Lokal berria izango du, aurrerantzean, Intujai antzerki taldeak

Aitor Arroyo Askarai 2024ko aza. 29a, 13:49

Espazio egonkorra zabaltzearekin agur esango diote 'Zikloia' antzerki jaialdi ibiltariari; bihar hasi eta datorren asteazkenera bitarte ospatuko dute azkenekoz.

Antzoki-argien azpian aurkeztu du Intujai antzerki taldeak bere espazio berria. Tolosako Gudari kalean zabaldu dituzte ateak eta bertan gauzatuko dute jarduna hemendik aurrera. Lekua inauguratzearekin batera, baina, agur esango diote Zikloia jaialdiari, eta arrazoia azaldu du Mai Gorostiaga arduradunak: «Formatu txikiko antzerki jaialdi ibiltaria zenez, zentzua galtzen du leku egonkor bat lortu dugun heinean. Dena dela, jarduerak egiten jarraituko dugu».

«Espazio txiki bat, formatu txikiko ikuskizunak eskaintzeko», horrela hitz egin du Gorostiagak lekuari buruz eta, hain zuzen, bihar hasi eta asteazkenera bitarte denetariko jarduerak izango dituzte Zikloia jaialdiren hamabosgarren egitarauaren barruan. Eskaintza horrez gain, helduentzat zein haurrentzat denetariko ikastaroak emango dituztela iragarri dute.

Eskerrak ere eman dizkiote Tolosako Udalari «bidea errazteagatik eta laguntzeagatik» eta Goiuri Eceiza kultur zinegotziak nabarmendu du Tolosa herri «oso sortzailea» dela eta fantasiazko ipuinek «ukitu zitekeen etxe bat» behar zutela: «Proiektu erraldoiak eta nazioarteko jaialdiak txalotzen ditugu, baina kultura horrelako leku txikietan sortzen eta jaiotzen da».

Proiektuaren parte izango da Ziggy Docherty ere, zehazki, haurrentzako antzerki tailerrak emango baititu. Rol berria pozarren hartu duela adierazi du, eta horrelako espazioen beharra nabarmendu: «Inguruan beti izan ditut artistak, zeinak borrokatu duten horrelako espazioak sortzeko. Eskerrik asko lortzeagatik, herriarentzako ere beharrezkoak baitira». Hari berari tiraka gaineratu du ezinbestekoa dela haurrei ere espazioa zabaltzea, horrela eurak ere espazioa haiena sentituko dutelako: «Antzerkia beraiekin partekatzea magia hutsa da. Urteak pasa ahala jolastea zer den ahaztu egiten zaigu, eta haiek gogorarazi egiten digute bizitzan jolastea beharrezkoa dela».

Proiektuaren ardatzak
Lau ardatzetan oinarritu dute proiektua: batetik, hain zuzen, espazioa, bertan eskainiko dituztelako tailerrak, ikuskizunak, ekitaldiak... Arte eszenikoekin lotuta «edozein jarduera». Bestetik, Intujai eskola. Gorostiagak azaldu du eskolak «identitate propioa» duela, kanpora ere joaten dirleako tailerrak eta ikastaro trinkoak egitera.

Hirugarrenik, Intujai abenturak; erreferentzia eginez antolatzen dituzten proiektu, jaialdi eta bestelako jarduerei. Eta laugarrena «eta garrantzitsuena»: Intujai «kulti-kultoreak». Gorostiagaren hitzetan kultura maitatzen eta sustatzen dutenak dira «kulti kultoreak» eta «ezinbestekoak» dira: «Gure inguruan eragile asko ditugu eta, zorionez, asko laguntzen gaituzte. Horiek gabe, ez daukagu zer eginik; beharrezkoa dugu inguruaren babesa aurrera jarraitzeko».

Azaroaren 30a
Ez dute ausaz aukeratu biharko eguna ateak zabaltzeko: Gorostiagak azaldu du biharko egunez jaio zela bere ama, eta egun berekoa zela, baita ere, Ana Perez artista «erreferente handi-handi» bat. Bada, haien omenez zabalduko dute, bihar, Intujai espazioa. Gainera, Gorostiagak aipatu du Irungo Udalak erabaki duela etorkizunean Perezen omenez izendatzea «plaza edo kale bat», eta pozarren jaso dutela erabakia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!