Epai batek behartuta, aurrerantzean su armak eraman beharko dituzte Tolosako udaltzainek

Ataria 2025eko maiatzaren 2a

Tolosako hiru udaltzain, inauterietan. Argazkia: Tolosako Udala.

Legeak dioenari jarraituz, derrigorrezkoak diren eginkizunak betetzean bakarrik eramango dituzte armak. Andu Martinez de Rituerto alkateak azpimarratu duenez, «udal gobernuaren nahi eta irizpideen kontra» eramango dituzte armak udaltzainek.

Astelehenetik –maiatzak 5– aurrera, Tolosako udaltzainek su armak eramango dituzte, udalaren aurkako epai batek horrela behartuta. Hain zuzen, 2020ko ekainean, ERNE sindikatuak Udaltzaingoa su armaz hornitzeko eskaera egin zion udalari, baina honen isilune administratiboaren ondorioz, eskaera ez zen onartu. ERNEk, ordea, auzitara eraman zuen gaia, eta 2022ko urtarrilaren 27an, eskaera onartzen zuen epaia eman zen, Tolosako Udaltzaingoa su armaz hornitzera derrigortuz. Orduz geroztik, egin beharreko eginbideak eta formazioak egin dituzte, eta beraz, duela bost urte hasitako auzi bati amaiera emango diote.

Legeak dioenari jarraituz, baina, derrigorrezkoak diren eginkizunak bete behar dituztenetan bakarrik eramango dituzte su armak, hau da, herri-segurtasuneko funtzioetarako; gainerako betekizunetarako armarik gabe egingo dute lan. Lanetik kanpo inoiz ezingo dituzte erabili.

Epai honen ondorioz, su armak eta munizioa erosi eta formazioak egin ez ezik, armategia sortzeko obra egin behar izan da eta, orotara, azken urteotan 90.000 eurotik gorako inbertsioa egin behar izan du udalak.

Alkatearen gutuna

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok azpimarratu duenez, «udal gobernuaren nahi eta irizpideen kontra» eramango dituzte armak udaltzainek. Hori dela eta, hausnarketa batzuk partekatu nahi izan ditu, gutun baten bitartez. Batetik, esan du «Udaltzaingoaren eginkizun nagusia herrian bizikidetzea bermatzea» dela, «prebentzioan, gertutasunean eta herritarrei zerbitzua emateko bokazioan oinarrituta». Horretarako, «konfiantzazko giroa bultzatzea ezinbestekoa» dela adierazi du eta, hori, udaltzainek «berezko dituzten medio eta prebentzio funtzioen bidez» egiten dutela. 

Halaber, alkateak azaldu du udaltzain buruak su armen erabilera ezartzeko egin behar izan duen txostenean jaso duen moduan, azken 12 urteotako datuak ikusita, «ez dela udaltzainen bizitza arriskuan jarri duen gertakaririk bizi izan Tolosan», eta nabarmendu duenez, «armarik gabe egon arren, ez dute izan beren lanerako inolako arazorik». «Eusko Jaurlaritzaren datuek ere erakusten dute Tolosako delinkuentzia indizea baxua dela», gaineratu du Martinez de Rituertok. 

Udaltzainek, muturreko kasuetan, hau da, agenteen edo herritarren bizitzak «arrisku larrian» daudenean erabili beharko dituzte su armak, «azken aukera moduan». Alkateak esan du «prozedura eta protokolo zorrotzak» dituela erabilerak. «Hori horrela izan dadin, eta epaia betetzeaz harago, udaltzainei formazio egokia bermatuko diegu, eta beren profesionaltasunari esker erabilera egokia egingo dutela espero dugu. Horretarako gure esku dagoen guztia egingo dugu», azaldu du.

Erlazionatuak

Gertuko poliziak suzko armak eramateak ez du inongo ekarpenik egiten

Erabiltzailearen aurpegia Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea mai 05 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!