Tolosako Udalak udako udaleku irekiak antolatu ditu, lehen aldiz. 2024. urteko parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan, herritarren aldetik bozka gehien jaso zituen proposamenen artean zegoen. Horrez gain, udaleko gazteria sailaren Tolosako Haur, Nerabe eta Gazteen Diagnostiko eta Ekintza Planak ere udalekuen beharra biltzen zuen. Bada, lanketa amaituta, aurtengo eskaintza aurkeztu dute. ‘Udan, denok elkarrekin’ lelopean, Tolosan erroldatutako 6 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek (2011 eta 2019 urteen artean jaiotakoek) aukera izango dute abenturaz betetako uda igarotzeko, euskaraz.
Lau asterako eskaintza izango da, ekainaren 30etik uztailaren 24ra. Bi multzotan banatuko dira udalekuak, adin-tarteen arabera: 6-10 urte (2015-2019) eta 11-14 urte (2011-2014). Talde bakoitzean 150 haurrentzako lekua izango da; %5a, hau da, 15 plaza, gutxienez %33ko desgaitasuna edota ofizialki aitortutako mendetasun-gradua duten gazteentzat gordeko dute, betiere, EAEko hezkuntza sisteman matrikulatuta badaude edota jarduera-egun horietan parte hartzeko ezintasunik ez badute.
Udalekuak asteka banatu dituzte, eta nahi adina asterako eman ahal izango da izena. Lekuak esleitzerakoan, baina, lehentasuna izango dute lau asterako aukeraren alde egiten dutenek. Hauek dira datak:
- 1. astea: ekainak 30-uztailak 4
- 2. astea: uztailak 7-11
- 3. astea: uztailak 14-18
- 4. astea: uztailak 21-24
Eskaintza eta ordutegiak desberdinak izango dira, adin-tartearen arabera. 6-10 urte bitartekoen kasuan, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30erako ordutegia izango dute. Egingo dituzten jardueren artean daude, besteak beste, eskulangintza, sukaldaritza, musika eta dantza, zientziarekin lotutako jarduerak, ur-jolasak edota txangoak. Haurrek San Fermin txiki eguna ospatuko dute eta txotxongiloen munduan murgiltzeko aukera izango dute.
11 eta 14 urte arteko gaztetxoek, berriz, ordutegi bera izango dute astelehen, asteazken eta ostiraletan. Astearte eta ostegunetan, aldiz, irteerak egingo dituzte eta 16:30ak arte luzatuko da ordutegia. Abenturarekin lotutako jarduerak izango dira nagusi, hala nola, piraguismoa, eskalada, naturan esplorazioa, herri-kirolak edo orientazioa, baita adierazpen artistikoekin edota gastronomiarekin lotutakoak ere.
Zaintza-zerbitzua ere eskainiko dute, kultur etxean, udalekua hasi baino ordubete lehenago hasiko da, eta 14:30ak arte luzatuko da. Egun osoko jarduerak izango diren egunetan, jarduera amaitutakoan zerbitzua ez da eskainiko. Izena ematerako orduan zehaztu beharko da zerbitzu horren beharra.
Izen-ematea, asteartetik aurrera
Apirilaren 1ean, datorren asteartean, zabalduko dute izen-emate epea. Lehenik, aurretiko izen-ematearen txanda izango da, hilaren 10era bitarte. Bi modutara egin ahal izango da: online, esteka honetan, edo presentzialki, kultur etxean –astelehenetik ostiralera, 10:00-13:00 edo 17:00-19:00–. Ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko, eta ez da BakQ txartelik edo identifikazio elektronikorik behar.
Leku kopurua baino eskaera gehiago egongo balira, zozketa bidez esleituko dituzte. Zozketa egin behar izatekotan, apirilaren 11n egingo dute, eta jarraian jarriko dituzte ikusgai zerrendak. Posta elektroniko eta SMS bidez ere jakinaraziko dute zozketaren emaitza.
Ondoren, lekua eskuratzen dutenek, behin betiko izen-ematea egin beharko dute, apirilaren 28tik maiatzaren 8ra bitartean. Kasu horretan, bai, dokumentazio osagarria aurkeztu beharko dute; horretarako, BakQ txartela egitea gomendatu dute. Hiru bide izango dira: egoitza elektronikoan, Udaten eta kultur etxean. Behin betiko izen-ematea amaitzen denean tokirik balego, hutsik daudenak erreserban daudenei esleitzeko prozedura jarriko dute martxan.
Prezioak eta baldintzak
Ordaindu beharreko prezio publikoa, hautatutako aste kopuruaren araberakoa izango da: astebeterako, 25 euro; bi asterako, 45 euro; hirurako, 65 euro; eta lau asteak egin nahi dituztenek, 85 euro ordaindu beharko dute. Prezioan hobariak ere aplikatu ahal izango dira, baldintzen arabera. Ordainketa kuota bakarrean egingo da, ekainaren 15etik 30era.
Informazio gehiago eta baldintza guztiak Udala.tolosa.eus/udalekuak-2025 orrialdean kontsultatu daitezke. Gazteria Sailarekin harremanetan jarri nahi dutenek, 943 670 383 telefonora deitu edo gazteria@tolosa.eus helbidera idatzi behar dute. Horrez gain, plaza lortzen duten haurren familiekin bilera informatiboak egingo dira, ekainaren 1etik 15era bitartean.
Nerabeentzako auzolandegiak
Iaz egin bezala, 14 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako auzolandegien eskaintza ere prestatuko du udalak aurten. Kasu honetan, auzolandegi itxiak izango dira, hau da, lekuan bertan igaroko dituzte gauak. Uztailan izango dira, eta 14 lagunentzako bi txanda egongo dira, iazko planteamendu berarekin: ondare-arkeologikoarekin lanketa eta abenturarekin lotutako jarduerak uztartzea. Aurki emango ditu udalak xehetasun guztiak.