Jaiotz Osak eta Xabier Mujikak 2017an sortutako Osa+Mujika dantza konpainiak Lana ikuskizuna egingo du, larunbatean, Leidor aretoan. 20:00etan hasiko da saioa, eta Eszena Bonuaren barruan kokatzen da; beraz, bonua dutenek, sarrerak doan eskuratu ditzakete.
Konpainiaren iraupen luzeko bosgarren obra da Lana, eta otsailaren 1ean estreinatu zuten Donostiako Gazteszenan. Lanean aritzeko kulturaren obsesioa aztertzen du, eta izaeran eta harremanetan nola eragiten duen hausnartzea du helburu. «Gizartea, haurtzarotik hasi, eta nekatu arte, lan-tranpa batean harrapatuta» dagoela islatzen duen obra dela azaldu dute Osak eta Mujikak. «Norbaitek «eta zu nor zara?» galdetzen digunean, ohikoa da gure izenarekin batera gure lanpostua esatea. Lanerako pasioa egungo tranpa handienetako bat da. Pasioa latinezko passio (sufrimendu) hitzetik dator, eta lana –gaztelaniaz, trabajo–, tripalium hitzetik (Erdi Aroko torturarako hiru makilako tresna bat). Deigarria da», gaineratu dute.
Lana, arrakasta, balioa edo estatusa bezalako kontzeptuekin lotzen dugula ere nabarmendu dute: «Garrantzitsua edo ezinbestekoa izatearen sentsazioa liluragarria da; baina hain arrakastatsua bazara, zergatik jarraitzen duzu astean 40 ordutik gora lan egiten?». Galdera horri erantzunak topatzen saiatuko dira bost interprete, dantzaren bitartez.
Sormenezko bi munduk osatzen dute konpainia: Osa dantzaria eta koreografoa da; Mujika, berriz, jantzitegi eta espazio eszenikoen diseinatzailea. «Gure helburua bisualki indartsuak diren istorioak kontatzea da; buruan ditugun irudiak sortu, horiei forma eta zentzua eman, eta mugimenduaren bidez eta ikus-entzunezko formatuetan garatu».
Fitxa artistikoa:
- Zuzendaritza: Jaiotz Osa eta Xabier Mujika.
- Koreografia: Jaiotz Osa.
- Interpreteak: Rafke Van Houplines, Paula Parra, Maddi Ruiz de Loizaga, Adrian Bolaños eta Jaiotz Osa.
- Eszenografia eta jantzitegia: Xabier Mujika.
- Musika: Gartxot Unsain.
- Argiztapena: Isa Del Moral.
- Argiztapen laguntzaileak: Elena Garcia eta Aitor Etxebarria.
- Argazkiak: Marilo Miguez.
- Bideoa: Renata L. Etanowski.
- Ekoizpena + banaketa: Osa+Mujika.
- Ikusle mota: Ikusle guztientzako.
- Hizkuntza: Testurik gabea.
- Iraupena: 60 minutu.