Atzera begira

Sakramentinoen ekarpena mende luzean

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko aza. 27a, 19:59

1913. urtean kokatu ziren sakramentinoak Kondeaneko Aldapan; eliza, apaizen etxea eta lokalak salgai daude egun.

Ehun urte baino gehiago izan dira apaiz sakramentinoak Tolosan, erdiak Kondeaneko Aldapan Korpus Kristi parrokiaren zerbitzuak eskainiz inguruko auzoetan 2019ra arte. Seminarioa ere izan zuen 1972ra arte. Harrezkero Laskorain ikastolak erabiltzen ditu instalazio horiek. Eliza eta apaizen etxebizitzak salgai daude orain.

Frantzian du jatorria Sakramentinoen kongregazioak. 1856ko maiatzaren 13an sortu zuen Parisen Pedro Julian Eymard santuak. Baina XX. mende hasieran, 1901ean, Frantziako gobernuak orden erlijioso guztiak bidaltzeko legea ezarri zuen eta, horren ondorioz, muga gertu izanik, Gipuzkoan kokatu ziren horietako kongregazio asko, eta Tolosan zehazki hiru: Kontzepzioaren Pentsionatuaren mojak 1903an (Inmakulada ikastetxekoak), Bihotz Sakratuaren Anaiak 1914an (korazonistak) eta Santisimo Sakramentoaren Aitak (sakramentinoak).

Seminarioa eliza egin aurretik

1907ko uztailaren 16an iritsi zen Jules Bonnecaze sakramentinoa Tolosara eta sakramentinoen lehen etxea ireki zuen Estatuan. Geroago beste batzuk sortu zituzten: Madrilen 1942an, Iruñean 1944an, Areatzan 1951ean, Bilbon 1958an, Bartzelonan 1967an…. Lehendabizi Rondilla kaleko 32. zenbakian kokatu ziren, Jose Antonio Arzelusen etxean, Gorosabel eraikinaren ondoan. Berehala, apaiz gehiago etorri ziren eta 1908ko urrian jarri zuten martxan seminario txikia bertan.


EHUNKA HAUR SEMINARIO TXIKIAN

1913ko maiatzaren 29an aldatu ziren Kondeaneko Aldapara, Ursino Zabala Larretak emandako lurretan, Villafuerteseko kondea. Berarengatik du izen hori kaleak 1979tik. Aurretik Santa Klara eta Sakramento izenak izan zituen kaleak. Lehendabizi ikastetxea eta kapera txikia eraiki zuten. Bonnecaze fundatzailea eta aita nagusia 1917an Parisera itzuli zen. 1922-27 epean lehen apaizak atera ziren seminariotik. 1928an ikastetxea handitu eta patioa eraiki zuten, frontoi eder batekin. Guillermo Eizagirre arkitektoak elizaren proiektua egin zuen 1928an eta proiektuaren zabalpena 1929an. Mateo Mujika Gasteizko gotzainak kontsakratu zuen 1929ko apirilaren 7an. Hiru egunetan zehar luzatu ziren ospakizunak eta kongresu eukaristikoa egin zen, 80 apaiz elkartuz. Hurrengo urtean artziprestazgoko kongresua egin zen, prozesioan 25.000 pertsona bilduz. Lehen urte haietan (1931 arte) fraide frantsesak ziren buru, nobizio asko atzerritarrak ziren (frantsesak, suitzarrak, italiarrak), horregatik hemengo ikasle euskaldun askok frantsesa ikasten zuten gaztelera baino lehenago eta apaiz egindakoan Ameriketara joaten ziren gehienak.

Elizak 26 metroko luzerako gurutze latindarreko planta du eta eranskinekin guztira 29x17 metroko planta errektangeluarra osatzen du, alde batean kanpandorrea duela. Euskal arkitektura zaharreko eraikin historiko batzuen baliabide estilistikoak gogoratzen saiatzen dela dio Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa, liburuan XIX. mendeko erregulartasun klasizista baztertuz.

Seminario txikia eta nobizio-etxea ere bertan ziren. Seminario nagusia Areatzan (Bizkaia) zuten. Apaiz ikasketak egitera bideratzen ziren garai hartan haur asko eta orden erlijioso bakoitza bere inguruan haurrak erakartzen saiatzen zen. Frantziskotarrek Arantzazun zuten barnetegia eta eskolapioek, Orendainen, besteak beste. 9-10 urterekin hasten ziren sakramentinoen seminario txikian eta sei urte egiten zituzten bertan normalean, batxilergoko lau eta nobizio-aldiko bi. Maila bakoitzean dozena eta hogei mutiko artean zeudela gogoratzen dute haietako ikasle batzuk, garaien arabera. Ohiko ikasgaiak zituzten, musika eta frantsesa barne, eta latina eta grekoa ere bai, noski. Familiek kuota txiki bat ordaintzen zuten hiruhileko. Irteerak ere egiten zituzten oinez edo autobusez eguna pasatzera. Diziplina gogorra zen garai hartan, zigorrak ere ohikoak izanik. Bihurrikeriak ere bai: hesia saltatu eta kalera ihes egiten zutenean, adibidez.

Etxeberriko etxekoandrearen hileta, 1936. urteko martxoaren 14an. Iturria: Jesus Elosegi. Gure Gipuzkoa

FRAILE OSPETSUAK ETA AITA SANTUA

Lehen urteetan ez ziren batere etxera joaten urte osoan zehar. Gero hasi ziren udako hamabost egun etxean pasatzen, eta beranduago Eguberrietan ere bai. Gerra ondoren Goierri eta Tolosaldeko herrietakoak ziren gehienak, eta nafar eta bizkaitar batzuk ere bai. 1943ra arte 300 ikasle inguru izan ziren eta urte horretatik 1972an itxi arte, beste 600 ikasle inguru. Seminarista gehien izan zen urtea 1963a izan zen, 88ra iritsiz. Nobizioak berriz, 1951n izan ziren gehienak, 25. Dozenatik gora fraide izan ziren bertan, eta gehienez 18ra iritsi ziren, 1943an. Ikasle izan zirenek gertutasun handiko apaiz gisa gogoratzen dituzte sakramentinoak.

Seminarioak 37x13 metroko lau solairu zituen eta frontoiaren gainean 38x6 metroko beste hiru solairu, 2.370 m2ko patioa eta 705 m2ko eranskina. Beheko solairuan jangela eta kapera zegoen, lehen solairuan ikasgelak, bigarrenean nobizioen gela indibidualak eta hirugarrenean solairu osoa hartzen zuen haurren logela handia. Baratzea eta ukuilua ere bazen. Ondoko eraikinean bizi ziren apaizak. Moja batzuk ere bizi ziren ondoko etxetxo batean eta haiek arduratzen ziren apaiz eta ikasleen sukalde lanez. Santiago Amondarain orendaindarra izan zen seminarioko zuzendaria azken 29 urteetan.

Seminario nagusia Areatzan (Bizkaia) zegoen eta han gizarte zientziak, filosofia eta teologia ikasketak egiten zituzten. Beste sei urte normalean. Bidean gazte haietako batzuk apaiz ikasketak uzten zituzten. Jarraitzen zutenek, normalean 22-24 urterekin egiten ziren apaiz.

Sakramentinoetan ikasi zutenetako batzuk dira Jon Lopategi bertsolaria, Paulo Iztueta eta Luis Mari Mujika idazleak, Jose Ramon Arteta abesbatza zuzendaria, Jose Mari Otermin irrati-gizona edo Xalbador Garmendia euskaltzalea, adibidez. Tolosan ikasitako batzuk Ameriketarako bidea hartu zuten eta horietako bat, Jose Ramon Aristi zumaiarra, gaurko Frantzisko Aita Santuaren konfesore izan zen Argentinan. Aristi hil zenean 1996an, Jorge Mario Bergoglio Aita Santuak hilkutxan esku artean zuen arrosarioaren gurutzea «lapurtu» zion, gerora aitortu zuenez, eta beti bihotzaren ondoan darama. Aristi aritu zen basilikan ezkondu zen Diego Armando Maradona futbolaria.

Patioa eta frontoia.

KORPUS KRISTI PARROKIA 1967AN

1936ko gerran une latzak bizitu zituzten sakramentinoek: tropa errepublikarrak sartu ziren komentuan, frankistek hiru apaiz preso eraman zituzten Ondarretako kartzelara… Antonio Labaien alkateak babesa eman zien. Ikasle asko soldadu joan ziren eta apaiz taldea banatu egin zen. Argitaratzen zituzten bi aldizkari desagertu egin ziren orduan. Gerra ondorengo gose garaia Ameriketatik bidalitako laguntzari esker gainditu zuten.

1967an parrokia maila hartu zuen, Tolosako bigarrena, Santa Mariaren ondoren, inguruan sortu ziren auzo berriei bere zerbitzua eskaintzeko. Orduan hasi ziren bataioak, katekesia, jaunartzea, ezkontza eta hileta zerbitzuak eskaintzen. Imanol Uranga izan zen lehen parrokoa, eta gero bere anaia Juan Jose Urangak ordezkatu zuen.

1968an bi aldiz sartu ziren guardia zibilak komentuan ETAko propaganda eta liburu debekatuen bila, talde komunistei lokalak uztea leporatuta. Bi fraide ere atxilotu zituzten eta Bilboko koartelera eraman, egun batez interrogatuz. Urte bereko uztailaren 14an ikurrina bat jarri zuten elizako kanpandorrean. 1971n Txabi Etxebarrietaren aldeko meza egin zuten bertan, guardia zibilak etakidea hil zuela hiru urte bete zirenean.

Inguruko auzoetako (Izaskun, Berazubi, Amarotz, San Blas) haur, gazte eta helduekin lan egin zuten sakramentinoek. Udaberri dantzari taldea adibidez, bertako Xalbador Garmendia eta Felix Galdona fraideek sortu zuten 1957an, inguruko mutil batzuk bilduz. Lehen urteetan bertan entseatzen zuten. Geroago, 70eko hamarkadan, Harkaitz dantzari taldeak ere sakramentinoetako gimnasioan egiten zituen entseguak. Bittor Arozena sakramentinoak txistua irakatsi zien inguruko hainbat gazteri eta Gu danok txistulari taldea sortu zuen, auzoko eta parrokiako ekitaldietan parte hartuz. Arozena Alpino Uzturre mendi taldearen kontseilaria ere izan zen, bere irteera eta kanpalekuetan parte hartuz. Parrokiak antolatuta, mendiko irteerak eta euskara klaseak ere izaten zirela aipatzen dute han ibilitako batzuk. 1979an Jose Maria C. Nuñez-Goenaga sakramentinoak Urtxintxak eskaut taldea sortu zuen parrokia inguruko haur eta gazteentzat eta aurrerago Itxaropena eta Adiskideak aisialdi taldeak. Inguruko auzo eskoletan (Berazubi, Izaskun, Amarotz) erlijio klaseak emateaz ere arduratzen ziren sakramentinoak. Baita Iurreamendi egoitzakoak eta Asuncion klinikako gaixoak bisitatzeaz ere. Parrokiako elizkizunez gain, beste komunitate erlijioso batzuen kapilau zereginak ere bete zituzten: Iurreamendi egoitza, Karitatearen Alabak Ibarran eta Tolosan, Gainberri, Jesusen Zerbitzariak… Zazpiak bat futbol taldean jokatu zuten sakramentino batzuk. Eta izango ziren beste hainbat aktibitate informazio faltagatik hemen jaso gabeak.

Aurreneko aldiz parrokian lehen jaunartzea egin zuten haurrak Imanol Uranga parrokoarekin, 1968an. RICARDO.

Garai bertsuan sortu ziren lokal berriak parrokiaren beharrei erantzuteko eta hainbat erabilpen izan zituzten: katekesia, Emendek taberna, jubilatuen elkartea, bilera gelak, hitzaldiak, Aransgi gormutu eskola, Alkoholiko Anonimoen elkartea, Haur kabi haurtzaindegia…

Lorenzo Bereziartua gotzainaren bedeinkapena parrokia egin zenean, 1967an.


SEMINARIOA IXTEA ETA IKASTOLARI UZTEA

Seminarioa 1972ko ekainean itxi zen. Aldaketa sozio-politiko handiko garaia zen, seminarioak krisian sartu ziren eta 1970eko Hezkuntza Legeak baldintza berriak exijitu zien seminarioei, bere ikasketak onartu gabe zeudelako. Euskal kultura eta ikastolak erdi klandestinoak ziren. Laskorain ikastolak, 1967an sortua Zumalakarregi kaleko txalet batean, egoitza berria behar zuen ikasle kopurua handitzen ari zelako eta sakramentinoengana jo zuten. Faktore guzti hauek ikusita, 1971ko apirilean seminarioa ixtea eta lokalak ikastolari alokairuan uztea erabaki zuten, aldeko 18 boto eta kontrako bakarrarekin. Hala ere, beste ikasturte bat burutu zuten seminaristak kalean ez uzteagatik. Euskal kulturaren aldeko keinua izan zen.

2007an 100 urte bete zituzten Sakramentinoek Tolosan eta ekitaldi batzuk izan zituzten mendeurrena ospatzeko: erakusketak, hitzaldiak eta meza Juan Maria Uriarte gotzainarekin. Bertan ikasitako 300 lagun elkartu ziren bazkarian. Orduan grabatu zuten bideotik eta Juan Jose Urangak sakramentinoen historiari buruz argitaratu zuen liburutik jaso dugu informazio asko artikulu honetarako. Urte hartan 11 apaiz zeuden Sakramentinoetan, adinekoak denak.

Sakramentinoak zezen plazatik begiratuta.

2009an Laskorain ikastolak erosi egin zituen alokairuan zituen seminarioko instalakuntzak. 2010ean egurrezko eraikin berria egin zuen frontoia zen tokian. 2015ean seminario zaharreko eraikina guztiz berritu zuen, 2013ko Kilometroak festan lortutako laguntzari esker. Aldi batean parrokiako lokal batzuk ere erabili izan ditu ikastolak.

2019ko ekainean parrokia izateari utzi zion, aktibitatea asko gutxitu zelako, bost apaiz bakarrik gelditzen zirela. Sakramentinoen bokazio berriak Afrikan eta Asian sortu dira. Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak eman zuen agur meza. Azken hamabost urteetan Juan Otaegi lasartearra izan zen parrokoa. Azken meza sakramentinoen elizan 2021eko urrian eman zuten. 2023an irailetik abendura Abegi etxea sakramentinoetan egon zen bere zerbitzua ematen apaizen etxean, Alde Zaharrekoa obretan ari zen bitartean. Hori izan da bere azken zerbitzua. Oraingoz.

Orain salgai daude webgune batean Sakramentinoen eliza, apaizen etxea eta parrokiako lokalak, guztira 3.200 m2 eta 3.300 m2ko lurrak, 1.850.000 euroan hezkuntza, kultura, gizarte edo osasun alorretan erabili ahal izateko.

Sakramentinoak Berazubitik begiratuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!