300dik gora izen-emate eskaera, Tolosako udaleku irekietarako

Ataria 2025eko apirilaren 14a

Aratz Irigarai Loiri Aisialdia eta Kirola enpresako ordezkaria, Aitor Agirresarobe udaleko zinegotzia eta Nerea Cereceda gazteria teknikaria, udaleku irekien aurkezpenean.

Guztiak aztertu eta egiaztatuta, 294k betetzen dituzte baldintzak eta horiek guztiek eskuratu dute plaza; orain, behin betiko izen-ematea egin beharko dute, dagokion dokumentazioa aurkeztuta, apirilaren 28tik maiatzaren 8ra bitarte.

Tolosako Udalak pasa den martxoaren 26an eman zuen Tolosan lehen aldiz udaleku irekiak egingo zirenaren berri. Bada, nabarmendu duenez, «arrakastaz» itxi dute udaleku horietarako aurretiazko izen-ematea: 300 haur eta gaztetxok baino gehiagok egin dute eskaera. Guztiak aztertu eta egiaztatuta, 294k betetzen dituzte ezarritako baldintzak eta horiek guztiek eskuratu dute plaza, behin-behinean. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak ikusgai daude Tolosa.eus webgunean; era berean, gazteen gurasoei edo tutoreei SMS eta posta elektronikoz jakinarazi zaizkie emaitzak.

Orain, behin betiko izen-ematea egin beharko dute onartutakoek. Kasu honetan, dokumentazio osagarria aurkeztu beharko dute. Apirilaren 28tik maiatzaren 8ra egin ahal izango dute, hiru bide hauetako bat erabilita: online, udaleko webguneko egoitza elektronikoan, tramiteen atarian –BakQ-a beharrezkoa da–; presentzialki, Udaten –astelehenetik asteazkenera, 07:15-14:15; ostegunak, 07:15-19:00; ostiralak, 08:15-14:15–; edo kultur etxean –astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara–. Udalekuen inguruko informazio guztia eta oinarriak udalaren webgunean kontsultatu daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!