Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1993ko abenduaren 22an onartu zuen martxoaren 22an Uraren Mundu Eguna ospatzeko akordioa. Hori dela eta, egun horren inguruan Tolosako Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak hainbat ekintza antolatzen dituzte urtero. Aurten, hiru jarduera izango dira. Horietako bat da Oria ibaiaren urteroko garbiketa.
Gaur hasi eta asteazkenera arte, Tolosako hiru ikastetxeetako DBHko ia 300 ikasle Oria ibaia garbitzen ari dira. Horrela, haizeak eta urak garraiatzen dituzten eta ibaiertzean gelditzen diren plastikoak jasotzen dihardute egunotan, izan ere, ibaiertzaren eta uraren ekosistema arriskuan jartzen dituzte. Gaur, Laskorain Ikastolako 104 ikasle, Usabal kiroldegiaren eta Iurramendi pasealekuaren inguruan aritu dira. Bihar, Orixe BHI-ko 105 ikasle, SAM-eko zubitik Berazubi auzorainoko tartean ariko dira. Azkenik, etzi, Herrikide ikastetxeko 84 ikaslek Andre Maria elizaren atzealdeko eremuan egingo dituzte garbiketa lanak.