Trafikoan eta autobus geltokietan aldaketak iragarri dituzte inauterietan

Ataria 2025ko ots. 26a, 10:23

Trafikoan zein aldaketa egingo diren eman du ezagutzera Tolosako Udaltzaingoak. Inauterietan garraio publikoko zerbitzu bereziak izango dira.

Inauteriak irauten duen bitartean trafiko aldaketak izango dira Tolosan. Ostegunetik larunbatera, itxiera puntualak izango dituzte erdigunean; igandetik asteartera, aldiz, itxiera erabatekoa izango da. Kale horietan garajea dutenek soilik sartu ahal izango dute itxitako guneetara, Udaltzaingoak adierazitako sarbide edo orduetan.

  • Ostegun Gizena, otsailak 27
    • Rondilla kalea 12:00etan moztuko da erabat, hurrengo eguneko goizera arte. Soilik garajeetarako sarrera baimenduko da, Belatetik barrena. Kalean ezingo da aparkatu. San Frantzisko pasealekuan ere ezingo da aparkatu.
  • Ostiral mehea, otsailak 28
    • Rondilla kaleko trafikoa irekiko da, gutxi gora behera, 09:30ean, garbiketa zerbitzuak lanak amaitu bezain pronto.
  • Zaldunita bezpera, martxoak 1
    • Rondilla kalean trafikoa baimenduko da 14:00 arte. Ordutik aurrera, berriro guztiz itxiko da musika eskola parean, inauteriak amaitu arte. Asteazkenean, garbitzaileen lanak amaitu ostean irekiko da, aurreikuspenen arabera 10:00ak aldera.
  • Zaldunita, Astelenita eta Asteartita, martxoak 2-4
    • Erdiguneko trafikoa guztiz itxiko da 12 puntutan: Arrameleko biribilgunea, Gorriti plaza, Jesusen Zerbitzariak, Rondilla kalea, Zumalakarregi pasealekua, Santa Klara, San Joan kalea, San Esteban, SAM zubiko biribilgunea, Zezen-plaza, Suhiltzaileen egoitzaren ondoko biribilgunea eta Iruñea etorbidea. Leku horietan trafiko laguntzaileak izango dira.  Soilik garajeetako sarrera eta irteerak baimenduko dira.

Hausterre egunean, garbiketa zerbitzuak lan guztiak amaitu bezain laster zabalduko da trafikoa. Gutxi gora behera 10:00etan izan daitekeela aurreikusi dute, nahiz eta momentuko beharren arabera aurreratu edo atzeratu daitekeen. Ordu horretatik aurrera, garraio publikoko geltokiak ohiko kokalekuetara itzuliko dira.

Geltoki aldaketak

Garraio publikoari dagokionez, Tolosa erdialdeko autobus geltokiak bertan behera geratuko dira, ostegunetik jaiak amaitu bitarte –Hausterre eguneko 10:00 arte–. Autobus geltokiak Santa Klarakoa eta Kondeaneko aldaparen hasierakoa izango dira. Udaltzaingoak oharrak jarriko ditu markesina guztietan aldaketen berri emanaz.

Hiribusaren kasuan egunero kanpoaldetik egingo du ibilbidea Santa Klaratik abiatuta: Ostegunetik larunbatera, Foru kaletik San Frantzisko pasealekura joango da. Aldiz, igandetik aurrera, Kondeaneko aldapatik gora egingo du ibilbidea eta handik Usabal kiroldegira joango da.

Inauterietan Tolosara iristeko hamaika aukera izango direla jakinarazi dute. Udalak garraio publikoa erabiltzeko deia egin die herritarrei eta ordutegien berri emateko lotura bat zabaldu du bere webgunean.

Tolosako Erdiguneko geltokia (apeaderoa) itxita egongo da gauez eta trena, soilik, Tolosa geltokitik aterako da. Ohiko zerbitzuak indartzeaz gainera, igande, astelehen eta asteartean gaueko tren bereziak jarriko dituzte: Brinkolarako noranzkoan –01:30, 03:30 eta 05:32–, Irunerako noranzkoan –01:20, 02:20 eta 03:30– eta Lezo Errenteria noranzkoan –04:00 eta 05:10–.

Autobus zerbitzu bereziak

Lurraldebusek ere gaueko zerbitzu berezia jarriko du ostegunean, larunbatean, igandean eta astelehenean, ondorengo lineatan, Santa Klarako geltokitik abiatuta:

  • TO41G –Tolosa, Ikaztegieta, Amezketa, Abaltzisketa–
    • Tolosa: 23:30 - 01:00 - 02:30
    • Abaltzisketa: 23:55 - 01:25 - 05:55
  • TO42G –Tolosa, Ibarra, Berrobi, Elduain, Berastegi–
    • Tolosa: 00:15 - 01:45 - 03:15
    • Berastegi: 00:35 - 02:05 - 03:35
  • TO47G –Tolosa, Anoeta, Irura, Villabona, Zizurkil, Asteasu–
    • Tolosa: 00:00 - 01:00 02:00 - 03:00 - 04:00
    • Asteasu: 00:30 - 01:30 - 02:30 - 03:30 - 04:30

Bestalde, inauteriak direla eta, igandeko ohiko ordutegiaz gain, Zaldunita egunean BU07 eta BU08 lineek zerbitzu bereziak izango dituzte: 11:20etik 19:20era orduero aterako dira Donostiatik Tolosara herriz herri doazen autobusak; eta orduero 10:30etik 18:30era, berriz, Donostiatik Tolosara zuzenean datozenak. Zaldunita egunean Tolosatik Donostiara 17:40ean, 18:40ean eta 19:40ean itzuliko dira autobusak zuzenean.

Ostiral, larunbat eta astelehen gauean, berriz, 23:30etik 05:30era 60 minutuz behin aterako dira autobusak Donostiara Kondeaneko aldapako geltokitik. Donostiatik Tolosara etortzeko autobusak  23:30ean aterako dira Askatasunaren hiribidetik, 05:30 arte larunbatean eta 04:30 arte astelehenean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!