Maiatzerako ekitaldi sorta, Intujai espazioan

Ataria 2025eko maiatzaren 2a

Intujai Teatro konpainia tolosarrak, lau saio antolatu ditu datozen asteetarako; hiruretan, herriko artistak izango dira protagonista.

Intujai Teatro konpainiak, azaroan aurkeztu zuen lokal berria, Gudari kaleko 16. zenbakian. Geroztik, antzerkiari eta kontakizunei lotutako hamaika saio egin dituzte bertan. Bada, maiatzerako ere ekitaldi sorta zabala antolatu dute.

Maiatzaren 9an, ostirala, izango da lehen saioa. 20:00etan hasita, Garazi Egiguren dantzari tolosarrak Argilunak ikuskizuna egingo du, eta Maider Zuaznabar kontalariak, Isiltasunaren garrasia poesia errezitaldia eskainiko du. Bi saioak helduei begirakoak izango dira, eta euskaraz.

Bi egun beranduago, hilaren 11n, igandea, May Gorostiaga tolosarrak, eta Intujai Teatro konpainiako zuzendariak, haurrentzako Mundu misteriotsua ikuskizuna egingo du, euskaraz. 17:00etan hasiko da saioa.

Maiatzaren 15ean, osteguna, musikaren txanda izango da. Iñigo Asensio, Postal Kolekzionistak taldeko musikari tolosarrak, Postal hutsaren kartografia izeneko bakarkako saioa egingo du. 20:00etan izango da, helduentzat, eta euskaraz.

Azken emanaldia, maiatzaren 17an izango da, larunbata. Maria Buenadicha ipuin kontalariak, Pajaros izeneko kontakizuna egingo du, helduentzat eta gaztelaniaz. 20:00etan hasiko da.

Saio horietara joateko, interesa dutenek aurrez egin ahal izango dituzte erreserbak, 678 990 162 telefono zenbakira deituta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!