Yolanda Arrieta, Galtzaundiren apirileko solasaldi literarioan

Ataria 2025eko apirilaren 15a

Yolanda Arrieta, Ahoz Aho Jaialdian, Urrezko Kalabaza jaso zuen unean. JON MIRANDA

Hilaren 30ean izango da saioa, 19:00etan, Galtzaundiren Tolosako egoitza berrian; idazle etxebarritarrak 'Etxe bat norberarena' eleberriaren inguruan hitz egingo du.

Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak apirilaren 30ean egingo du Tertulia Literarioko hurrengo saioa. Galtzaundiren egoitza berrian (Plaza Berria, 1) izango da, 19:00etan, eta Yolanda Arrieta idazle etxebarritarra bertaratuko da, Etxe bat norberarena eleberriaren inguruan hitz egitera. Yurre Ugartek dinamizatuko du saioa.

Duela gutxi, ibilbide oso bati aitortza egiteko Urrezko Kalabaza jaso zuen Arrietak –irudian– Ahoz Aho Jaialdiaren amaiera ekitaldian.

Hona hemen eleberriaren sinopsia: Habiaren babesa. Bake operatzailea. Aukerako ohikotasuna. Nondik-abiatu berri bat. Nora-itzuli atsegin bat. Ezeren faltarik ez. Dena bertan. “Virginia Woolf-en gela bat norberarena «denen onerako» gela bilakatu da: arropak zintzilikatzeko barrunbe, lekurik ez dutenen biltegi, gonbidatuentzako logela edota guztiak batera. Horrexegatik, andre idazleak etxe bat nahi du. Bere gogotik aritzeko etxe bat. Bere zahartzaroari opatzeko etxe bat. Liburu hau da Yolanda Arrietak etxe horri eskaintzen dion epopeia egunerokoa”.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!