Frantzisko I.a aita santuaren eta Sakramentinoen arteko lotura

Ataria 2025eko apirilaren 22a

Bergoglio, Frantzisko aita santu gisa izendatu zutenean. Iturria: VINCENZO PINTO / EFE

Jorge Mario Bergoglio, Frantzisko aita santua, hil zen atzo, 88 urte zituela, iktus baten ondorioz.

Frantzisko I.a aita santua hil zen atzo. Azken boladan osasun arazoak izan zituen. Bere jarreragatik eta egiteko moduengatik, azken hamarkadetako aita santurik maitatuena izan da Bergoglio, eta erreferentziazkoa ere bai mundu zabaleko sektore progresistentzat, eta badu Tolosako Sakramentinoekin loturarik, Joxemi Saizarrek Sakramentinoei buruz egindako erreportajean irakurri daitekeenez. Bertan jaso zuen Saizarrek Sakramentinoetan ikasi zuen Zumaiako Jose Ramon Aristi Frantzisko aita santuaren konfesore izan zela Argentinan. Aristi hil zenean 1996an, Bergoglio aita santuak hilkutxan esku artean zuen arrosarioaren gurutzea «lapurtu» zion, gerora aitortu zuenez, eta beti bihotzaren ondoan eraman omen du.

 

Bergogliok berak eman zuen lapurretaren berri 2014an, erretore erromatarrekin izandako topaketan. Aita Aristi 97 urterekin hil zen 1996ko Pazko egunean. Garai hartan, Bergoglio gotzain laguntzailea eta bikario nagusia zen. Heriotzaren berri izatean Bergoglio Aristiren hilotza zegoen tokira joan zen. «Eliza handia zen, oso handia, kripta ederrekoa. Kriptara jaitsi nintzen eta hilkutxa zegoen, bi emakume baino ez zeuden otoitzean... ez zegoen lorerik. Eta pentsatu nuen baina Buenos Airesko apaiz guztien bekatuak barkatu zituen gizon honek, baita nireak ere, eta ez du lorerik ere. Irten eta loradenda batera joan nintzen, eta lore batzuk erosi nituen, arrosak... Eta itzuli egin nintzen. Loreekin hilkutxa prestatzen hasi nintzen eta eskuetan nuen arrosarioa ikusi nuen... Eta berehala etorri zitzaidan burura (denok barruan daramagun lapur hori, ezta?), eta loreak txukuntzen ari nintzela, arrosarioko gurutzea hartu eta indar pixka batekin hartu nuen. Une horretan begiratu eta esan nion: Emadazu zure errukiaren erdia». «Zerbait indartsua sentitu nuen, eta adorea eman zidan hori egiteko — jarraitu zuen aita santuak —, eta otoitz hau egiteko! Eta gero gurutze hori hemen sartu nuen, poltsikoan. Aita santuaren alkandorek ez dute patrikarik, baina nik beti eramaten dut oihalezko poltsa txiki bat, eta ordutik orain arte, nire eskua hona doa, beti. Eta sentitzen dut grazia! On egiten didala sentitzen dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!