Herenegun Usurbilen, N-634 errepidean izandako istripuan Iñaki Pakea Arsuaga ibartarra hil zen. Bizikleta gainean zihoan, eta kamioi batek harrapatu zuen. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko zuzendaria zen, 53 urte zituen eta ezaguna zen eskualdean, bai hezkuntza munduan, bai eta kirol munduan ere. Bada, ibartarraren heriotzak samina sortu du herritarren artean, eta asko izan dira, norbanako, talde nahiz erakunde, agur eta esker mezuak zabaldu dituztenak.
Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak ibartarra «eragile nekaezina» izan dela nabarmendu du eta berarekin taldean joatea «ederra» izan dela esan du: «Zein ederra izen den zurekin taldean joatea, lanbidean eta bizitzan zure gurpilak bidea egitea, zu ezagutzea eta zu maitatzea».«Eragiteko ahalmen izugarria zenuelako izan duzu halako eragina gu guztiongan. Horregatik maite zaitugu hainbeste taldekide guztiok eta, horregatik, denbora beharko badugu ere, zure eraginaren bultzadarekin jarraituko dugu aurrera». Tolosaldea LHIa bezala, lanbide heziketa zentro ugarik azaldu dute atsekabea ibartarraren heriotzagatik.
Lauburu Kirol Elkarteak bere gertukoei atsekabea azaltzearekin batera, elkartearekin zuen lotura nabarmendu du, jokalari ohia baitzen Pakea, eta bere semeak elkarteko jokalariak dira: «Lauburu modu batera edo bestera laguntzen saiatu den lagun on eta pertsona handi bat joan zaigu ondotik».
Ibarrako Zikloturista Taldeko eta Oriako Txirrindulari Eskolako kidea zen Pakea, eta «bere pasio handia, txirrindularitza» praktikatzen hil dela aipatu dute, doluminak azalduz familiari eta gertukoei.
Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok, bere aldetik, ibartarraren heriotzak sortutako mina adierazi du. «Langile fina eta konprometitua» zela azpimarratu du, eta «ilusioa zabaltzen jaioa» zela ere gehitu du, besarkadarik «xamurrena» bidaliz etxekoentzat.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak ere atsekabea agertu du. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan egindako lanak «aztarna ezabaezina» utzi duela esan du, eta bere ondareak bizirik jarraituko duela hezkuntza-komunitatean. Familiari, lagunei eta lankideei «besarkadarik sentituena» bidali die.
Azken agurra, gaur
Iñaki Pakea Arsuagari azken agurra bihar egingo diote. Tolosako Oria Beilatokian izango da, 18:00etan hasita.
Ibartarraren heriotza Gipuzkoako errepideetan izandako aurtengo hirugarrena da. Duela aste batzuk N-I errepidean, Tolosa parean, motorzale bat hil zen errepidetik aterata.