ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Tolosako hiltegiko langileek beste elkarretaratze bat egin dute, gaur, udaletxe aurrean. Otsailaren 24tik greba mugagabean daude –18. greba eguna dute gaurkoa–; asteartean egin zuten aurreko elkarretaratzea, toki berean. Bada, gaur, inguruko abeltzainak eta harakinak batu dira mobilizaziora, langileei «babesa» eman asmoz.
ELA-k esan duenez, «tamalez, oraindik, Industrias Carnicas del Oriak –enpresa kudeatzailea– ez ditu zor dituen soldatak ordaindu. Bestalde, sindikatuak adierazi du Tolosaldeako Mankomunitateak esan zuela Industrias Carnicas del Oriari lizitazioa probisionalki eten eta kontu hartzaile bat jarriko zuela, egoera zuzentzeko asmoz. «Berri horrek langileak poztu bazituen ere, gaur gaurkoz oraindik ez da kontu hartzailea izendatu». Ondorioz, «egoera luzatzen» ari dela salatzen dute langileek.
Sindikatutik aurreratu dute, egoera aldatu ezean, langileek elkarretaratzeak egiten jarraituko dutela. «Bihar berriro elkartuko gara, hurrengo astean ere mobilizatzeko egutegi bat antolatzeko».