Emakumeen aurkako indarkeria

Azken erailketa matxista salatu dute

Ataria 2025eko maiatzaren 9a

Azken erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin du Tolosaldeko Mugimendu Feministak Tolosako Trianguloa plazan.

Tolosako Trianguloa plazan azken erailketa matxista salatzeko kontzentrazioa egin du Tolosaldeko Mugimendu Feministak. Haron (Errioxa) erail dute Gasteizko emakume bat eta gertatua gaitzesteko egin dute mobilizazioa.

Mugimendu feministako kideek nabarmendu dute «gaur egungo justizia ereduak» ez duela funtzionatzen: «Ikaragarri larria da. Biktimaren bizitza argi eta garbi arrisku larrian zegoen eta indarkeria matxistaren zantzuak oso agerikoak ziren. Kasu hau bezalakoekin argi geratzen da gaur egungo justizia ereduak ez duela funtzionatzen».

Oraingoan ere gogora ekarri dute sistemaren «ondorio lazgarriena eta ikusgarriena» dela erailketa: «Indarkeria matxista sostengatzen du sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialaren egiturak eta horren azken ondorio lazgarriena eta ikusgarriena da erailketa».

Hamaika aurpegi
Hari berari tiraka gaineratu dute indarkeria matxistak «hamaika aurpegi» dituela: «Indarkeria horiek bizitzako arlo guztietan jasaten ditugu. Indarkeria matxistari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu, egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak, behingoz, har daitezela exijitzen dugu».

Mugimendu feministako kideen hitzetan euren bizitzak «daude jokoan» eta «autodefentsa feministarako» deia ere egin dute: «Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu, eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak. Feministok erantzuteko prest gaude, martxan jarraituko dugu elkarrekin borrokan, denak aske izan arte. Gora borroka feminista!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!