Inauterietako Ekintza eta Segurtasun Planaren nondik norakoak jakitera eman asmoz, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Bingen Zupiriarekin bildu zen atzo. Alkateak «herritar guztien ongizatea lehenesten duten jokabideak» eskatu dizkio sailburuari, iazko gertakari larriak ekidite aldera. «Egun batzuk atzera, indarrak delituen prebentzioan eta herritarren babesean jartzeko eskatu nion sailburuari, idatziz. Orain aurrez aurre egiteko aukera izan dut. Jai egunetan kaleak jendez lepo egoten dira Tolosan. Hori dela eta, arazoak bideratu behar izatekotan, neurriko esku-hartzeak egin behar dira, onurak kalteak baino handiagoak izan daitezen. Iazkoa bezalako egoerak ekidin egin beharko lirateke, ondorio larririk ez izateko. Azken batean, guztion nahi eta desio bakarra festak giro onean eta bakean pasatzea da; gozatzea, alegia», azaldu du Martinez de Rituertok.
Zupiriak, bere aldetik, nabarmendu du Ertzaintzak herritarren segurtasuna zainduko duela Tolosako inauterietan: «Ertzaintzak lan egingo du Tolosako bizilagunen eta inauterietan Tolosara festa jendetsu hau bizitzera hurbiltzen diren bisitarien segurtasuna bermatzeko. Urtero egiten den moduan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak inauterietarako plangintza prestatu dutela adierazi du Zupiriak. Dena den, jai giroan «zenbait gauza» gertatzea posible dela onartu du. Zentzu horretan, esan du Ertzaintzaren eginkizunik nagusienetako bat dela baldintzak sortzea ahalik eta delitu gutxien egon dadin. Horretarako, oso garrantzitsutzat jo du Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren koordinazioa, eta euren arteko lankidetza «oso ona» dela nabarmendu du. Herritar guztiei mezua ere bidali die Barne Sailburuak, bere ustez, segurtasuna «guztion kontua» delako: «denon esku dago gure jokabideak ahalik eta egokienak izatea». Zupiriak gaineratu du espero duela «ezerk ez oztopatzea Tolosako inauterietako giro ona».
Segurtasuna bermatzeko eta delituak ekiditeko zerbitzua indartuko da
Tolosako Udalak azaldu duenez, Udaltzaingoak zerbitzua indartuko du Inauterietan eta udaltzainek azpimarra berezia jarriko dute delituak ekiditeko, herritarren segurtasuna bermatzeko eta trafikoa modu egokian bideratzeko lanetan. Helburu horrekin osatu da Inauterietarako Ekintza eta Segurtasun Plana. Dokumentu hori izango da udal departamentuen eta gainerako erakundeen arteko koordinazio eraginkorrerako oinarria.
Planean jasota dauden prebentzio lanen artean daude, besteak beste, lapurretak, droga trafikoa, lesio delituak, jende pilaketek sortutako arrisku egoerak, sexu erasoak, adin txikikoei alkoholaren salmenta edota baimenik gabeko kale salmentako postuak ekiditeko ekintzak, baita ordutegi eta zarataren kontrola gauzatzeko jarraibideak ere.
Laguntza ere eskainiko du udaltzaingoak, etxeratze orduetan gune zaurgarrienetan kontrola areagotuz, edota lanean dabiltzan garbiketako langileak babestuz, eta zenbait kolektiborekin –tabernak, merkatariak, garbiketa, puntu moreak…– koordinaziorako taldeak sortuko dira.
Gainera, arreta areagotzeko, eta herritarrei erdigunean erreferentziazko puntu bat emateko, igandetik asteartera, gaueko gune egonkorra izango du Udaltzaingoak. Trianguloa plazan egongo da gunea, eta 24 orduko telefono bidezko arreta ere emango du, 943 67 58 58 telefono zenbakian.