Hasi da 15. Tolosako Mendi Tour jaialdia. Atzo eman zitzaion hasiera eta bertaratutako mendizale eta zinemazaleek hiru ikus-entzunezkoz gozatu ahal izan zuten. Eskalada eta alpinismoa izan ziren gai nagusiak, eta tartean, 2024ko Mendi Film zinemaldiko gidoi onenaren saria eskuratu zuen L'età sperimentale lana ikusi ahal izan zen. Iñaki Pakea ibartarra ere gogoan izan zuten, eta txalo zaparrada eskaini zioten. Gaur eta bihar izango du jarraipena jaialdiak; iragan abenduan BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian parte hartu zuten lanak ari dira proiektatzen egunotan.
Gaur, esaterako, askotariko gaiak jorratzen dituzten lanak proiektatuko dituzte. Batetik, alpinismoa eta transexualitatea uztartzen dituen eta 2024ko Mendi Filmeko film labur onena izan zen Jamie; bestetik, trail running eta klima aldaketari buruz hitz egiten duen Always alife; eta azkenik, eskalada eta elkartasuna jorratzen dituen eta 2024ko Mendi Filmeko kirol eta abentura film onena izan zen Andrea, an unpaved route.
Eta biharko egitarauari erreparatuta, aurten ikusmin handiena sortu duen lana ageri da: Peligro. No asomarse. Oreka Tolosa taldeak, 2024ko Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso ondoren gauzatu ahal izan zuen proiektua da, Nerbioiko ur-jauzian egindako 850 metroko luzerako eta 300 metroko altuerako highline soka ezarri eta hura gurutzatzeko egindako lana kontatzen duen dokumentala, Dani Cascales Granadosek zuzendua. Euskal Herrian inoiz egin den highline luzeena da. «Dokumental zoragarria da, harrera bikaina izaten ari dena, ikusle guztiak zoratzen ari baita Mendi Tour jaialdia egiten ari garen herri guztietan. Eta espero dugu Tolosan ere hala izatea», adierazi zuen Jabier Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendariak jaialdiaren aurkezpenean.
Tolosarren dokumentalarekin batera, beste bi lan ere proiektatuko dituzte. Batetik, Janire Etxabe bizkaitarrak lau urtetan zehar Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza lerro bertikalak erakusten dituen Haize lerroak; eta bestetik, De Le Rue eskiatzaile familiak Antartikara egindako bidaia kontatzen duen eta 2024ko Mendi Film zinemaldian argazkilaritza onenaren saria eskuratu zuen Of a lifetime.
Bekarik gabe, «ezinezkoa»
Oreka Tolosakoentzat «proiekzio berezia» izango da, lehen aldiz erakutsiko baitute dokumentala herrian. Duela bost urte sortu zuten, eta bertako kideetako bat da Eusebi Hidalgo tolosarra. Jaialdiaren aurkezpenean azaldu zuenez, orain arte egin duten «proiekturik handiena» da: «Arriskuak hartuz, paisaia epiko batean egin dugu, kirolari guztientzat oso erakargarria. Ia astebete igaro genuen dena muntatzen, gero bi egunetan soka gainean aritu eta ahalik eta irudi gehien hartzeko».
Beka lortu ezean, dokumentala egitea «ezinezkoa» izango zela aitortu zuen Hidalgok aurkezpenean. «Sekulako ilusioa egiten digu guk gehien maite dugun jarduera dokumental batean erakusteak, baina are gehiago, Tolosara ekarri eta ingurukoei eta herritarrei erakusteak. Hunkitu egingo gara, negar egingo dugu, eta poztu ere, poztuko gara. Highline mundua ezagutarazteko aukera izango dute bertaratzen direnek», azaldu zuen.
Baraiazarrak aurkezpenean nabarmendu zuenez, dokumentalak ez du bakarrik «edertasuna eta zailtasuna» erakusten: «Atzetik dagoen lana ere ezagutu ahal izango da». Hidalgok, anaia Mario goraipatu zuen aurretiazko zereginez hitz egitean. «Hau ez litzateke posible izango logistika aldetik egin zuen lanagatik ez balitz». Jarduera bera «nahiko berria» denez, baimenak lortzeko prozesua «luzea» izan zela gaineratu zuen tolosarrak.