Nazio Batuen Asanblada Orokorrak, 1993ko abenduaren 22an onartu zuen martxoaren 22an Uraren Mundu Eguna ospatzeko akordioa. Hori dela eta, egun horren inguruan Tolosako Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak hainbat ekintza antolatzen dituzte urtero. Aurten, hiru jarduera izango dira: Oria ibaiaren urteroko garbiketa, zaborraren inguruko solasaldia eta klima-aldaketaren arazoaz ohartarazteko argien itzaltzea.
Martxoaren 17an, 18an eta 19an –astelehenetik asteazkenera– Tolosako hiru ikastetxeetako DBHko 225 ikasle inguruk Oria ibaiaren garbiketari ekingo diote, irakasleen laguntzaz. Horrela, haizeak eta urak garraiatzen dituzten eta ibaiertzean gelditzen diren plastikoak garbituko dituzte. Izan ere, ibaiertzaren eta uraren ekosistema arriskuan jartzen dituzte. Hiru eremutan egingo dituzte garbiketa lanak: kiroldegiaren inguruan (Araxes Oriarekin elkartzen den zatian); Iurramendi pasealekutik Berazubiko zubirainoko tartean; eta Santa Maria Elizaren atzealdean.
'Zaborra, gailurretik lurrazpira'
Gainera, hilaren 18an, Leidor aretoan hitzaldi-solasaldi berezi bat antolatu du udalak, Lurpea Garbi elkarteak sustatuta: Zaborra, gailurretik lurrazpira. 19:30ean hasiko da, eta Alex Txikon eta Sergio Garcia arituko dira hizlari. Txikon, bizkaitar alpinista, aizkolaria eta, oro har, kirolaria da, Himalaya mendikatean hainbat espediziotan parte hartu duena. Garcia, aldiz, espeleologoa eta Arkeologian doktorea da, eta munduko errekorra du lur azpiko jaitsieran: 2.000 metro. Edurne Ayusok gidatutako saioan zaborraren presentzia izango dute hizpide, munduko puntu altuenetik lurrazpiko puntu baxueneraino. Gainera, Lurpea Garbiko kideek, Tolosaldean egin berri duten puntu beltzen katalogoaren emaitzen berri emango dute.
Planetaren Ordua
Azkenik, martxoaren 22an, larunbata, Planetaren Ordua ospatuko da. Keinu sinboliko gisa jaio zen, eta klima-aldaketaren arazoaz ohartarazteko mugimendu globala da. Argiak ordubetez itzaltzean datza, 20:30etik 21:30era, klima-aldaketa eta biodibertsitatearen galera gelditzeko beharra aldarrikatzeko. Gaur egun, ia 200 herrialdetan milioika pertsona mobilizatzen ditu. Udalak bat egingo du mugimenduarekin, eraikin publikoetako argiak itzaliz. Hain zuzen ere, Pablo Gorosabel eraikina, kultur etxea, udaletxea, Aranburu Jauregia, Santa Maria eliza, Zerkausia eta Euskaldun berriaren zubia itzaliko dituzte. Era berean, herritarrak animatu nahi ditu ekimen honekin bat egitera.