Gutuna

Gertuko poliziak suzko armak eramateak ez du inongo ekarpenik egiten

Erabiltzailearen aurpegia Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea 2025eko maiatzaren 5a

Epaile baten aginduz, armak eraman beharko dituzte Tolosako udaltzainek astelehenetik aurrera. Duela bost urte hasitako prozesu bati, beraz, amaiera emango zaio orain. Tolosako Udalak legeak behartuta hartutako erabaki honen inguruko hausnarketak partekatu nahi ditut Tolosako herritarrekin.

Udaltzain buruak armen erabilera ezartzeko egin duen txostenean adierazten duen bezala, azken 12 urteetako datuak aztertu ondoren, Tolosako udaltzainek ez dute, ez beren bizitza, ez eta osotasun fisikoa arriskuan jarri duen gertakizunik bizi izan. Txosten berean azpimarratzen du suzko armarik gabe egon arren ez dutela inolako arazorik izan beren lana behar bezala betetzeko. Eusko Jaurlaritzako datuetan ere ikus dezakegu gure inguruko zein Tolosako delinkuentzia indizea baxua dela.

Tolosako Udaltzaingoaren eginkizun nagusia herrian bizikidetza bermatzea da. Prebentzioan oinarrituta, gertutasuna eta herritarren zerbitzura jarduteko bokazioa azaltzea nahi dugu, konfiantzazko giroa bultzatuz eta herritarrei, elkarte eta eragile guztiei lankidetza eta kolaborazioa eskainiz. Konfiantzazko giro hori udaltzainek berezko dituzten bitartekaritza eta prebentzio funtzioen bidez egiten dute.

Egoera zailak ere bizitzen dituzte beren egunerokoan, baina lehenesten dugu herritarrengandik gertu egongo den udaltzain eredua. Beraz, esan gabe doa, su-armen erabilera muturreko kasuetan –agenteen edo herritarren bizitzak «arrisku larrian» daudenean– egin beharko dutela, azken aukera moduan. Hori horrela izan dadin, legea betetzeaz harago, udaltzainei formazio egokia bermatuko diegu. Horretarako gure esku dagoen guztia egingo dugu. 

Balio komunitarioak sustatzen dituen gizarte baten aldekoa naiz, izaera ez bortitza duen jendarte solidario, justu eta baketsuaren defentsa egiten duena. Helburu hori lortzeko bidean gertuko poliziak suzko armak eramateak ez duela inongo ekarpenik egiten pentsatzen dut.

Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!