Iñaki Pakea omendu dute

Ataria 2025eko maiatzaren 10a

Omenaldia txirrindulari martxa batekin hasi dute eta, ondoren, Tolosaldea LHIIn egin dituzte ekitaldi gehienak. Zenbait bertso abestearekin batera, haren omenezko eskultura aurkeztu eta Agurra dantzatu dute.

Duela bi hilabete inguru izandako ezbeharraren harira, hainbat ekitaldi egin dituzte Iñaki Pakea ibartarraren omenez. Jarduna txirrindulari martxa batekin hasi dute eta eguerdi aldean elkartu dira Pakearen senideak eta hurkoak Tolosaldea LHII zentroan.

Txalaparta doinuek urratu dute isiltasuna, eta eguraldia gorabehera, zentroaren barrualdean egin dituzte jarduera gehienak. Zenbait bertso abesteaz gain, hitza hartu dute harekin harremana izandako hainbat kidek eta jendeak emandako irudiekin osatutako bideo bat ere proiektatu dute.

Horiez gain, izan da bestelako omenaldirik ere, horien artean, haren izena jarri diote zentroaren erdiguneko aretoari eta istripua izan zueneko bizikleta berreskuratu eta jendaurrean erakutsi dute. Horrez gain, bere omenezko eskultura bat ere aurkeztu dute, zeina lanbide heziketa zentroan bertan egin duten Sahatsa Jauregi artistaren laguntzarekin eta oroimen gutunak jaso dituzten haren oinarrian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!