Uzturre Foroak herritarrak gonbidatu ditu elkarteko Adiskide gisa izena ematera

Ataria 2025eko maiatzaren 20a

Uzturre Foroaren lehen ekitaldiak Aitor Esteban EBB-ko presidente berria izan zuen protagonista.

Joan den martxoan sortu zuten Uzturre Foroa eta orain Adiskideak izeneko figura sortu dute, «elkartearekin harremanetan egon eta Tolosaldean dituen helburuak babestu nahi dituzten guztiei erakunde berria irekitzeko».

Uzturre Foroak hiru ardatz dituela esan dute: «Hausnarketa, eztabaida eta parte-hartze soziala Tolosaldean; aniztasuna eta gardentasuna Euskaditik guztion onerako politika; eta euskal gizarteak egungo munduan dituen erronken aurreko konpromisoa». Uzturre Foroaren Adiskide gisa izena emateak hiru ondorio dituela gehitu dute: «Lehenik eta behin, logikoki, erakundearen helburua partekatzea. Hau da, hausnarketa eta elkarrizketa partekatu eta lasaia bultzatzea Tolosaldean. Bigarrenik, Uzturre Foroak antolatzen dituen ekitaldiei edo argitaratzen dituen dokumentuei buruzko aldez aurreko informazioa jasotzeko prest egotea. Eta, hirugarrenik, foroko lagunen urteko topaketa baterako gonbidapena jasotzeko prest egotea. Gonbidapen hori, nolanahi ere, librea eta borondatezkoa izango da». Nabarmendu dute, era berean, Adiskideek ez dutela kuotarik ordaindu behar eta diruz lagundu nahi duenak aurrerago sortuko den bazkide figuraren bitartez egin ahal izango duela.

Uzturre Foroaren Adiskidea izan nahi dutenek uzturreforoa.eus web orriaren bidez egin dezakete. Halaber, info@uzturreforoa.eus helbidera ere idatz dezakete, izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa adieraziz eta Uzturre Foroaren komunikazioak nola jaso nahi dituzten zehaztuz: posta arrunta, posta elektronikoa edo whatsapp-a.

Uzturre Foroak jakinarazi du, halaber, ekitaldien egitaraua prestatzen jarraitzen duela urtea amaitu arte. Ekitaldi horietako batzuk Tolosan egingo dituzte, eta beste batzuk eskualdeko beste herri batzuetan. Une honetan, ekainean Tolosan egingo dena prestatzen ari direla aurreratu dute. Gaiak nazioarteko egoera geopolitiko konplexua izango du ardatz, munduaren egungo egoera ulertzeko gakoak bilatzen eta eskaintzen saiatuz. Gaza, Ukraina, Trumpen muga-zergak eta politikak edo aitasantutza berriaren eragina izango dira analisiaren parte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!