi publikoari gehien interesatzen zaizkion kezka eta gaiak dira». Foroko kideek nabarmendu dutenez, Gonzalezen ibilbideak «talaia pribilegiatua» eskaintzen du «gai horiei guztiei buruzko ikuspuntu dokumentatu eta fidagarria eskaintzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!