Elkarrizketa

«Ura gure altxorra eta gure urrea da; ez gara ohartzen akuiferoek duten balioaz»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mar. 18a, 07:58

Lurpea Garbi elkarteak sustatuta, Alex Txikon alpinista bizkaitarrak eta Sergio Garcia espeleologo eta arkeologo andaluziarrak Zaborra, gailurretik lurrazpira hitzaldi-solasaldia egingo dute gaur, Leidorren, 19:30ean hasita.

Autoetako bateriak, pilak, beirazko botilak, sokak, plastikozko ontziak, elikagaien latak, kanpin denden olanak, arropa edota zapatak. Horiek eta hondakin gehiago topatu daitezke lurreko gailur altuenen kanpamentu nagusietan edota lurrazpiko akuiferoetan. Gizakien presentziak zabortegi bilakatu ditu planetan ditugun aparteko leku horiek. Kiloak eta kiloak daude, urte, hamarkada edota mende luzez bertan iraun dezaketenak.

Horretaz guztiaz kontzientzia pizteko, Lurpea Garbi elkarteak sustatuta, Alex Txikon alpinista bizkaitarrak eta Sergio Garcia espeleologo eta arkeologo andaluziarrak Zaborra, gailurretik lurrazpira hitzaldi-solasaldia egingo dute gaur, Leidorren, 19:30ean hasita.

Zeren inguruan hitz egingo duzue, gaur, Leidorren?

Guk gure esperientziatik hitz egingo dugu, hau da, mendietan eta lurrazpian nolako zikinkeria dagoen kontatuko dugu. Jasangarritasunaz, naturarekiko dugun arduraz eta kezkaz, eta etorkizunari begira ditugun erronkez ere ariko gara. Hala ere, Lurpea Garbiko kideak Tolosaldean egiten ari diren lanari babesa ematea izango da garrantzitsuena.

Zein izango da helburua?

Batez ere, Gipuzkoan bertan egiten hasi ziren eta oraindik egiten ari diren lana ikusarazi eta nolako garrantzia duen nabarmentzea. Azken hamarkadetan zikinkeria ugari pilatu da lurrazpiko akuiferoetan, eta lan handia egin da garbiketan, baita ikerkuntzan ere. Ezinbestekoa da hori herritarren artean zabaltzea, gazteei eta ez hain gazteei, ingurumena zaintzeaz kontzientzia pizteko.

Zergatik da garrantzitsua gisa honetako solasaldiak egitea?

Ezinbestekoa da aipatutako mezu horiek zabaltzea. Inolako eredu garbirik ez duen gizartean bizi gara, ezer argirik ez duena. Eskubide ugari ditugu, baina uste dut beharrezkoa dela konpromiso handiagoa hartzea.

Nabarmentzekoa da Sergio Garciaren presentzia, ezta?

Eminentzia bat da mundu mailan. Ohore bat izango da berarekin oholtza partekatzea. Oso garrantzitsua da bertako norbait egoteaz gain, mundu mailako ikuspegia duen norbaitek ere bere esperientzia kontatzea. Esperientzia handia du, ezagutza teknikoaren jabe da, eta asko aberastuko du solasaldia.

Nolako kontzientzia dago gizartean mendian edo lurrazpian uzten dugun zaborraren inguruan?

Mendian, egon litekeena baina txikiagoa. Lurrazpian, inpaktu bisuala askoz txikiagoa da, eta kobatan sartzen diren espeleologoei, teknikariei edo espeleologia zaleei soilik eragiten die. Mendian, zoritxarrez, jende gehiago ibiltzen da.

Zoritxarrez diot, espeleologiarekin alderatzen badugu. Izan ere, espeleologoek sekulako lana egiten dute, oso interesgarria. Eta une honetan ez daukat daturik, baina esango nuke federatu kopuruak behera egin duela. Garai hobeak bizi izan ditu, baina espero dut etorkizunean zaletasuna handitzea eta kopuruak gora egitea. Ura gure altxorra eta gure urrea da; ez gara ohartzen akuiferoek duten balioaz.

Horrenbesterainokoa al da arazoa?

Ni ez naiz aditua horretan, eta Sergiok berak hitz egingo du horren inguruan. Hala ere, aurreikuspenak ikusita, eta munduan populazioa gora egiten ari dela jakinik, ura, oro har, geroz eta kutsatuagoa dago. Uraren birziklapenari dagokionez, egiten den guztia eginda ere, gutxi da. Planeta osoan eragina duen gaia izanik, zorroztasun handiagoz lan egitea eskatzen du.

Zer falta da gizartean egoera aldatzen hasteko?

Denetik falta da. Gizarte eragileek bultzada bat eman behar dute, hala nola, erakundeek, federazioek eta mendi taldeek; baita norbanako mendizaleek ere. Erantzukizuna denona da.

Zaborrak ez botatzeko esatea, gero hori egitea baino errazagoa izango da, askorentzat.

Esaera bat bada: Gaur hitza eman, bihar haizeak eraman. Nire ustez, hitz egitea eta esatea erraza da, baina gero egitea zailagoa izaten da. Hala ere, irudipena daukat pausoak ematen ari garela, eta aldaketarako bidean goazela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!