Astelehenean abiatuko da 2025-2026 ikasturterako Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolan eta Aitzol Udal Euskaltegian izena emateko epea. Musika eskolaren kasuan, bi txandatan egingo da izen ematea: lehenengo, ikasten jarraitu behar duten gaur egungo ikasleen txanda izango da; ondoren, ikasle berrientzat zabalduko da.
Gaur egungo ikasleei dagokionez, ez dute berriro matrikula egin beharko; Inika plataforma digitalaren bidez galdetegi bat jasoko dute, matrikula berresteko. Maiatzaren 26tik ekainaren 10era, ikasle guztiek matrikulatu behar dute, instrumentua aukeratu behar dutenak izan ezik. Ekainaren 2tik 4ra, berriz, instrumentua aukeratu behar dutenek.
Musika eskolan lehenengoz matrikulatuko diren ikasle berrien kasuan, musika eskolako idazkaritzan edo erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dute matrikula orria; idazkaritzan bertan edo egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da. Ekainaren 16tik 20ra, presentzialki egin ahal izango da izen ematea: astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era bitarte; astelehen eta asteartean, arratsaldez ere bai, 17:00etatik 19:00etara. Irailaren 1etik aurrera, berriz, kasu bereziak –4. zikloa– eta hutsik dauden plazak betetzeko matrikulak egiteko aukera egongo da, bertaratu ahala.
Musika Eskolak ondorengo mailak eta kurtsoak eskaintzen ditu:
- 1. zikloa: 4, 5, 6 urtekoentzako tailerrak: jolasak, kantuak, entzumena, erritmoa.
- 7 urtetik aurrera: musika irakurri eta instrumentuak ezagutu.
- 2. 3. eta 4. zikloak: 8 urtetik aurrera, instrumentua, musika hizkuntza, taldeak / korua.
- Helduak: 18 urtetik aurrera, musika hizkuntza, instrumentua, taldeak / korua.
Edozein zalantza argitzeko, musika eskolaren egoitzara bertaratu (Rondilla kalea, 34 B), 943 65 44 66 (luzapena 710 -711) telefonora deitu, edo musika@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke.
Euskaltegian aurrematrikula egitea, gomendagarria
Aitzol Udal Euskaltegian, 2025-2026 ikasturterako aurretiazko izen ematea egiteko aukera egongo da astelehenetik aurrera, eta irailean berretsi beharko da, matrikula eginda. Aurrematrikulazioak badu berritasun bat aurten: eskainitako plaza kopurua gaindituko balute eskaerek, zein ikasle hautatu zehaztean, kontuan hartuko da aurrematrikula egina duen edo ez. Tolosako Udalak hilabete honetan du onartzekoa Aitzol Udal Euskaltegiko barne-araudi berria, eta, besteak beste, aldaketa hori ekarriko du. Beraz, euskaltegian hasteko asmoa izanez gero, komeni da aurrematrikulan izena ematea.
Datorren ikasturtean ere, ikastaroen eskaintza zabala izango du euskaltegiak. Maila guztietako ikastaroak emango ditu, hasierako mailatik aurreratuenera (A0 mailatik C2 mailara). Goizean eta arratsaldean izango dira eskolak aukeran, eta, ikas-ereduari dagokionez, hiru sistema daude: aurrez aurreko eskolak, online autoikaskuntza, eta bi eredu horien tartekoa.
Ekainaren 20ra bitarte egongo da zabalik aurrematrikula egiteko epea. Irailean, ohiko matrikula egingo da, eta orduan berretsi beharko da izen-ematea. Eskolak irail bukaeran hasiko dira. Bide hauetatik egin daiteke aurrematrikula:
- Aurrematrikula egiteko fitxa betetzea.
- Aitzol Udal Euskaltegiko bulegora joatea (Gorosabel eraikinean dago euskaltegia, Rondilla kaleko 34. zenbakian, hirugarren solairuan, musika eskolaren goiko aldean). Ordutegia: ekainaren 2ra bitarte, 08:30-14:30; baina, maiatzaren 28an, asteazkenean, 09:00-13:00 eta 16:00-19:30. Ekainaren 2tik aurrera: 09:00-13:00 eta 16:00-19:30.
- Aitzol Udal Euskaltegira deitzea, bulegoko ordutegian: 943 65 10 06.
- Ikastaroei buruzko zalantzak argitzeko, telefonoz deitu daiteke, edo mezu bat bidali helbide honetara: aitzolue@tolosa.eus.
Prezioak eta diru laguntzak
Tolosako udalbatzak apirilean onartu zituen 2025-2026 ikasturterako prezio publikoak. Hauek izango dira Aitzol Udal Euskaltegiko tarifak: aurrez aurreko eskoletan, 1,39 euro orduko; autoikaskuntzan, 2,50 euro orduko; eta jardun biko edo mistoan, 1,95 euro orduko. C2 mailako ikastaroetan handiagoak dira prezioak, ikasmaila horren berezitasunak aintzat hartuta: aurrez aurreko eskoletan, 2,09 euro orduko; autoikaskuntzan, 3,75 euro. Matrikularen prezioa, beraz, ikastaroak duen ordu kopuruaren araberakoa izango da.
Hala ere, Tolosan erroldatutako ikasleek ez dute matrikula osoa ordainduko. Izan ere, udalak martxan duen diru laguntza sistemaren bidez, hasieratik izango dute beherapena, eta B2 mailara arte, ia doakoa izango da: matrikularen %5 ordainduko dute. Adibidez: A2 mailako 300 orduko aurrez aurreko ikastaroan, 417 euro litzateke matrikula osoa, baina ikasle tolosarrek %5 ordainduko dutenez, hasieran ordaintzekoa 20,85 euro litzateke. Falta den zatia (adibidean, 396,15 euro), udalak hartuko du bere gain, euskara ikasleentzako diru laguntzaren bidez.
Horretarako, ikasturte amaieran eskaera aurkeztu behar du ikasleak, eta baldintzak betetzen dituela egiaztatu —baldintza nagusiak hauek dira: %85eko asistentzia izatea eta aprobetxamendu egokia izatea; ez da eskatzen azterketak gainditzea—. Baldin eta ikasleak ez badu gutxieneko asistentzia betetzen, alegia, ez bada eskoletara joaten, orduan bai, matrikula osoa ordaindu behar du (adibidean, 417 euro).
Maila guztietan daude diru laguntzak, ehuneko hauekin:
- A1, A2, B1 eta B2 mailak: %95.
- C1 maila: %75.
- C2 maila: %50.