Hiltegia itxita eta grebak aurrera jarraitzen du

Ataria 2025eko martxoaren 11

Tolosako hiltegiko langileek «egoeraren ardura har dezala» eta «zerbitzua publifikatzea» eskatu diote Tolosako Hiltegi Mankomunitateari.

Hamaseigarren greba eguna dute Tolosako hiltegiko langileek, eta goizean, Tolosako udaletxearen aurrean elkartu dira egungo egoera «jasangaitza» dela salatzeko. Izan ere, langileak hiru hilabete daramatzate soldatarik kobratu gabe. Hori dela eta, ELA sindikatuak greba mugagabea egitera deitu zuen pasaden otsailaren 24an, eta geroztik, hiltegia itxita dago.

ELA sindikatuak bere aldetik, gogoratu du zerbitzu publikoa dela, nahiz eta enpresa kudeatzailea –Industrias Carnicas del Oria– pribatua izan, eta ELAk ere erantzukizunak eskatu dizkio Tolosako Hiltegi Mankomunitateari. Izan ere, denbora daramate hiltegiaren «kudeaketa eskasa» salatzen, «zerbitzuaren pribatizazioaren ondorioz». Horregatik, Hiltegi Mankomunitateari egoeraren ardura har dezala eskatu diote, eta zerbitzua publiko egin dezatela.

Pasa den otsailaren 26an, Hiltegi Mankomunitateko kideekin bildu ziren langileak. Bilera hartan Mankomunitateak behin-behineko kontu-hartzaile baten bidez gatazkan esku hartuko zuela esan bazuen ere, kontu-hartzailea oraindik ez dela izendatu jakinarazi du ELAk, «eta langileak soldatarik jaso gabe jarraitzen dute».

Gauzak horrela, greba mugagabeak eta mobilizazioek jarraituko dutela ohartarazi dute. Hala, ostegunean, elkarretaratzea egingo dute berriro, 09:30ean, Tolosako udaletxearen aurrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!